Faxismoaren biktimak omenduko ditu etzi Durango 1936 elkarteak

Faxismoaren biktimak omenduko ditu etzi Durango 1936 elkarteak

Peru Azpillaga

Egia, justizia eta ordaina. Hori da, hain zuzen ere, Durango 1936 elkarteak urteetan aldarrikatu duena. Faxismoaren aurka altxatu ziren eta errepresioa bizi izan zuten pertsona guztientzako egia. Lege eta epaitegi faxistek zigortutako pertsona guztientzako justizia. Eta herriari eta herritarrei egindako kalteen ordaina. Hiru ideia horiek aldarrikatzeko 11 urte daramatzate, besteak beste, Agurrik Gabeak ekitaldia antolatzen. Aurten, azaroaren 11n izango da, igandean, Durangoko Plateruena kafe antzokian.

“Orain dela hamabi urte lanean hastea erabaki genuen, ikusita askatasunaren, errepublikaren eta Euskal Herriko nazio eskubideen alde borrokatu ziren antifaxista guztiei inork ez ziela inongo omenaldirik egin”, azaldu du Andoni Barreña Durango 1936 elkarteko kideak. “Laurogei urte baino gehiago igaro dira 1936ko gerra hasi zela; badira berrogei urte ustezko demokrazia batean bizi garela askatasun minimo batzuetan oinarrituta; eta pertsona horiek, oraindik ere, ez dute inolako aitorpenik jaso”, salatu du Barreñak. Gogoratu duenez, zehaztu beharko litzateke zer den aitorpen publikoa. “Egia historikoa existitzen da, herritarren aitorpena egon badago”. Barreñaren aburuz, ordea, aginte publikoen aldetik, ez; justiziaren arloan, kasurako: “Jarraitzen dute esaten epaiketak epaiketa izan zirela eta kondenatuak kondenatu; hau da, tribunal faxistek egindako epaiak onartu egiten dira”. Gainera, gogoratu du pertsona askoren gorpuek “bide bazterretan” jarraitzen dutela, eta inork ez dakiela beste askorenak non dauden lurperatuta; eta ez da modu sistematikoan ikertzen”.

Nabarmendu duenez, funtsezkoa da gazteei garai hartan gertatutakoa helaraztea: “Ez da soilik aitorpen kontua, hurrengo belaunaldiek ere ulertu behar dute zer izan zen gerra zibila eta frankismoaren garaia”. Barreñak azaldu du ez zela “soilik” hiru urteko gerra izan: “Argi esan behar da gerraren ondorengo berrogei urteak zer izan ziren biztanleriarentzat: milaka pertsonak jasan zuten errepresioa modu sistematikoan, eta inork ez die inolako aitorpenik eskaini”. Umiliazioak, bazterketa soziala, gosea, kartzela… Barreñaren ustez, “ahanzturaren kartzelan baztertutakoei zor zaien gorazarrea” egiteko jaio zen Agurrik Gabeak ekitaldia. Aldi bakoitzean gai bat hartzen dute, eta horren inguruan osatzen dute ekitaldia. “Aurten, langileak izango dira protagonista nagusiak, eta Gasteizko 1976ko martxoaren 3ko elkarteko kideak izango ditugu gurekin”.

Durangon eta Durangaldean faxismoari buruz hitz egitean, bonben eztandek burrunba egiten dute oraindik zenbait herritarren belarrietan. Barreñak azaldu duenez, Durango herri eskuindarra zen, eta durangar askok egin zuten bat altxamenduarekin. Hala ere, azpimarratu du bazegoela populazioaren zati bat oso inplikatuta askatasunaren eta nazio eskubideen alde: “Antolatu egin ziren faxistei aurre egiteko, eta errepresioa jaso zuten ordainetan”. Durangoko, Elorrioko eta Otxandioko bonbardaketek ehunka hildako eragin zituztela azaldu du. Beste asko frontean hil ziren, eta beste batzuk fusilatu egin zituzten; horietako askok oraindik ere desagertuta jarraitzen dute.

Lekukotasunen urtekaria

Durango 1936 elkartea sortu zenetik hainbat egitasmo jarri dituzte martxan, eta horietako batzuek fruituak eman dituzte. Adibidez, udalak lehen eman ez zuen aitorpena ematea lortu dute. Elkartea buru-belarri aritu zen epaitegietan jarritako salaketei bultzada emateko, eta Kurutziaga kalean dagoen oroitarria jartzea lortu zuten. Agurrik Gabeak ekitaldia egiteaz gain, faxismoa pairatu zuten 150 pertsona ingururen testigantzak bildu dituzte azken bi urteetan.

Elkarrizketatu horien testigantzak eta 103 grabaketa bildu ditu elkarteak, eta webgune bat sortu du horiek jendearen eskura jartzeko. “Hor daude jasotako lekukotasun guztiak, gaiaren arabera antolatuta, gerraren kronologiari jarraituz”. Guztira 2.000 bideo daude gerraren eta errepresioaren inguruko hainbat lekukotasun zuzenekin. Egitasmoak izandako “arrakasta” ikusita, lekukotasunak beste formatu batean jartzea erabaki dute: “Urtekari bat sortzea erabaki dugu, testigantza horiei guztiei bultzada bat emateko eta faxismoak ekarri zuen guztia zabaltzeko”. Durangoko Hitz, Urrike eta Etxebarria liburu dendetan eros daiteke.