Mundu modernorako atea

Mundu modernorako atea

Natalia Salazar Orbe

Zalaparta handia. Bolanderak eta txistu soinua, trenaren lehen ke boladak iritsi baino lehen. Euforia nagusi da. Trena iritsi da. 1893ko irailaren 4a zen, Plentzian. San Antolin festak ospatzen ari ziren. Goiza zen arren, herritar mordoa elkartu zen nasan. Agintarien ordezkaritza handi bat ere hantxe zegoen. Agertoki horretan, bibaka hasi ziren denak: “Trenak arrakasta izan dezan! Gora plentziarrak! Gora bakea! Eta gora Ernesto Hoffmeyer!”. Areeta eta Plentzia arteko trenbidea eraiki zuen ingeniaria izan zen Hoffmeyer. Han elkartu ziren askok agian ez zuten jakingo, baina garai berri bat abiatzear zen Plentzian eta inguruetan.

125 urte bete ditu Areeta eta Plentzia arteko trenbideak. Urteurren hori gogorarazi eta ospatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte Plentzian zein inguruko herrietan. Irailean lurrunezko tren batek Plentzia eta Ugeraga arteko bidea egin zuen. Orain, azpiegitura horren historia jasotzen duen erakusketa ikus daiteke Itzubaltzetako kultur etxean, hila bukatu arte. Tren zerbitzuari buruzko argazkiak eta dokumentazioa biltzen dituen collagea eta jatorrizko hainbat objekturen bilduma aurkituko dituzte hara biltzen direnek. Besteak beste, txartelak, txapelak, faroltxoak edota geltokiko langileen uniformeak. Bestalde, antzinako tren baten erreprodukzioa ere badago.

Mundu modernoarekin konektatzeko trena beharrezkoa zen garaian zabaldu zuten linea. Tren geltokirik ez zuen herria mundu horretatik kanpo geratzen zen. Autorik, kamioirik, autobusik eta antzekorik ez zegoen-eta. Trenik ezean, erabat bakartuta geratzen zen ingurua.

Hala, hunkituta, poz malkoak begietan egin zioten ongietorria plentziarrek burdinazko zaldiari 1893 hartan. Aukera askotarikoak zabaldu zizkien. Besteak beste, herriko produktuak hiriburura eramateko bidea. Eta mugarria izan zen, era berean, turistak kostaldera gerturatzeko prozesuan. Urte askoren ostean, metroa hara iristeko azpiegituraren oinarria ere finkatu zuen proiektu hark.

Bide berri eta askotariko horiek guztiak zabaltzeko oztopoz betetako ibilbidea egin behar izan zuen, ordea. Ekimen pribatutik abiatu zuten azpiegitura. Akziodun asko herrikoak eta ingurukoak izan zituen. Negozioak biribila zirudien. Hala, aukeraz betetako etorkizuna ez eze, irabazi handiak irudikatzen zituzten linearen ustiatzaileek. Ez zen gertatu horrelakorik, ordea.

Bilbo-Areeta Trenbide Merkearen konpainiaren eskutik sortu zen linea. Bidaiariez gain, merkantzien garraioak pisu handia izango zuela aurreikusi zuten sustatzaileek. Algorta eta Plentziako arrantza produktuak zein eraikuntzarako materialak garraiatuko zituela sinetsita zeuden. Baina irabaziak ez ziren izan espero zuten bestekoak.

Hasiera ona izan zen. San Antolin festek erakarrita, bidaiari mordoa hartu zuen zerbitzuak. Baina berehala iritsi ziren lehen zailtasunak. Luizi baten ondorioz, trena bidetik atera zen, trenbidea zabaldu eta hilabete batzuetara. Bi hilabetez ez zen trenik igaro Urduliz eta Plentzia artean. Gorabehera hari aurre eginda, lortu zuen bidea egitea, esku batetik bestera igarota. Santanderretik Bilborako trenbideen konpainiak hartu zuen kudeaketa. Gastuei aurre egiterik ez zuten, eta FEVEk hartu zuen azpiegituraren ardura, gero, urtebetez. 1978an, Eusko Tren izango zenaren esku geratu zen.

Herriarentzako mugarria

Trenak eraldaketa handia eragin zuen Plentzian. Negozio berri ugari zabaldu zituzten: higiezinen alorrean, ostalaritzan eta merkataritzan, bereziki, sortu berri zen enklabe turistikoak bultzatuta. Hainbat eremu urbanizatzea ere ekarri zuen. Udatiarren boomak eztanda egin zuen.

Trakatan-trakatan irudika daitezke lehen bidaia haiek. Egurrezko aulkietan, txartel-zulatzailea noiz agertuko zain. Lurrunezko makinaren burrunba, ikatza irensten. Burdinazko erreien danbada. Txistuaren hotsa. Badator. Kearen arrastoak bidean. Gaur egungo trenen bestelako irudia. Metroak hartu zion lekukoa aspaldi aldatua zen lurrun makinari. Asko hobetu da: garbiagoa da, eta azkarrago dabil, baina galdu du lehenengo haiek zuten xarma. Bidea bagoi arteko balkoietan egitekoa, kasurako. Plentzian urte osoa eman dute oroitzen mundura lotu zituen lehen garraiobide hura; herriarentzako mugarria izan zena.