Aukerak eta sorpresak aurkitzeko irrikan

Aukerak eta sorpresak aurkitzeko irrikan

Aitziber Laskibar Lizarribar

Poza, ilusioa, irrika. Eta hasteko gogoa. Horixe adierazten dute, irribarre zabalarekin, Euskaraldiaren Bilboko dinamikan, nor bere auzoan, lanean diharduten Garazi Gallok, Beatriz Rodriguezek eta Hirune Zabalak. “Bilbon ez dago galtzeko ezer; dena dugu irabazteko!”. Horra irrikaren sekretua. Gallo eta Zabala ahobizi dira; Rodriguez, belarriprest. Guztiek parte hartu dute formakuntza saioetan, eta horrek Euskaraldia izango dena irudikatzen lagundu die. Baikor daude datozen 11 egunetan bizitzea aurreikusten dutenarekin, eta Bilbo hirian sorpresak espero dituzte.

Lehen hitza euskaraz egitea kosta egiten da Bilbon, Gallo eta Zabalaren esanetan. “Bilbo erdalduna da, etiketa hori du. Adibidez, Gipuzkoara bazoaz, denda batean sartu, eta euskaraz egingo duzu, baina Bilbon ez”, dio Zabalak. Estres linguistikoa aipatu du: “Begiratuko duzu ze itxura duen, ea euskararen aldeko txaparik-edo duen… eta, bestela, erdalduna dela pentsatuko duzu zuzenean”. Deserosotasunak saihestearren, gazteleraz egingo du euskal hiztunak.

Beldurra eta lotsa dira zuzenean gaztelerara jotzeko arrazoia. Aho batez diote hori hiru hizlariek. “Aurrean dugunak euskaraz jakin ez, eta gutaz zer pentsatuko ote duen beldurra”. Gallorekin formakuntza saio batean izan zen lagun batek azaldu zuen, adibidez, berari buruz “erradikala” dela pentsatzeak oztopatzen ziola lehen hitza euskaraz egitea.

Euskaldun gehien dituena

Giro erdaldunean dagoela sinisteak gazteleraz eginarazten du, baina datuek beste ikuspuntu bat ere uzten dute agerian. “Munduan euskaldun gehien dagoen lekua da Bilbo”, dio Julen Orbeak, Euskaraldia Bilbon koordinatzeko lanean ari denak. Bilboko Udalak emandako datuen arabera, hiriburuko herritarren erdiak baino gehiagok ulertzen du euskara, %23 euskaldun alfabetatuak dira, eta beste %28k badakite euskaraz, maila batean edo bestean.

Beraz, Bilbo ez da euskararen arnasgune, inondik inora ere, baina euskaldunak egon badaude hirian barreiatuta. Euskaraldiak horiek ikusaraziko ditu, horretaz seguru daude Gallo, Rodriguez eta Zabala. “Euskaldunak armairutik ateratzea izango da”, Galloren hitzetan. “Identifikazioak”, herritarrek ahobizi edo belarriprest pina agerian eramateak lotsak desegin egingo dituela iruditzen zaio Zabalari. Euskaldunek euskaraz egiteko beldurra bertan behera eroriko dela.

Euskaraz aritzeko “oztopoak” gaindituko direla uste du Rodriguezek ere. Eraginkorra izango dela 11 eguneko ariketa. Are, jada eragiten hasia dela dio. Kantabriakoa da Rodriguez, Torrelavegakoa. Hamar urte darama Bilbon, eta bost urte euskara ikasten. Ondo moldatzen da euskaraz, baina lagunekin beti egin du gazteleraz.

Euskaraz bizitzeko jauzia egiteko, ohiturak aldatzea da zailena. Baina bera hasia da azken asteetan. Euskaraldirako formakuntza saioa egin zuenean aldatu zuen jarrera: “Pentsatu nuen, ‘zergatik itxarongo dut Euskaraldia hasi arte? Ez du zentzurik, dagoeneko hartu baitut erabakia'”. Bere lantokian euskaldun zahar bat badela bazekien, eta, Euskaraldirako formakuntza saioa egin ondoren, euskaraz egin zion lankide horri. “Lehen egunetan, pixka bat arraroa izan zen, zeren gu beti aritzen ginen gaztelaniaz”, aitortu du. Baina egunetik egunera egoera normalduz joan zen, eta euskaraz jarraitzen dute ordutik. “Aste bat igaro eta gero nahiko natural ateratzen zaigula uste dut; hasi gara ohitura aldatzen”.

Euskaraz ondo moldatzen da Rodriguez, eta belarriprest da. Medikua da, psikiatra. “Kontsultan ere belarriprest rolari eutsiko diot, eta txaparekin egongo naiz”, dio. Hain zuzen, bere lanagatik aukeratu du rola: “Ezin dut kontsulta osoa euskaraz egin; ez naiz hain trebea”. Pazienteari, ordea, euskaraz egiteko atea zabalduko dio, eta berebiziko garrantzia ematen dio horri: “Ama hizkuntzan errazagoa da edozein gauza azaltzea, eta osasun alorrean oso garrantzitsua da hori kontuan izatea”. Eta bere esperientzian oinarrituta dio, lehen egunetan euskararako jauzia egitea kosta egiten den arren, eginaren eginaz erraztu egiten dela: “Lehen bi egunetan, beldurra izango duzu; hirugarrenean, gutxiago; eta laugarrenean, ahaztuta izango duzu, ohitu egingo zara”.

Belarriprest-ak giltzarri

Belarriprest direnengan jarri du fokua, hargatik, Gallok ere: “Euskaraz entzuteko prest dagoela esatea bera oso garrantzitsua da; horiek ate berriak zabalduko dizkiote euskarari”. Bat dator Zabala: “Belarriprest-ik gabe ez goaz inora. Behar ditugu belarriprest-ak. Horiei esker, euskaraz aritzeko guneak ugarituko dira; aukerak sortuko dituzte, bere pinari esker ahobizi-ari euskaraz egiten utziko baitiote”. Hori, arnasgune gisa ulertzen du.

Gaur hasiko den ariketaren beste alde on bat, Galloren hitzetan: “Talde baten parte zara, ez zaude bakarrik, eta horrek indarra ematen dizu, konfiantza; beldurrak uxatzen laguntzen du”.

Hartara, ekinaldiari gogotsu heldu, eta “helburu txikietara” jotzeko deia egin du Zabalak. “Jar ditzagun lorgarriak diren helburu txikiak, eta alboratu ditzagun konplexuak; horrela aldatuko dira ohiturak, pixkanaka, guztiak eroso sentituta”. Hala, norberak bete ditzakeen konpromisoak hartuta, aurrera egingo dela dio. “Eta sorpresa atseginak izango ditugu”.