Hiru saio, Bizkaiko bertso txapelketako zortzi finalistak erabakitzeko

Hiru saio, Bizkaiko bertso txapelketako zortzi finalistak erabakitzeko

Peru Azpillaga

Udaberriko fasea eta Udazkeneko kanporaketak burututa, ate joka dago Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala. Orain dela bi urte txapelketaren formatua aldatu ostean, bertsolari gazteen parte hartzea nabarmendu da txapelketako etapa guztietan. Kanporaketetako faseko bost irabazleek eta saio guztiak batuta puntuaziorik onena lortu duten beste bost bertsolariek, aurreko edizioko zortzi finalistekin egingo dute topo finalaurrekoetan.

Sei bertsolariz osatutako hiru finalaurreko saio egingo dira. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da finalera, eta gainontzekoak, puntuazioaren arabera. Hala, erabakita geratuko da nortzuk izango diren abenduaren 15ean Bilbon egingo den finaleko bertsolariak.

“Pozik gaude, publikoak ondo erantzun du eta saio gehienak beteta egon dira, beraz balorazio ona egiten dugu momentuz”, adierazi du Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsolari Txapelketako antolatzaileak. Azaldu duenez, orain arte denetariko gaiak jorratu dira bertso saioetan, “egunerokoaren isla” bilakatuz: “Familia, lagunak, lana, gai sozialak… adibidez, lan istripuen gaia edo erretiratuen pentsioen protestak jorratu dituzte bertsolariek”. Finalaurrekoak “oso lehiatuak” izango direla aurreratu du. Zenbait bertsolarik udaberritik daramate txapelketan murgilduta eta saio dezente egin dituzte finalaurrekoetara heltzeko, beraz “maila” dutela erakutsi dute. “Honaino heldu badira zerbaitengatik da, hots, maila oso onean aritu direlako; hortaz, ikusi beharko da zer gertatzen den”. Bertsolari horiek, aurreko edizioko finalistekin egingo dute topo orain, baina Narbaizak nabarmendu duenez, aurre egin baino, bertsolaritzan elkarrekin aritzea da kontua.

Saiorik saio, gauzak “dezente” aldatzen direla gogoratu du, gainera, Narbaizak. “Ez naiz ausartzen esatera nor helduko den finalera. Ikusi beharko da ea aurrekoa errepikatuko den edo ez, baina batek baino gehiagok du hori lortzeko gaitasuna”. Hala ere, argi du finalaurrekoetan saio “polit eta lehiatuak” entzuteko aukera izango dutela bertaratutako guztiek. Izan ere, orain arte zaleek ondo erantzun duten arren, Narbaizak publikoak saioetan “funtsezko papera” duela ekarri du gogora: “Publikoa egotea oso garrantzitsua da bertsolariei harrera bero bat egiteko; bertsolariek eskertu egiten dute plaza bero egotea, beste modu batean hartzen dutelako eta giro aparta sortzen delako”. Azken finean, hiru saio horietatik aterako dira finaleko partaideak. Horrek “girotxoa” sortzen du eta emozio gehigarria ematen die saioei. “Beteranoak daude eta baita gazteak ere. Finalaurreko saioek azken txanparen indar eta kutsu hori izaten dute”, eta aurtengoak ere halakoak izango direla plazaratu du Narbaizak.

Halaber, joan den urteko finala parekidea izan zenez, horrek aurten finalaurrekoetan genero desoreka nabarmenik ez egotea eragin du. Kanporaketak gainditu dituzten hamar bertsolarien artean, berriz, hiru dira emakumeak eta, hala, aurtengo finalean ere emakumeen presentzia “bermatuta” egongo dela espero du Narbaizak. Baliteke lehen aldiz emakume batek janztea txapela.

Finalaurreko saioak

Finalaurrekoetan hiru saio izango dira eta bakoitzean sei bertsolari ariko dira. Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Azaroaren 18an, Berrizen

17:00. Aitor Bizkarra, Imanol Uria, Julen Erezuma, Miren Amuriza, Unai Mendiburu eta Xabat Galletebeitia.

Azaroaren 25ean, Igorren

17:00. Beñat Ugartetxea, Eneko Abasolo, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra eta Onintza Enbeita.

Abenduaren 1ean, Lekeition

17:00. Ander Elortegi, Arrate Illaro, Etxahun Lekue, Ibon Ajuriagojeaskoa, Jone Uria eta Txaber Altube.