Azaletik mundurako aldarria

Natalia Salazar Orbe

Irudi bat behin eta berriz ikusarazita sortu eta elikatu egiten dira estereotipoak: jokamolde eta irudi zehatz batzuk pertsona talde batekin lotzen dira, alegia, multzo horretako pertsona guztiak berdinak bailiran. Ile laburra, galtza bakeroak, cowboyen ibilerak eta, sarri asko, jokaera zakarrak. Irudi horrekin aurkezten dituzte lesbianak hainbat ikus-entzunezkotan. Badira batere lekurik ere eskaintzen ez zaien eremuak. Arte eszenikoetan hutsaren hurrengoa da lesbianen presentzia. Hala ondorioztatu zuten Histeria Kolektiboak eta Kancaneo Teatro taldeak. Hutsune horrez jabetuta, urtebeteko lanaren ondoren Puro Bollo jaio da, Arte Lesbiko Eszenikoen Jaialdia.

Histeria Kolektiboak InundaciĆ³n antzezlana egin eta taularatu zuenean hasi zen kozinatzen Puro Bollo. Magda de Santo argentinarraren testua duen lana iaz aurkeztu zuten. Arrakasta handia izan zuen. Hala azaldu du Maria Salazarrek. Puro Bolloren antolatzaileetako bat da: “Lesbianismo garaikidea %100 jasotzen zuen lehen antzezlana izan zen”. Interes handia piztu zuen. “Gai lesbikoak lantzen dituen ekoizpenik apenas dagoen; protagonistatzat gaituztenik, kontakizunetako tramak gureak direnik eta gure aberastasun, aniztasun, arazo, zalantza, itxaropen eta desioak adierazten duenik”.

Gabezia horren aurrean, erabaki irmoa hartu zuten: “Lanik ez baldin bazegoen, sortu egin beharko genituen. Horregatik sortu genuen jaialdia”. Eta erditu dira. Jardueraz jositako egitarau zabala antolatu dute. Asteartean hasi zuten, eta, bihar arte, hausnarketarako tartea zabaldu nahi duten ikuskizun, hitzaldi eta eztabaidak antolatu dituzte.

Historian zehar gizartearen jokabideak izan duen eraginak testuingurua jartzen die gaur egungo egoerari eta Puro Bollo jaialdiaren zergatiari: “Identitate lesbikoak isilarazita egon dira diskurtso heteropatriarkal normatiboaren azpian. Izan ere, gorputz lesbikoa, identitate lesbikoa, gizonek iragarri izan dute. Diskurtso orokorra haiek eraiki dute. Hala, helburua da guk hartzea gure diskurtsoen ardura. Alegia, guri buruz hitz egitea eta gugandik eraikitzea”.

Euren asmoa ez da adierazpen lesbikoa egitea modu esentzialista batean. “Adierazteko, egiteko eta esateko modu anitzak” daudela aldarrikatuko dute. Eta horien lagin zabala dago ikusgai eta aztergai egunotan.

Zergatik Puro Bollo

Jaialdiaren izenburutik bertatik egin nahi diote aipamen lesbianismoa ikusarazteko beharrari. Bollo hitzak lesbianen aurkako irainari egiten dio aipamen. “Irain hori gure egiten dugu eta hortik geure buruak aldarrikatzen ditugu, erresistentzia eta salaketa estrategia moduan”. Puro, berriz, puru edo garbi-ari buruz ari da. “LGTBI sigla horretatik L-ari buruz soilik hitz egingo dugu. Behar dugu. Uste dugu noizean behin gu bakarrik elkartzea egokia dela. Ohituta gaude beste talde feminista batzuekin batera aritzera, aldarrikapen feministen alde borrokan. Estrategia feministak behar ditugu heteropatriarkatua hausteko, baina gure berezitasunei buruz hitz egiteko tartea ere behar dugu”.

1.
PENKOLETAS SISTERS

Hausnarketa sakonez gain, antzezlan, musika eta performanceentzako lekua ere zabalduko du jaialdiak. Musika eta antzerkia uztartuko ditu, esaterako, Penkoletas Sisters Feminista Show ikuskizunak. Umorez jantzitako ikuskizun desobedientea taularatuko dute Kancaneo Teatrok eta Mage Arnalek. Hiru ahizpa lotsagabek agertokia argituko dute euren hizkera ilunarekin. Eredu nazkante patriarkalak inposatzen dituen etiketa zabaltzaileak haustea du helburu ikuskizunak, sortzaileek eurek azaldu dutenez. Penkoletas taldea agertokira igoko da kontzertu bat emateko asmoz. Hala ere, euren izaera zoroaren ondorioz, aparatu elektronikoen artean kateatu eta nahastuko dira. Zailtasun guztiei aurre egin eta ikuskizunak aurrera egingo du, ordea. Beti ere, umorearen eta kritikaren bidea urratuta.

2.
BOLLO BERTSO SAIOA

Bizkaiko eta Euskal Herri osoko plaza eta agertoki anitzetan ohikoak diren bertso saioek jaialdiaren izaerari helduta bestelako gai batzuk taularatuko dituzte. Bat-bateko kantuak heteropatriarkatuaren aurkako aldarri bilakatuko dira Amaia Agirre, Maider Arregi eta Saioa Alkaiza bertsolarien ahotan. Ainhoa Aranburuk zuzenduko du saioa, gaiak aukeratu eta jarrita. Ikuspegi lesbiko transfeminista erradikala ardatz duen saioa iragarri dute gaurko. Bizipen lesbikoak ikusaraziko dituzte, umorea surrealismoarekin batuta eta fikzioa autobiografiarekin eta egunerokotasunarekin uztartuta.

3.
‘SOLITA’ ETA MIKROLANAK

Lesbianen errealitatea lantzen duten lanen bila ibili dira Histeria Kolektiboa eta Kancaneo taldea. Deialdi publikoa egin zuten joan den ekainean, eta hogei proposamen baino gehiago jaso zituzten. Horietatik sei aukeratu dituzte jaialdirako. Horietako bat da Solita. Lina M. S. Calderok ondu du biodrama. Bertan ar bat abortatu duen Solita da protagonista. Nahastuta, jaiki egin da, otoi egin du, oinez doa… Internetetik Angelarekin hitz egingo du. Machamalacha jainkosa lesbianak indarra emango dio arrak abortatzen jarraitzeko. Prozesu horretan konturatuko da Angela lagun bat baino gehiago dela beretzat.

Antzezlan labur horietako beste bat da Si alguien pronuncia tu nombre. Monique Wittigen Gorputz Lesbianoa lana hartu dute ardatz lana osatzeko. Wittigen iruditeria lesbikoak behin eta berriz ekartzen du gogora irlaren ideia. Egilea Lesbos eta Safora itzultzen da, eta Dostopias konpainiako artistek ere beste horrenbeste egin nahi dute. Baina ezinezkoa izango zaie.

4.
‘ANARKIA RELACIONAL’

Lesbianismoa ikusarazten duen beste lan bat da Anarkia relacional. Opil artisauak egiten trebeak eta adituak diren beste garai bateko bi emakume ditu protagonista: Mila Espiga eta Belen Cruz. Ustez nahastu egin direlako agertuko dira Puro Bollo jaialdian. Euren artearen erakustaldia egingo dute. Alegia, opilak egingo dituzte. Jaialdian daudela, LGTB terminologian murgilduta aurkituko dute euren burua. Terminologia hori eta bere esanahia eta errealitatea ulertu nahi dituzte. Gustura egongo dira espazio libertario horretan.

BESTEAK

Ikuskizun hutsez harago joan nahi izan dute Puro Bollo jaialdiaren antolatzaileek. “Ataletako batzuk ikusteko eta gozatzeko izango dira. Baina badaude beste batzuk esertzeko, hitz egiteko, hausnartzeko eta batzuk besteengandik ikasteko. Eztabaidarako eta ekintzarako espazioak egongo dira taldean antolatutako jardueretan zein praktika artistikoetan. Guretzako biak baitoaz lotuta: praktika artistikoak ekintza politikorako erreminta bat dira”.

Bihar goizean hartuko dituzte emanaldirik teorikoenak. “Lesbianismoa antzerkiaren munduan normalizatzeko ideia aztertu eta landuko dugu. Hori egitea posible bada behintzat”. Zergatik ez dago gai lesbikoak lantzen dituen antzerki ekoizpenik? Galdera horri erantzuten ahaleginduko dira Alicia Casado eta Magda de Santos.

Gozamenerako saioek okupatuko dituzte hainbat arloren gaineko hausnarketa sakona hartu duten agertokiak ere. Bihar, esaterako, Sokak eta lumak ikuskizunean Lesbosetik Bilborako bidaia poetikoa irudikatuko dute. Bertan ariko dira Lo Sosa Guedes Kanariar Irletan jaiotako musikaria eta Idoia CarramiƱana eta Haizea Murgia poeta bilbotarrak.

Bestalde, erritmoak eta esperientziak taula gainean jarriko dituzte Sare Lesbianistak eta Sokolek. Una de cal y otra de arena ikuskizunean lesbofobia, itxaropen galduak, errebeldia, sexua eta sexualitatea izango dituzte aztergai, besteak beste. Erritmo eta esperientziak uztartuta sortzen dituzten polifoniak aurkeztuko dizkiete ikus-entzuleei.

Flamenkoak bestelako doinu eta erritmoak eramango ditu agertokira. Doinu sentituak, indartsuak, kolpeak eta takoi jotzeak dakartza A base de palos, solo el flamenco lanak. Indar horixe bera helaraziko diete Peskadilleis taldeko kideek Badulaken jaialdiari agur esateko antolatu duten festara gerturatzen direnei. Han ere, aldarrikapena izango da nagusi. Hitzak, doinuak, hausnarketak, kolektiboaren barruan.

Puro Bollo jaialdiko hainbat ikuskizunetarako sarrerak erosi behar dira. Gaurko antzezlan laburretarako sarrerak lortzeko, histeriakolektiboa@gmail.com helbidera idatzi behar da, hain zuzen ere. Baita bazkarirako erreserba egiteko ere.