Bilboko San Frantziskon “sarekada arrazistak” areagotu direla salatu dute

Bilboko San Frantziskon “sarekada arrazistak” areagotu direla salatu dute

Aitziber Laskibar Lizarribar

Ez da gauza berria, SOS Arrazakeriaren esanetan. Etorkin eta migratzaileen aurkako sarekadak ohikoak dira Bizkaian, batez ere hiriburuan: geldiarazteak, identifikazioak, miaketak. Elkarteak sarri salatu ditu poliziek horien aurka egindako gehiegikeriak; ohituta dago lan horretan. Baina oraingoan bereziki kezkatuta agertu da, eta hedabideengana jo du: “Azken asteetan nabarmen areagotu dira sarekada arrazistak San Frantzisko auzoan”.

Kolektibo jakin bat jarri dute jomugan Bilboko udaltzainek, elkartearen esanetan: gazte magrebtarrak. “Kolektibo horretako talde osoen aurkako miaketa masiboak egiten ari dira”. Azaroaren 2an, San Frantziskoko Mariaren Bihotza plazan, sarekada deigarria ikusi zuten SOS Arrazakeriako kideek. Udaltzainek gazte magrebtarrek osatutako bi multzo inguratu zituzten plazaren bi gunetan. Inguratu, identifikatu eta miatu egin zituzten, ageriko inolako arrazoirik gabe. Ordu erdiz izan zituzten geldiarazita.

Udaltzainen esanen ondotik

Hainbatetan gertatu dira antzeko egoerak, eta Ertzaintza ere halakoetara batu dela salatu du arrazakeriaren aurkako elkarteak. Gogortze hori nondik datorren susmoa ere plazaratu du: udaltzainburuek berriki jendaurrean adierazi dute San Frantziskon delinkuentzia areagotzen ari dela.

Hori ikusita, ohar batzuk plazaratu ditu SOS Arrazakeriak: pertsona guztien duintasuna une oro errespetatu beha da; polizien jardun guztiek arrazoituak eta proportzionalak izan behar dute; poliziek pertsona guztien segurtasuna bermatu behar dute, eta hori pertsona guztien eskubideak errespetatuta egin behar dute; eta jatorri etniko jakin bat jomugatzat hartzea arrazakeria da —arrazakeriaren aurkako eta oinarrizko eskubideen Europako eta nazioarteko erakundeek hala jasotzen dute—.

“Segurtasunak ez du zerikusirik ez sarekada arrazistekin, ez miaketa masiboekin”, esan die Bilboko agintariei eta herritarrei. Halako jarrerekin pertsona batzuk kriminalizatu eta “ingurua are gehiago degradatu” besterik ez dela egiten adierazi, eta, arrazakeriaren ordez, auzoan beren ustez zer behar den azaldu dute: “Justizia sozial gehiago, espekulazio gutxiago, baliabide gehiago, aporofobia gutxiago, elkarbizitza gehiago, segregazio gutxiago, eta berdintasun gehiago”.

EH Bilduk ere salatu ditu “arrazaren arabera” azkenaldian egiten ari diren “miaketa masiboak”. Kezka agertu du gertatzen ari denarekin, eta auzokideak segurtasunarekin kezkatuta badaude bestelako “neurri eraginkorrak” hartu beharko direla ohartarazi du; salatu du orain arteko neurriek “haserrea eta kolektibo batzuenganako mesfidantza” areagotu besterik ez dutela egin. “Ez da koherentea egun batean inklusio programak aurkeztea eta hurrengo egunean kolektibo horien aurkako miaketa masiboak egitea”, esan dio udalari Alba Fatuarte zinegotziak; “horrek ez dauka zerikusirik Segurtasun Itunean adostu genuen hurbileko polizia ereduarekin”.

Oso bestelako iritzia du San Frantziskon sortu berri den auzo elkarteak. Kalean “beldurra” pasatzen dutela adierazi, udaltzainen eta ertzainen lana txalotu, eta Poliziari jarduten uzteko eskatu dio SOS Arrazakeriari.