“Euskaratik egindako historian desberdinak dira erreferenteak”

“Euskaratik egindako historian desberdinak dira erreferenteak”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Martxoan Tretatxu bandoleroari buruzko liburu bat kaleratu ondoren, ezkutuan egon diren Bilboko historiako pasarteekin osatu du liburu berria Hektor Ortegak (Bilbo, 1966): Gomutan, Bilboko historiaren atal ezezagunak. Ezustean sortu dela dio; Bilbo Hiria irratian kontatu dituenak liburuan biltzeko proposatu ziotela, eta horrela ondu duela lana. Ane Pikazaren ilustrazioek aberastu eta Bilbo Artek apaindu duen liburua “oso polita” geratu dela eta, gustura dago emaitzarekin.

Gomutan izena du kaleratu berri duzun liburuak. Zeren gomutan?

Berez, Bilboko historian gertatu diren gauzak gomutara ekartzeko ahalegina da. Baina atentzioa eman didaten gaiak edo bilatu ditudanak ezezagunak dira, ez daude oso zabalduta edo gutxi ikertu dira. Beraz, badute hori irakurle gehienentzat: ezezagun direla, edo sorpresaren bat behintzat ekarri ahal dietela. Bilboko historiaren pasarteak gomutara ekartzeko saioa da, baina zeozer berria emateko asmoarekin.

Liburuaren sarreran diozu historia liburuetan lerrorik merezi izan ez duten uneak eta pertsonaiak bildu dituzula. Zergatik ez dute merezi izan lerrorik?

Arrazoi asko daude. Batzuek esaten dute historia garaileek idazten dutela. Horrela izaten da, zoritxarrez, eta galtzaile asko dago. Herritar gehienok gatoz galtzaileen esparru horretatik, eta hor daude gure historiarentzat eta guretzat benetan inportanteak diren gauzak. Alde horretatik, historia ofizialak edo gehien zabaldu diren kontakizunek, gehienetan, bazterrean utzi dituzte langileak, bazterrean utzi dituzte baserritarrak, eta, jakina, bazterrean utzi dituzte emakumeak, aurreko bi atal horietan ere sartzen direnak. Bazterrean utzi dute euskara, eta bazterrean utzi dituzte, finean, guretzat ezinbestekoak diren osagai asko. Hortaz, ahalegindu naiz ateratzen nire ustez herritarron iraganean, gure iraganean, guretzat interesgarriak diren gauzak.

Emakumeak aipatu dituzu; halako bilketetan ezohikoa den presentzia dute liburu honetan. Zergatik? Zer emakume mota dira?

Ez da izan nahita. Baina konturatzen zara oharkabean igarotzen diren pertsonaiak, pasarteak eta gertakizunak ikertzen hasten zarenean emakume asko topatzen dituzula. Gero beste gauza bat da emakumeen historia osatzeko zailtasun handiak egoten direla informazio gutxiago dagoelako, ez direlako izen-abizenekin erregistratuta geratzen… Baina gauza bitxiak badira. Bilbon, esaterako, 1700. urtera arte elizen zaintzaren ardura serora edo freiren esku zegoen. Badakigu Euskal Herriko herriren batean geratzen direla serorak, baina Bilbon ere hor zeuden Begoñan, Done Jakue elizan… Atal batean jasotzen dut hori. Edo gerrillako kapitaina izan zen Teresa Iturralderen historia. Edo Bizenta Mogel. Euskal literaturaz irakurri duen jende gehienak jakingo du nor den, baina gutxik lotuko dute Bilborekin. Ba, Bizenta Mogel Bilboko oso pertsona ospetsua izan zen, Abandokoa.

Beste gai asko lantzen dira: Bilboren egituraketa, borroka eta matxinadak, euskal mitologia, espioi bati buruzko pasartea… Oso gai diferenteak dira. Zerk harrituko gaitu, adibidez?

Hori norberaren arabera izango da; batzuentzat harrigarriagoa izango dena beste batzuentzat ezagunagoa edo normalagoa izan daiteke. Nik neuk ardoaren gerraren atala nabarmenduko nuke, adibidez; 1934ko euskal sedizioa. Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako udal gehienek egin zuten protesta bat izan zen, baina, protesta hain izan zen gogorra, azkenean udal horiek kargutik kendu baitzituzten eta alkate eta zinegotzi batzuk auzipetu eta zigortu baitzituzten. Horien buru ibili zen Bilbokoa. Bilboko udaletxera sartu zen Polizia udalbatzar bat eragozteko, alkatea ahalegindu zen batzarra egiten, eta, han bertan, Poliziak kargutik kendu zuen. Gero, alkateordeek jarraitu nahi izan zuten, eta berdin egin zuten haiekin. Oso egoera bortitza izan zen, oso bitxia, eta hori Bilboko udaletxean bertan gertatu zen, 1934an. Kataluniakoei sedizio delitua leporatu zietenean pentsatu nuen gu ere halakoetan izan garela. Arakatzen hasi, eta hori aurkitu nuen.

Lana euskaratik egina dela diozu. Euskaratik egina izateak hizkuntza jakin batean idatzia egotea baino gehiago esan nahi du.

Niretzat behintzat, ez da nahikoa euskaraz egotea erdaratik pentsatuta egina badago. Lehen aipatu dugu Bizenta Mogel. Bilbori buruz egin diren liburu gehienek ez dute aipatu ere egiten, baina guretzat inportantea da. Euskaratik begiratzen badiogu munduari, gure erreferentziak diferenteak dira. Euskal mitologia ere bai. Euskal mitologia euskaraz etorri zaigu. Euskaraz jaso diren kontakizunak dira, eta Orozkon eta Zuberoan eta Oñatin batu dituzte. Baina ez gara konturatzen horiek Bilbon ere izan direla. Iñaki Gamindek batu ditu. Guk euskaratik egiten badugu gure historia, gure erreferenteak desberdinak dira, eta gauza batzuk askoz inportanteagoak bilakatzen dira. Eta, niretzat, euskaraz egotea bezain inportantea da euskaratik eginda egotea. Hor dago Jose Larrinaga hiltzailearen exekuzioaren kapitulua ere; asko gustatzen zait. Markina-Etxebarrian oso krimen lazgarria egin zuen: familia oso bat akabatu zuen, XIX. mendean. Hain izan zen zirraragarria, bertsoak ere egin baitzituzten. Bertso horiek kantatuak izan dira, eta ahozko tradizioaren bidez ere heldu dira guregana. Antton Valverdek, Xabier Letek, Oskorrik kantatu dituzte. Tipo hori Bilbon exekutatu zuten. Guretzat inportantea da.

Beste kontu bat sarreran diozuna: iraganari begira, oraina ulertzeko eta etorkizuna helburu eginiko lana dela. Zein da ulertu beharreko ikuspegi hori?

Historia ulertzeko moduarekin dago lotuta hori. Iraganaldia ulertu behar dugu jakiteko gure orainaldia zer den; jakiteko nor garen, non bizi garen, gure gaur egungo ingurua, Bilbo hau, zer den. Eta, ondo ulertzeko, jakin behar dugu nondik datorren, zer gertatu den eta prozesu horiek guztiak zergatik batu diren, orain, puntu honetan. Historialariok, gaur egungoa ezagutzeko, aurrekoa ulertu behar dugu.

Liburua erraz irakurtzekoa da: labur kontatutako berrogei istorio ditu, ezohiko modu batean kontatuak. Horrek badu arrazoi bat: irrati bidez zabaldu dituzun historiak dira.

Egia esan, historia batzuk Berton edo Prest! aldizkarietan agertu ziren lehenago. Bilbo Hiria irratikoek proposatu zidaten halako kapsula txiki batzuk prestatzeko Bilboko historiari buruz Berton-en edo Prest-en egiten nituenen ildotik, baina Bilbo osoari begira. Horrela sortu ziren, eta hau dibulgazio lana da. Arin irakurri edo entzuteko pentsatuta daude; irratia entzuten egongo den entzuleari begira. Lehenengo, amu bat ipini behar duzu interesa pizteko; gero, kokatu behar duzu entzulea entzungo duen historiaren markoan; eta, gero, kontatuko duzu kontatu nahi duzuna.

Bi edo hiru orrialdeko atalak dira liburukoak, askotarikoak gai aldetik, laburrak, eta irakurtzeko errazak eta interesgarriak aldi berean, espero dut.