“Antzerkia da nire bokazioa, eta, ahal dudan heinean, hortik bizi naiz”

“Antzerkia da nire bokazioa, eta, ahal dudan heinean, hortik bizi naiz”

Natalia Salazar Orbe

Nagore Gonzalez aktoreak (Bilbo, 1987) ibilbide oparoa egin du agertokietan. En espera antzezlana antzeztuko du Badulaken, bihar eta abenduaren 1ean. Etzi, berriz, Mari eta gaileta fabrika umeentzako antzezlana estreinatuko du Pabiloi 6 espazioan. Beste hainbat proiektu ere badarabiltza esku artean.

Antzerki munduan hasi zinen, telebistan aurpegi ezagun bilakatu, eta, orain, berriz ere antzerkira itzuli zara. Zein diziplinatan sentitzen zara gusturen?

Oso desberdinak dira. Bietan egon naiz izugarri pozik. Ez nuke esango gusturago nagoenik batean edo bestean. Nire kasuan, proiektuaren araberakoa da sentsazioa, euskarriaren araberakoa beharrean.

En espera lanean buru-belarri sartuta zabiltza. Zein da lan horren argumentua?

Bi eszena agertzen dira. Horietako bakoitzean bi emakumeren arteko topaketa kasuala gertatzen da. Eszena bakoitza garai historiko batean gertatzen da, baina protagonistek bietan hitz egiten dute emakumeoi bakarrik gertatzen zaizkigun gauzei buruz. Pablo Allendek idatzi eta zuzendutako lana da.

Eszena horietako batean, Marilyn Monroeren azalean sartzen zara. Zaila izan da?

Lehenengo eszenan, Marilyn Monroe naiz, eta Yolanda Martinez, berriz, Dorothy Parker idazlea da. Bigarren eszenan gaur egungo bi pertsonaia anonimo gara. Marilynen eszena defendatzen zailagoa da. Beste testuinguru batean dago, bigarrena baino teatralizatuagoa da —bigarrena naturalagoa da— ; Marilyn antzeztea zaila da. Hasieran, erraza dirudi, oso argi daukazulako nolakoa zen pertsonaia. Baina azalarazten dugun Marilyn ez da topiko hori; 1960an Marilynek berak aurrerapauso bat eman nahi izan zuen: ekoizpen etxe propioa sortu zuen, aktore on bilakatu nahi zuen, eta ikasten hasi zen. Hala, Marilyn intelektualago baten garai hori erakutsi nahi izan dugu. Bestalde, erronka handia da fisikoki eta mugimenduei dagokienez hain ezaguna duguna antzeztea. Karakterizazio potentea daramagu. Eta gero, hori guztia desagertu, eta bigarren eszenara goaz.

Zer-nolako harrera izaten ari da En espera antzezlana?

Azaroaren 10ean estreinatu genuen. Bi emanaldi egin ditugu orain arte, eta oso pozik gaude. Oraindik zaila da baloratzen, estreinaldietara lagunak etortzen direlako, baina itxura ona dauka.

Hori bukatu, eta beste proiektu erabat desberdina taularatuko duzu: haurrentzako antzezlan bat. Zerbait aurrera dezakezu?

Bai. Eidabe konpainiaren Mari eta gaileta fabrika da. Olatz Gorrotxategik zuzentzen du, Galder Perezek idatzi du, eta taula gainean Itsaso Paia, Ainhoa Artetxe eta hirurok ariko gara. Bi planotan bereizten da antzezlana. Batean, gaur egungo familia bat osatzen dugu: ama, alaba eta amama. Gero, flashback-en bidez, iraganera joango gara, eta gaileta fabrika batean gertatu zirenak ikusiko ditugu. Besteak beste, orduko grebak eta emakumeen lana ezagutuko ditugu.

Antzerkira itzuli zara, baina film labur batean ere parte hartu duzu. Zinebin egon zara oraintsu. Zein lan aurkeztu duzue?

Atico B. Pablo Allendek idatzitakoa da hori ere. Iaz, Zinebik saria eman zion proiektua garatzeko, eta aurtengo Zinebin estreinatu dugu.

Zer-nolakoa izan da esperientzia?

Oso polita eta aberasgarria. Gu antzerkitik gatoz eta diziplina horretan moldatzen gara ondoen. Pablok proiektua erakutsi zidanean esan nion antzerki bat beharrean film labur baterako lana zela hura. Gero filma teatralizatu samar geratu zaigu, baina ikusten genuen beste euskarri batean hobeto garatuko genuela, eta horretarako lantaldea osatu genuen. Estibaliz Alonso, Gheada Estudio eta Kiko Monzon harrapatu genituen bidetik, soinua eta zinematografia lantzeko. Aktore gisa, Ane Pikaza eta biok ari gara. Oso pozik geratu gara emaitzarekin.

Zer-nola uztartzen dituzu lan horiek guztiak, horrenbeste erregistrotan arituta aldi berean?

Arreta handia jarri behar duzu. Lanez gain, bizitza ere badaukazu, gainera. Goizean gaileta fabrika bateko langilea zara, eta arratsaldean, Marilyn. Zoramena da. Baina beti ez da hala. Hilabete hau potente samarra izaten ari da. Lan bakoitzean buru-belarri kontzentratuta eta prestatu dudan guztia azalerazita, eta beste guztia blokeatuta lortzen dut denak uztartzea.

Garai txarrak ere iritsiko dira.

Bai, bolada luzez egon zaitezke lanik egin gabe. Lan hau gogorra da alde horretatik.

Ba al duzu beste proiekturik esku artean?

Bai, Lyceum club lanarekin ari gara biran. 2016an hasi ginen taularatzen Maria Goirizelaiak idatzi eta zuzendutako lan hori. Hainbat hitzordu ditugu zehaztuta Sopelan, Bilboko Ariagan, Berrizen, Ermuan eta Elorrion. The Rocky Horror Picture Show lan guztiz desberdinarekin ere lanean ari naiz, Malabrigo Teatro konpainiarekin. Abenduaren 29an Donostian egongo gara. Eta etor daitezkeen proiektuetarako esku zabalik nago [barreak].

Arte Ederretan lizentziatua zara, irakaslea ere bai. Zer lan etorkizun irudikatzen duzu?

Hezkuntzako zerrenda batean izena ematera noa. Denera iritsi ahal izateko malabarismoak egiten aritzen naiz, eta gauza batzuk aukeratzen eta beste batzuk baztertzen. Antzerkia da nire bokazioa, eta, ahal dudan heinean, hortik bizi naiz; prekaritatean, noski. Baina argi daukat aukera hori nahi dudala. Patatak jango ditut bizitza osoan, baina zoriontsu naiz.