“Ia 500 bideo bildu ditut Youtuben”

“Ia 500 bideo bildu ditut Youtuben”

Nerea Bedialauneta Alkorta

Futbozale amorratua da Erik Osa Rodriguez (Ondarroa, 1985). Lea-Artibai, Mutriku eta Debako futbol taldeen lana herritarrei hurbiltzeko asmoagaz, Leartigol.com sortu zuen 2012ko azaroan.

Futbolari buruz egin duzun lehen proiektua al da Leartigol?

Aurretik antzeko proiektu bat nuen, baina ez zen gauza oso serioa. Proiektu nahikoa pertsonala zen, gainera. 3. Mailatik beherako futbol taldeen hainbat partidatara joaten nintzen, eta ateratzen nituen argazkiez osatutako bildumekin bideoak sortzen nituen.

Ideia zeurea al da, ala nonbaitetik hartu zenuen?

Barakaldoko Tele 7 kateak astero Barakaldo, Sestao, Portugalete… 2.B Mailan, 3. Mailan eta Ohorezko Mailan dauden futbol taldeen jarraipena egiten du, eta hortik hartu nuen ideia.

Zelan sortu zen Leartigol?

Bat-batean sortu zen. Ondarroako Zaldupe udal zelaian berdegunea aldatzen ari zirenez, 2012ko urriaren 21ean, Aurrerako nagusien taldeak Real Union B-ren aurka jokatu zuen Markina-Xemeingo Barroeta zelaian, eta partida grabatzera joan nintzen. Egun hartan, Markina-Xemeingo Artibai taldeko presidentea hurreratu, eta Aurrerako partidez gain eurenak grabatu ahal nituen galdetu zidan. Bertoko taldeei oihartzuna eman behar niela iritzita, baietz esan nion. Gerokoan, Berriatua, Mutriku, Lekeitio eta Amaikak Bat taldeak ere grabatzen hasi nintzen.

Talde horien guztien partidak grabatzen dituzu asteburuero?

Orain autoa ere badut, eta lehengo aldean errazagoa zait kanpora joatea. Astero, dauden partiden arabera, agenda antzerako bat sortzen dut; ahal denik-eta partida gehienetara joaten ahalegintzen naiz. Aurreraren partidetara beti joaten naiz, eta gainontzekoenetara ere bai, etxean jokatzen dutenetan. Besteek etxetik kanpo jokatzen dutenetan, berriz, txandaka grabatzen ditut.

Mutilen taldeak grabatzen dituzu bakarrik?

Azken denboraldian nesken partidak ere grabatzen ditut. Futbola ez da bakarrik mutilen kontua; neskak ere asko borrokatu dira euren tokia izateko, eta iruditu zitzaidan ondo legokeela egiten duten ahaleginari eta lanari bozgorailu bat ematea.

Leartigol, gainera, uhinetan ere badago orain.

Urtarrilaz geroztik, martitzenero, Leartigol irratsaioa egiten dut Ondarroako Radixu irratian.

Grabatzera joaten zaren partidei dagokienez, zenbat grabatzen dituzu asteburu batean, gutxi gorabehera?

Ahal denik-eta partida gehienetara joaten ahalegintzen naiz, baina, tamalez, ezin naiz denetara ailegatu. Bitxikeria modura, asteburu batean egon ziren zazpi partidetatik bost grabatzera joan nintzen, eta horietako hiru, gainera, egun berean izan ziren.

Zer egiten duzu jasotzen duzun material guztiagaz?

Grabatu dudana editatu, eta partidako momenturik onenen laburpen bat jasotzen dut Leartigolen Youtubeko katean. Ia bostehun bideo bildu ditut.

Noiz egoten dira ikusgai?

Astelehenetan, gauerditik aurrera, materiala Youtubera igotzen hasten da.

Web atari bat ere baduzu. Zein arduratzen da lan horretaz?

Webnode plataforma zelan erabili ikasi dut nire bostean. Bertan, sortzen dudan eduki guztia kudeatzen dut.

Sare sozialak ere bai?

Bai, hori da. Sare sozialez ere neu arduratzen naiz. Facebook, Twitter eta Instagram erabiltzen ditut edukia zabaltzeko.

Hainbeste urteren ostean pasadizoren bat edo beste ere izango duzu, ba.

Lesakako Beti Gazte futbol taldeak Aurreraren aurka duela bost urte Zaldupen jokatu zuen neurketan, talde bien arteko istilu bat egon zen. Besteak beste, Aurrerako jokalari batzuk kaleratu egin zituzten, eta, azkenean, arbitroak partida bertan behera ere utzi zuen. Partida grabatzen egon nintzen, eta grabatutako irudiak, hain zuzen, froga modura erabili zituen Aurrerak Gipuzkoako Futbol Federazioaren aurrean. Klubak grabazioa eskatu zidan, eta, irudi horiei esker, Aurrerako bi jokalari zigor gabe utzi zituzten. Aurrerari arrazoia eman zioten, eta federaziokoak mutu geratu ziren.

Momentu hunkigarriak ere biziko zenituen.

2015ean Aurrera berriro 3. Mailara igo zenekoa berezia izan zen niretzat. Oñatin matematikoki igoera lortu zutenean, bertan egon nintzen. Ondarroan egin zuten geroko jaian ere egon nintzen, eta, egun hartan ligako irabazleen kopa esku artean hartu nuenean, negar malkoak ere irten zitzaizkidan, pozaren pozagaz. Hainbeste urteren ostean, ez nuen uste Aurrera berriro 3. Mailan ikusiko nuenik. Azken urteotan, gainera, Aurrerakoagaz gain, beste bost igoera bizitzeko aukera izan dut.

Zeintzuk?

Artibai, Mutriku eta Amaikak Bat taldeen igoera bana, eta Lekeitioren bi igoera. Azken horren igoerari esker, Aurrerak eta Lekeitiok historiako lehenengo derbia jokatu dute aurten; izan ere, duela gutxi arte, Aurrerak Gipuzkoako ligan jokatu du. Oso polita izan da derbi hori ikustea ere.

Bisita asko izaten dituzte sareratzen dituzun partiden laburpenek?

Aurrera eta Lekeitioren arteko derbiak, esaterako, 200 bisitalditik gora izan zituen ordu gutxian; horrek harrituta utzi ninduen.

Zein da zure talderik gustukoena?

Aurrera, noski! Baina Alavesen zalea ere banaiz. Ligan Zaldupetik igaro diren taldeetatik —1986tik 1990era 3. Mailan jokatu zuten Aurrerak eta Alavesek— urrutien ailegatu den taldea izan da, gainera; UEFAko final bat jokatu zuen.

Ametsen bat betetzeko aukera emanez gero, zer grabatzea gustatuko litzaizuke?

Aurreraren eta Espainiako Ligako 1. Mailako talderen baten arteko Errege Kopako partida bat grabatzea nire ilusioetako bat izango litzateke.

Hori gertatzeko, Aurrerak zer mailatan egon beharko luke, gutxienez?

3. Mailan. Hori bai, Espainiako Errege Kopa jokatu ahal izateko bere taldeko txapelduna izan beharko luke nahitaez.

Zure lana beste nonbait erabiltzen al dute?

Bizkaian kirol munduan ezaguna den Cantera Deportiva hedabideagaz nahikoa harreman estua dut. Joaten naizen partidetako hamaikakoen argazkiak bertara bidaltzen ditut. Horrez gain, partida bati buruzko kronika bat ere idatzi nuen hedabide horrentzat.

Zer partida?

Barakaldo eta Racingen arteko partida kubritzera joan nintzen, kazetari akreditazio eta guzti.

Eta bideoak, beste inon erabiltzen dituzte?

Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza-k erabili izan ditu, eta Tele 7k ere bai, eguaztenero futbolari buruz egiten duen programa berezi batean. Tertulia bat egiten dute, eta, gonbidatuaren taldeari buruzko materialik ez badute, eta nik baldin badut, eskatu egiten didate.