Iurretako paper lantegiari zigor espedientea ireki dio Jaurlaritzak

Natalia Salazar Orbe

Iurreta parean Ibaizabal erreka beltzez tindatzen duten isuri kutsagarri batzuen berri eman berri du EH Bilduk. Errekaren emarian putzu beltzak erakutsi zituen joan den astean Mikel Otero legebiltzarkideak, bideo batean. Smurfit Kappa paper lantegiaren produktu kimikoak dira errekara iristen ari direnak. Laginak hartu, eta Iñaki Arriola Jaurlaritzako Ingurumen sailburuari azalpenak eskatu dizkio koalizioak. Izan ere, egoera ez da berria. Joan den apirilaz geroztik, jakinaren gainean zegoen administrazioa. Arriolak jakinarazi du lantegiari zigor espedientea zabaldu diola Uraren Euskal Agentziak.

Eusko legebiltzarrean eztabaida izan zuten, joan den ostiralean. Ingurumen sailburuak jakinarazi duenez, Uraren Agentziak joan den apirilean konfirmatu zuen isurketak egon bazeudela. Orduz geroztik, birritan eskatu diote enpresari arazoa konpontzeko neurriak har ditzala. Hala ere, egoerak bere horretan dirauenez, zigor espedientea zabaldu diote.

Sei hilabete baino gehiago daramatza, beraz, Jaurlaritzak Smurfit Kappa enpresarekin lanean, isuri kutsagarriak geldiarazteko konponbide bila. Arriolaren arabera, “arazoa zaila da; aspalditik dator, eta ezin da goizetik gauera konpondu”.

Mikel Otero legebiltzarkideak kritikatu egin du konponbiderik jarri ez izana, kontuan hartuta, gainera, isuritako elementuen analisiek agerian utzi dutela ezarritako gehienezko balioen mugak gainditzen dituztela isuriok. Hain zuzen, lixibiatuari dagokionez, 12,23ko Ph-a neurtu du Jaurlaritzak —araztegi baterako gehienezko muga 9,5 da; kasu honetan, ordea, zuzenean isurtzen dute likidoa errekara—. “Zuek jakinaren gainean egon eta sei hilabete eta erdi osteko egoerari buruz hitz egiten ari gara”, aurpegiratu zion Oterok Arriolari.

Protokoloei jarraituta

Ingurumen sailburuak adierazi zuen administrazioa ez dela egon geldi denbora horretan guztian. “Zorrotz lan egin da ingurumena eta herritarrak babesteko. Ezarrita dauden pauso batzuk jarraitu behar dira, eta horrek guztiak denbora behar du, bai isunak jartzeko eta baita egokiak diren eta bermeak eskaintzen dituzten konponbideak bilatzeko ere”.

Aspalditik dator arazoa. 1990eko hamarkadan salaketa jarri zioten enpresari errekara zuzenean isurtzen zuelako ura, araztu gabe. Kondenatu ere egin zuten. 2006an, haren arduradunak zigortu zituzten, ingurumenaren aurkako delitu etengabea egiteagatik. Hala azaldu du Oterok. Eta argudio horiei helduta kritikatu du orain zigor administratiboa besterik ezarri ez izana.

Zabortegi estalia

Paper lantegiak hondakinentzako eremu bat sortu zuen enpresaren eta gasolindegiaren artean 1980ko hamarkadan, eta, garai batean, han biltzen zituen elementu toxikoak, eraikinaren atzealdean. 1990eko hamarkadan estali egin zuten zabortegia. Gaur egun belarrak eta zuhaitzek estalita ageri den eremu horren azpian daude urteetan gordetako hondakinak.

Urteen poderioz eta euriaren eraginez, elementu toxikoak filtratzen zirela ikusita, likidoa araztegira bideratzeko sistema bat jarri zuen enpresak 2007an. Hala ekarri zuen gogora Arriolak. Baina ikusi da neurri hori ez dela nahikoa, filtrazioak errekara iritsi baitira.

Arriolak esan du enpresari egoera hori bideratzeko eskaerak egin zizkiola Uraren Agentziak, hainbat kontrol egiten dizkietelako. Baina enpresaren saiakerek ez dute izan emaitzarik. Horregatik, uztailean jakinarazi zioten zigor espedientea zabaltzeko asmoa. Oterok salatu egin du egoerari aurre egiteko urgentziazko neurririk hartu ez izana, eta gertatzen ari dena geldiarazteko gai ez izatea.