Belarri eta ahoak askatzeko prest

Aitziber Laskibar Lizarribar

Gehienak: Bizkaiko 112 herrietatik 93. Milaka pertsona. Prest, edo prestaketarako azken lanetan. Bi aste barru hasiko da Euskaraldia, hilaren 23an, ostiralarekin. Eta bertan parte hartzeko izena eman duten 93 herrietan sortu diren batzordeak ahobizi izango diren pertsonak eta belarriprest izango direnak biltzeko lanetan dabiltza. Duela bi aste kaleratutako datuen joerak jarraitzen du oraindik: belarriprest baino dezente ahobizi gehiago daude izena eman dutenen artean. Baina “orekatzen” ari da, apur bat, Jon Kobeaga Topaguneko kide eta Euskaraldiaren Bizkaiko koordinatzailearen hitzetan. Azken asteetan, belarriprest gehiago animatzen ari dira.

Pozgarritzat du gorakada hori, eta azken asteotan are handiagoa izatea nahiko luke: “Behar ditugu belarriprestak“. Izan ere, horiek gabe, nekez aldatuko dira hizkuntza ohiturak, eta horixe da Euskaraldiaren zioa: erdara hutsean egiten diren elkarrizketa eta harremanak gutxienez elebidun bihurtzea.

Gehienek ulertzen dute

Eustaten azken datuen arabera, euskaldun direnen eta euskara ulertzen dutenen baturak erdaldun elebakarren kopurua gainditzen du Bizkaian. %56tik gora dira euskaldun edo ia euskaldunak, eta ia %44 erdaldunak, euskara ulertzeko gai ez direnak. Zehazki, 486.498 pertsona (%43,67) ziren erdaldun 2016an Eustaten arabera, 407.859 (%36,61) euskaldun, eta 219.598 (%19,71) euskara ulertzeko gai direnak.

Datu horietatik urruti dago erabilera, ordea. Areago, Soziolinguistika Klusterrak azken urteetan egindako azterketek diote, euskararen jakintza gora egiten ari den arren, behera egiten ari dela erabilera. Eta beherakada hori gunerik euskaldunenetan gertatzen ari da nabarien, gainera, Bizkaian.

Horiek horrela, kezka berak batu ditu Bizkaiko herrietan Euskaraldiaren bueltan lanean ari direnak, Kobeagaren hitzetan. Oso errealitate eta gune desberdinek osatzen dute Bizkaia. Euskarari dagokionez, zerikusirik ez dute Meatzaldeak edo Ezkerraldeak eta Lea-Artibaik edo Arratiak. Gune oso euskaldunak daude Bizkaian, baina baita oso erdaldunak direnak ere.

“Kezka bera”

Errealitate diferente horietan euskaltzaleek “kezka bera” izateak harritu du Kobeaga, herriz herri dabilen honetan: “Hasiera batean eremu euskaldunetan Euskaraldiak izan zezakeen zereginari buruz zalantzak zeuden, baina ikusi dugu leku guztietan kezka bera dutela euskalgintzan dabiltzanek: erabileran eragitea”.

Euskaraldiaren muinean egiten dute topo, beraz, guztiek. Eta erabileran eragiteko, euskara gehiago egin dadin, funtsezkoa da belarripresten garrantzia. Horretan egin du indar Kobeagak. Euskaraz ulertu bai, baina bere burua hitz egiteko gai ikusten ez dutenak izango dira belarriprest. Edo, euskaldun izanda ere, Euskaraldiak irauten duen 11 egunetan lehen hitza beti euskaraz egingo dutela agindu nahi ez dutenak, aukera duten guztietan euskarari eusteko konpromisoa hartzen ez dutenak.

Euskaraz aritu nahi dutenei ateak irekiko dizkiete belarriaren irudia duen pina soinean daramatenek; euskaraz egin dezatela sustatuko dute: “Niri egidazu euskaraz”, esan nahi du, nolabait, belarriprest izateak. Euskaldunei eginiko gonbita da, belarriprestei euskaraz egin diezaieten. Belarriprestek euskaraz erantzun dezakete, edo gazteleraz. Baina gazteleraz erantzunda ere, ahobizia euskaraz jarraitzera bultzatuko du, eta, beraz, harreman berriak eragingo ditu ariketa horrek: lehen gaztelera hutsezko harremanak zirenak euskaldunduz joango dira, gutxienez elebidun bihurtuta.

Gune berri horiek berebiziko garrantzia dute hizkuntza ohiturak aldatzeko, euskaraz egin ahal izateko “esparru babestua” sortzen baitute. Ahobiziek beharrezko dituzte belarriprestak erabileran eragiteko, eta, erantzunak gazteleraz jaso arren, euskarari eutsiko diote. Hartarako konpromisoa hartuko dute ahobiziek.

Egoera berriak

Egoera berriak eragingo ditu horrek, eta deserosotasunak ere bai, agian, euskal hiztuna ez baitago ohituta erdaraz erantzuten dionarekiko solasaldian euskaraz jarraitzera. Hori dela eta, sor daitezkeen egoerak eta horien aurreko erantzunak aurreikusteko, prestaketa saioak egiten ari dira herriz herri. Beroketa gisara, hainbat ekitaldi ere egin dituzte batzordeek. Baina azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarteko ariketa izango da garrantzitsuena: egunerokoan, ohiko bizimoduko harremanetan, harremanak euskaragotzea. Horra hor erronka.