Esperantza frontoia San Nikolaseko geltokiaren gainean berreraikiko dute

Natalia Salazar orbe

Itxaropen kaleko eraikinen artean ez ezik, auzoaren eguneroko giroan ere hutsune handia utzia zuen Esperantza frontoiaren eraisteak. Bilboko metroaren hirugarren linea gauzatzen ari zirenean zailtasun handiak aurkitu zituzten Zazpikaleetako geltoki berria eraikitzeko. Euskal Trenbide Sareak Esperantza frontoia eraitsi zuen lanok gauzatu ahal izateko. 2015ean desagertu zen pilotan aritzeko tokia izateaz gain, auzoarentzako topaleku bihurtua zen espazioa. Orain, beste frontoi bat eraikitzeko hitzarmena sinatu dute Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, ETSren bidez. Frontoia bakarrik ez, bost solairuko eraikin bat ere egiteko proiektua aurkeztu zuten asteazkenean. Frontoia bera geltokiaren estalkiaren gainean jarriko dute.

Metroaren hirugarren linearen lanak bukatu ostean, frontoi mitikoa berregingo zutela iragarri zuten administrazioek. Lanak bukatu ostean, iazko apirilean zabaldu zuten hirugarren linea, eta orain iragarri dute proiektua.

ETSk zuen hartua pilotalekua berreraikitzeko konpromisoa. Udalak eta berak erdi bana finantzatuko duten proiektuaren hitzarmena aurkeztu dute, ordea, Juan Mari Aburto alkateak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak. “Bilbotarrok irabazten aterako garen proiektu” modura aurkeztu du alkateak. Izan ere, auzoarentzako ekipamenduak hartuko dituzten hainbat espazio ere izango ditu eraikin berriak. Besteak beste, “aspaldiko eskaria” duen haurrentzako liburutegia iragarri du Aburtok.

Gainerako espazioei dagokienez, auzoko elkarteek eta eragileek erabiltzeko izango dira. Haiekin harremanetan jarriko dira, espaziook nola antolatu eta erabili erabakitzeko. Gainerako solairuetan umeen, gazteen eta familien aisiarako espazioak jarriko dituzte.

4,5 milioi euroko kostua izango du obrak. Lanak datorren urtean hasi eta 2020. urtearen bukaera aldera amaitzea aurreikusi dute. Hortik aurrera izango dituzte erabilgarri auzoko bizilagunek frontoia eta bestelako instalazioak.

Kokaleku berria

Eraitsi zuten arte, kalearen mailan eta paraleloan zegoen frontoia. Berria ondoko eraikinak baino gorago kokatuko da, eta kalearekiko perpendikular. Egoera berri horrek erabilera zailtasunengatik edo gertutasun faltagatik sor ditzakeen iritzien aurrean, onurak azpimarratu ditu Aburtok: “Argiztapen natural handiagoa izango du, ondoko eraikinak baino gorago kokatuko delako”.

Frontoiaren ezaugarri zehatzak eman dituzte: ezkerreko hormaren tipologia hartuko du. Pilotalekuak 30 metroko luzera izango du; kantxak, hamar metroko zabalera, eta, kontrakantxak, lau metrokoa. Frontisa hamar metro garai izango da, eta 11 metro zabal. Ezkerreko horma, berriz, hamar metro garai izango da.

Eraikin berriari dagokionez, 240 metro koadroko azalera izango dute beheko eta lehenengo bi solairuek. Azken bi solairuetako bakoitzak, berriz, 160 metro koadro izango ditu.

Frontoia baino gehiago

Kirol jardueretarako espazio bat baino gehiago izan da urte luzez Esperantza frontoia. Herritarrentzako topagunea zen. Aste Nagusiko otorduetarako mahaiez josita ikusi da behin baino gehiagotan pilotarien agertokia izandako kantxa. Baina herritarrek pilotak hormaren kontra aldaera guztietan jaurtitzeko espazioa ere izan da. Esku pilota, pala eta frontenisa praktikatzeko topaleku izaten zuten ume, gazte zein helduek, egunero, eraitsi zuten arte.

Hain zuzen, bi pilota taldek eta frontenis talde batek erabiltzen zuten. Atxuriko Maestro Garcia Rivero ikastetxe publikoko eskolaz kanpoko jarduerak egiteko tokia ere bazen. Horrez gain, pilota tailerrak, txapelketak eta azokak, eta barrutiko bilerak egiten zituzten han. Herri frontoien izaera zuen Esperantzak. Eta ezinegona sortu zuen hura eraisteko egitasmoak. Frontoia eraistearekin batera, zartakoa hartu zuen auzoaren bihotzak.