Bizkaibuseko hainbat lineatan lanuzteekin jarraituko dute

Natalia Salazar Orbe

Lanuzteak egingo dituzte datorren astean, berriro ere, Bizkaibuseko hainbat lineatako langileek. Sei egunez egin dituzte lanuzteak, orain arte, Ezkerraldeko, Meatzaldeko, Durangaldeko eta Arratia-Nerboiko lineak kudeatzen dituzten enpresetako langileek; azaroko aste guztietan. Datorren astelehenean eta ostegunean ere hainbat autobus zerbitzu ez dira ibiliko.

Goizean eta arratsaldean egingo dute greba, orain arte bezala. Zerbitzua eten egingo dute 07:30etik 09:30era artean eta 18:00etatik 20:00etara. Hitzarmenaren negoziazio prozesua blokeatuta dagoelako eta lan baldintza hobeak eskatzeko deitu dute lanuzteetara. Lan hitzarmena 2017ko abenduaren 31n iraungi zen.

Greben ondorioz etenaldiak izango dituzten autobus zerbitzuek 42.000 erabiltzaile inguru dituzte. Bi enpresak kudeatzen dituzte linea horiek: Ezkerraldea Meatzaldeak eta Pesalurrek. Berrogei lineatan ematen dute zerbitzua, eta egunero ia berrehun autobus ateratzen dituzte errepideetara. Enpresa horien esku dago Bizkaibusek ematen duen garraio zerbitzurik handiena. Ia mila langile dituzte. Eta sindikatuek enpreson murrizketa politikak salatu dituzte.

Urrian ekin zieten mobilizazioei. Hil horren azken egunean batzartu ziren enpresa batzordeak eta enpresetako zuzendaritzak. Bilera haren ostean, sindikatu guztiek deitu zituzten langileak lanuzteetara, hitzarmena berritzeko negoziazioetan aurrerapausorik ez zegoela ikusita. Azaroko aste guztietan egin dituzte bi greba egun. Erantzun handia izan dute deialdiek, sindikatuen datuen arabera.

Eusko Jaurlaritzak %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen greba egunetarako. Lehentasuna eman diete beste garraiobide publikorik ez duten eremuei edo osasun etxeetara doazen zerbitzuei. Neurri juridikoak hartzeko asmoa iragarri zuten sindikatuek, gutxieneko zerbitzu horiek baino gehiago eskaintzen ari zirelako.

Gurutzeta, Santa Marina zein Usansoloko ospitaleetara Bilbo, Lutxana eta Orozkotik doazenek nabariko dituzte lanuzteok. Baita EHUrako hainbat lineatan ere: Bilboko hainbat lekutatik ateratzen diren lineetan zein Galdakao, Ugao, Basauri, Etxebarri eta Ermua unibertsitatearekin lotzen duten lineetan ere ondorioak izango ditu grebak. Herrien arteko zerbitzuetan ere egongo dira etenak. Gutxieneko zerbitzuak zeintzuk izango diren zehaztu du Bizkaibusek linea bakoitzean, erabiltzaileek kontsultatzeko aukera izan dezaten.

Bilbobusen, hitzarmen eske

Bilbobuseko langileek ere lanuzteak egingo dituzte datorren hilean. Abenduaren 3an eta 5ean, bi ordukoak izango dira; laukoak, berriz, hilaren 10ean, 12an, 14an, 17an eta 19an. Abenduaren 21erako, San Tomas egunerako, egun osoko grebara deitu dituzte langileak. Lan hitzarmena negoziatu nahi dute, urtebete baitarama blokeatuta.