Mapa

Nerea Ibarzabal

Erakutsiko diegu gure ondorengoei mapetan ez den herri hau maitatzen”. Bihotza ahoan kantatu izan dugu zenbaitzuk Ken7ren esaldi hau, ondorengoak izatetik gertuago geundenean zerbaiten irakasle izatetik baino, egia esan, baina “erakutsiko diegu” esaten genuen hala ere. Obsesio normal bat da estaturik gabeko nazioen kasuan gure herriaren existentziaren transmisioa ziurtatu behar hori. Zer geratzen zaigu, bestela?

Mapetan agertuko bagina lasaiago geundeke, noski. Baina kontua da zein mapatan egon nahi dugun. Zein mapatan agertzeak lasaituko gintuzke benetan? Hainbeste lasaitu, non ez genukeen beharrik sentituko herri hau maitatzen erakusten jarraitzeko? Ni ez nengoke sekula aski bare, badagoelako zerbait maparik gabeko herriek baino gehiago tristatzen nauena: herririk gabeko mapak.

Baina zenbait antolatzaile dagoeneko puntu horretan suma ditzaket, salbatuta, mundutar, kosmopolita. “Honek munduko mapan kokatuko gaitu”. Urteetan zehar palmera bakarreko irla batean bizi izan den naufragoari azkenean hegazkin bakan batzuek kasu egin izan baliote bezala da. Naufragoak hondarrean mezuak idazten pasatu du bere bizitza erdia: “Hemen nago”, “hartu kontuan”, “banaiz nor”, “hizkuntza eta kultura propioa ditut”, “etorkizun bat nahi dut munduan”.

Hegazkinek paso egiten zuten, gehienez “ohh, begira ze idealista”, pentsatuko zuten pilotuek. Baina naufragoak teknika aldatu du; ez dakit zer idatzi duen zehazki bere itsasertzean: agian “Be Basque“? Edo “etorri eta ikusi zenbat aldatu naizen”. Edo “euskera? Lo hablan unos pocos“. Kondairek diote “Free sangria” edo antzerako zerbait idatzi zuela. Eta orduan hasi ziren etortzen hegazkinak eta bisitariak, bakoitza bere mapa mentalarekin.

Eta gu pozik, ene! Euren mapak dira, baina mapak, hala ere! Hori nahi genuen, ezta? Munduko mapan agertzea. Berdin dio eurek nahi duten forman agertu behar badugu, eurek nahi duten hizkuntzan, eurek ulertu nahi duten edo ikusten ez duten herria bezala.

Baina nork maitatuko du orduan herri hori? Bisitarientzat diseinatutako herria inor aseko ez duen herri bilakatzera kondenatuta dago: bisitarientzat horixe baino ez baita izango, bisitatzeko leku bat gehiago, iragankorra eta behin-behinekoa, eta bertakoentzat hotzegia eta plastikozkoegia bilakatuko da ordurako.

Hain gaude zain nor etorriko, hain gaude zain gutaz munduan zer esango, hain egin nahi dugu besteentzat ikusgarri eta ulerterraz gure bizimodua, berdin digu bidean funtsezkoena galtzeak. Eta bitartean isilik gaude —edo erdaraz hizketan—, herria herritik egiten dela ahaztu izan bagenu bezala, gure kulturaren puntu gorena aurresku bat bizikleta gainean egitearekin lortzen dela sinetsita.

Gure kulturaren alde egin ezean, ez zaigu herririk geratuko maitatzeko, eta ezingo dugu justifikatu zergatik behar dugun mapa propio bat.