Ekitaldi ugari, indarkeria matxistari aurre egiteko

Ekitaldi ugari, indarkeria matxistari aurre egiteko

Aitziber Laskibar Lizarribar

“Ez naiz zurea, nirea baizik”. Matxismoa amaituko bada pentsaera asko aldatu beharko direla eta, lelo hori aukeratu du Bizkaiko Aldundiak indarkeria matxistaren aurkako mezua zabaltzeko. Igandean da azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Eta morez janzten ari dira Bizkaiko herri asko, indarkeria matxistari aurkakotasuna adierazteko.

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Maparen arabera, 30 andre hil ditu indarkeria matxistak Bizkaian 2004tik. Ordutik, emakumeen aurkako 35.000 eraso zenbatu ditu; batez beste, 2.600 eraso urtean, eta, foru aldundiak jakinarazi duenez, egonkor mantentzen da kopurua. Iaz, 2.768 zenbatu zituen. “Gizonen eta emakumeen arteko desparekotasunean oinarritutako gizarte batean bizi gara”, azaldu du zenbaki horien atzean dagoena Teresa Laespada Berdintasuna Sustatzeko diputatuak. Hain zuzen, eraso eta hilketa horiek ditu “desparekotasun horren adierazlerik larriena”.

Egoera irauli nahian, sentsibilizazio kanpaina abiatu du aldundiak. Emakumeen ahalduntzea eta erabakitzeko askatasuna sustatzea helburu duen leloa hartu, eta oinarri bera duen irudia kaleratu du. Leioan eta Portugaleten tamaina handiko horma irudiak egin ditu. 17.000 kartel banatu ditu Bizkaian, eta 127.000 itsasgarri, 15.000 txartel zorro, milana koaderno eta oihalezko poltsa, 8.000 pin, eta puntu morea irudikatzen duten lurreko 80 binilo. Herrietan zabaldu du kanpaina, baita kirol esparruan ere, besteak beste.

Herriek ere hartu dute beren gain azaroaren 25ari begirako mezua zabaltzeko ardura; bai udalek, eta bai herri mugimenduek. Bilboko Udalak, adibidez, puntu morearen bidez adierazi du jarrera. Udaletxeko balkoian jarri du, eta beste eraikin esanguratsu batzuetan ere bai. Pin borobil moreak ere banatuko ditu barrutietako udaltegietan, ikastetxeetan, osasun etxeetan eta kiroldegietan, besteak beste. Gaur, irakurketa parte-hartzaile baten bidez adieraziko du eraso matxisten aurkako jarrera. 11:00etatik 13:00etara izango da irakurraldia, Arriaga antzokian.

Bermeon, Emaginek eta Euskal Herriko Bilgune Feministak Indarkeria hitzaldia egingo dute gaur, 19:00etan, Erroxape elkartean. Igandean elkarretaratzea egingo dute Lameran, 13:00etan, eta, ondoren, ekitaldia eta adierazpen instituzionala. “Ezinbestekoa da ulertzea gaur egungo gizonezko eta andrazko ereduak aldatu behar direla; harreman afektibo eta sexual berriak sortu behar ditugu, askatasunean eta errespetuan oinarrituta”, adierazi du Idurre Bideguren alkateak.

Arrigorriagan, Herritarren Martxa antolatu dute iganderako. 12:00etan hasiko da herrigunean, Abusura joateko. Abenduaren 26, 27 eta 28rako, berriz, autodefentsa saioak antolatu dituzte.

Zallan, txangoa egingo dute gaur, Arangurenetik 11:30ean abiatuta. Ondoren, elkarretaratzea egingo dute Euskadi plazan. Berrizen ere martxa egingo dute igandean, udaletxetik Urtiaga plazara, 12:00etan hasita. Aurrez, bihar, Las hermanas Rivas antzezlana erakutsiko dute, 20:00etan, kultur etxean. Etxeko leihoetan puntu morea jartzeko deia egin du Berrizko Udalak.

Autodefentsa feminista ikastaroak izango dituzte Zornotzan bihar goiz eta arratsalde. Ipuin kontalari bat ere bai eguerdian. Igandean, elkarretaratzea egingo dute plazan, 13:00etan, eta ondoren, Beldur Barik Flash Moba.