‘Hiruka’ hedabideak krisi egoera gainditzeko kanpaina abiatu du

‘Hiruka’ hedabideak krisi egoera gainditzeko kanpaina abiatu du

Peru Azpillaga

“Aurreikuspen ekonomikoak ez dira bete, eta Hiruka proiektua, gaur egun, kolokan dago. Hori dela-eta ari gara jendeari laguntza eske: egitasmoa sostengatzeko, Uribe Kostako herritarrei Hirukalagun egin daitezela eskatzen diegu”. Halaxe mintzatu da Unai Brea Hiruka Uribe Kostako hedabideko erredakzioburua. Orain dela lau urte abiatu zuten proiektua, beste bi hedabideren batuketaren bidez: UK aldizkaria paperean soilik argitaratzen zen hamaboskaria eta Ukberri.net hedabide digitala. “Tradizio luzeko bi hedabide horiek elkartzea erabaki genuen, papereko astekari bat atera eta webgune bat izateko, dena Hiruka-ren izenpean”, azaldu du Break.

Gauzak, ordea, ez dira espero bezala garatu. Proiektuak egindako aurreikuspen ekonomiko batzuk ez dira bete, eta krisi egoeran sartu dira. Hiruka aldizkaria Uribe Kosta osoan dohainik banatzen den euskarazko astekari bakarra da. 8.000 ale banatzen dituzte, 450 banaketa puntu ditu, eta eskualdeko hamar herrietan dago presente: Plentzia, Erandio, Leioa, Getxo, Berango, Sopela, Barrika, Urduliz, Gorliz eta Lemoiz. Kooperatiba formatua du, eta abiatu berri duten kanpainaren bidez, eskualdeko herritarrei Hirukalagun bihurtzeko eskatzen diete. Hirukalagunek urtean 35 euroko ekarpen minimo bat egingo diote proiektuari, eta, hala, bere etorkizuna bermatu ahal izango dute. Zu zara giltza lelopean, 333 Hirukalagun lortzeko erronka ezarri dute: “Orain dugun premia ikusita abiatu dugu dinamika, jendeak ekarpen hori egin dezan proiektuarekin aurrera jarraitu ahal izateko”.

Kazetaritza birpentsatzen

Halaber, Break jakinarazi du aurreikuspenak beteta ere 2019tik aurrera aldaketa “sakonak” egin beharko dituztela: “Zoritxarrez, barne birmoldaketa bat egin beharko dugu, eta jende gutxiagok osatutako enpresa bat sortu, martxan jarraitu ahal izateko; orain duguna ez baita bideragarria”. Horrekin batera, produktua bera ere aldatu beharko dutela aurreratu du. “Orain auzitan dagoen gai bat papereko produktuaren maiztasuna da”. Egun, hamasei orriko astekari bat argitaratzen du Hiruka-k, eta etorkizunera begira hainbat aukera dituztela dio Break. “Oraingoz ez dugu erabaki, eta finantzaketa kanpainak aurrera egin ahala joango gara datorren urteko produktua definitzen; Hirukalagun kopuruaren arabera jakingo dugu ea aurrera jarraitu ahalko dugun, eta, egitekotan, zein formatutan”, zehaztu du Break.

Hala ere, erantsi du nahiko argi dutela papereko maiztasuna aldatu egingo dutela, eta “apustua egin” digitalizazioak eskaintzen dituen aukeren alde. “Tokikomen ere hala egiten ari dira; digitalizazioak hainbat aukera eskaintzen ditu, eta horiek aprobetxatu beharko ditugu”. Azaldu du, Tokikomek tokiko hedabideei buruz egindako hausnarketaren arabera, gero eta jende gehiago sartzen dela web atarietara sakelakotik; ordenagailu finkoetatik baino gehiago jada. Hortaz, horretara egokitu beharko direla adierazi du. “Indargune bat dugu hor, eta uste dugu horretan egiten dugun inbertsioa handitu behar dugula; paperekoa ahaztu gabe, noski”.

Aurrera begira, ikus-entzunezkoetan sakondu, bideo formatuko gauza gehiago egin, edota sortu berri duten sakelako aplikazioa zabaltzen jarraitu beharko dutela aipatu du. Aplikazioa udan atera zuten, batez ere jaietako programazioa biltzeko. “Arrakasta izan du, deskarga nahiko izan ditu ,eta segida ematea erabaki dugu”, nabarmendu du Break. Orain, eskualde osoko kultur agenda eskaintzen du aplikazioak; eremu osoa hartzen duen bakarra da.

Uribe Kostako euskara hutsezko tokiko hedabide bakarra da Hiruka. Break argi du erronka “handia” dutela. Uribe Kostan 160.000 biztanle inguru daude eta euskara ulertzen dutenak 102.000 dira. Horregatik, kanpainaren helburu nagusia ekonomikoa izan arren, haien izena ezagutzera emateko ere baliatu nahi dute kanpaina, eta hori lortzeko, jardunaldi batzuk antolatu dituzte: “Ez ezagutzera emate soil batek bultzatuta, baizik eta eskualdeari zerbait eskaintzeko asmoarekin”. Hala, abenduaren 13ra arte, zenbait gai jorratzen ari dira solasaldi eta mahai inguruen bidez: elikadura, tokiko kazetaritza, literatura… “Herriei bizitza apur bat eman, eta eztabaida publikoa piztu nahi dugu. Gainera, bide batez, gure egoeraren berri ere emateko baliatuko ditugu saioak”.