Elikagaiak “modu duinagoan” banatzeko gune bat zabaldu dute

Elikagaiak “modu duinagoan” banatzeko gune bat zabaldu dute

Aitziber Laskibar Lizarribar

Denda itxura du; auzoko supermerkatu txiki baten antolaera, autozerbitzua oinarri duena. Elikagaiz betetako apalategiek osatzen dute gunea. Eta elikagai sorta bakoitzak bere txarteltxoa du, produktuaren balioa jakinarazteko. Euroen aipamenik ez da inon ageri, ordea. Diru bidezko trukerik ere ez da erosketen ondoren. Lagun Gunea da. Bazterketa arriskuan dauden familiei elikagaiak banatzeko zentro berria. Berria, eta berritzailea. Izan ere, banaketa sistema aldatuko du, eta, hartzaileentzat erosoago izateaz gain, duinagoa izango da haientzat. Horixe nabarmendu dute sustatzaile guztiek: duintasunean irabaziko dutela baztertuta egonik jatekoa hartzera joan behar izaten dutenek. Orain, ez dute ilara luzerik egin beharko. Lotsa ere sentiarazten zien, intimitatea urratzen zien, eta atzean utziko dituzte duintasuna mintzea eragiten zieten ilara luze haiek. Batzuek behintzat. Banaketa zentro berrira joateko aukera izango duten 900 familia inguruk. Bilboko Santutxu auzoan zabaldu dute asteon, proba modura.

Puntu sistema

Puntu bidezko sistema du banaketa modu berriak. Gizarte laguntza jasotzen duen pertsona horietako bakoitzak puntu kopuru bat izango du hilean, bere baldintzen eta familia osatzen duten pertsona kopuruaren arabera: 22 eta 79 puntu artean. Dendan dagoen produktu bakoitzaren balioa ere hala zehaztuko da. Arroz pakete baten truke, adibidez, puntu bat eman beharko da, eta tomatearen truke, puntu erdia. Lekaleek, pastak, esneak eta atun latek ere puntu banako balioa dute. Haurrentzako esne hautsa jasotzeak ez du gasturik eragingo, eta gaileten truke eta hozkailuetan dauden san jakobo paketeen truke bi puntu eman beharko dira. Produktu bakoitzaren balioaren berri ematen duen taulan zehaztuko da familia bakoitzak zenbat halako har ditzakeen gehienez. San jakoboen ondoan beste txartel bat ere badago: txerri baten irudia. Produktuak txerri okela duela ohartarazteko da; batez ere musulmanei begirako oharra. Barazki eta fruta freskoak ere izango dituzte aukeran.

Sistema horren bidez, hemendik aurrera familia bakoitzak kudeatu beharko ditu bere puntuak, dituen baliabide eta beharren arabera. Poltsa jakin bat jaso ordez, dendara joan eta bertan aukeratu ahalko du behar duena. Banaketa gunera noiz joan ere aurrez zehaztua izango dute hartzaileek; hilean bi egunetan. Hala banatuta, egunean 70 lagunetik gora joango dira dendara, eta, guztira, 900 bat familiako 2.000 bat pertsonari emango die zerbitzua.

Ez hori bakarrik; banaketarako tokia baino gehiago izango da Lagun Gunea. Bazterketa arriskuan daudenentzat pentsatuta egonik, haien beharrei egokitutako zerbitzu integrala emateko helburua jarri dio bere buruari proiektuak. Hartarako, lana bilatzeari begirako ikastaroak eskainiko ditu, etxeko ekonomiari buruzko tailerrak, eta gizarteratzeari begirako beste jarduera batzuk. Besteak beste, hizkuntzak ikasteko aukera emango du, kulturen arteko programak lantzekoa, eta haurrei laguntzekoa.

Bizkaian dagoen halako lehen gunea da Santutxukoa, eta bakarra. Proba moduan zabaldu dute oraingoz, baina gehiago etorriko diren esperantza dute sustatzaileek. Hartarako, probak utzitako emaitzen balorazioa egingo dute, eta beste gune batzuetara heda daitekeen aztertuko dute. Nahia da eredu berria Bilbon eta Bizkaian zehar barreiatzea, sustatzaileak seguru baitaude oraingo sistema baino egokiagoa eta eraginkorragoa dela.

Horixe ondorioztatu dute sustatzaileek ezagutu dituzten halako egitasmoek. Euskal Herrian, aurrekari bakarra du: Nafarroan, San Adrianen. Eta Herrialde Katalanetan beste bi esperientzia ezagutu dituzte Bizkaiko Gurutze Gorriko eta Elikagai Bankuko kideek: Gironakoa eta Bartzelonakoa. “Arrakasta nabarmena” izan dute horiek guztiek, eta, beraz, aurrerantzean, Bizkaian sistema berria hedatuko den ustea azaldu dute.

Gurutze Gorriak eta Elikagai Bankuak bultzatu dute egitasmoa, eta haiek kudeatzen dute gunea. BBKren laguntza jaso du programak, eta baita Bilboko Udalarena, Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Espainiako Gobernuarena ere. Erakunde horietako guztietako ordezkariak izan dira gunea aurkezteko ekitaldian, eta lortutako elkarlana goratu dute; esan dutenez, elkarlan hori gabe Lagun Gunea ez litzateke posible.