Ukimenarekin ikusteko artea

Ukimenarekin ikusteko artea

Aitziber Laskibar Lizarribar

Jarri koadroaren aurrean eta luzatu besoak. Ipini eskuak margolanaren goiko aldean, erdialdean. Ertza nabarituko da, erliebe eta tolesturei esker bolumena hartzen duen marmitaren ertza. Behera egin, eta ontziaren heldulekuak daude alde banatan. Eskuinaldekoa, eskuarekin oratua du neskak. Leuna da neskaren eskua oso. Apur bat beherago jertsera iritsiko gara. Nabari da ehunduran. Latzagoa da, lodiagoa. Eta gorputza noraino iristen den sentituko dugu, atzealdea lauagoa baita. Aurpegia du leunena, eta arreta berezia eskatzen du. Ilearen kizkurrak atzamarrekin nabaritu, eta azalaren xamurtasunak dei egingo du. Begiak, sudurraren erliebea eta ezpain amultsuak. Ezpainetan latzagoa den zerbait du: krabelin gorria dela azalduko du audio gidariak.

Adolfo Guiarden Krabelin gorria duen baserritar gaztea lana da. Bistara margolana, baina sentituz ere ikus daitekeena. Ikusmen urritasuna dutenentzako 3D sistema erabilita egina. Bilboko Arte Ederren Museoaren Ukitzeko Artea programaren barruan sortutako azken lana da.

Duela sei urte abiatu zuen proiektua museoak, Durero estudioaren eskutik. Egitasmo berritzailea izan zen, aitzindaria mundu osoan. Egia bihurtutako “ametsa”, Ander Soriano sustatzailearen hitzetan: “Irudiak hiru dimentsiotan egin ahal genituela pentsatu genuen, hobeto ulertu ahal izateko”. Ikusmen urritasuna dutenak “aukera berdintasunera” hurbiltzea helburu, ikerketa eta probetan murgildu ziren. Eta asmatu zuten koadroak ukimenaren bidez ikusarazten.

Erliebean egindako bost lan izan ditu orain arte museoak: Grekoren Deikundea, Jose Riberaren San Sebastian, emakume santuek sendatua, Orazio Gentileschiren Lot eta bere alabak, Mary Casslten Emakumea eserita umea besoetan duela, eta Francis Baconen Figura etzana ispiluan. Seigarrena da Adolfo Guiarden Krabelin gorria duen baserritar gaztea. Gabezia bat kitatu du horrela museoak: proiektuaren barruan euskal artista baten obra interpretatzea.

Gauzatutako lanen kopuruan ez ezik, kalitatean eta zabalpenean ere aurrerapen handiak izan ditu egitasmoak sei urteotan. Eskuekin koadroak ikusteko orduan, nabaria da lehen lanen eta azkenengoaren arteko aldea: asko findu da testuretan, eta espazioa eta elementuak askoz garbiago antzematen dira azken lanean. Erliebeen ñabardurak ere gero eta nabarmenagoak dira. Izan ere, sakontasunak sentiarazteko 300 kopia erabili dira, bata bestearen gainean jarrita. Eta, hobetu nahian, ikerketetan jarraitzen du Durero estudioak. Koloreak ere sentiaraztea nahi lukete. “Oraindik ez dugu lortu, baina tenperaturarekin ari gara lanean”.

Bizkaiko 25 ikastetxetara

Hala ere, dagoeneko arrakasta handia lortu du egitasmoak, eta mundu osora zabaldu da. Nazioarteko 33 museok bereganatu dute Bilbon sortutako teknika eta 85 interpretazio daude horietan.

Orain, Bizkaiko ikastetxeetara heldu da. Museoak eskolen esku jarri du Ukitzeko Artea programa, ikusmen urritasuna dutenek zein ez dutenek artea beste ikuspuntu batetik ere uler dezaten. 2019ko martxora arte ibiliko da bilduma eskolaz eskola, eta, orain arte, 25 ikastetxek eskatu dute bertaratzea: Bilboko, Ondarroako, Plentziako, Barakaldoko, Berrizko eta Santurtziko eskolek, besteak beste. Bilboko Unamuno ikastetxeak hasi du ibilbidea. Bertan da erakusketa asteon, eta azalpenak emango dituzten gidak ere jarriko ditu museoak. Egitasmoa Bizkaian hasi den arren, sustatzaileek uste dute gerora zabaldu egingo dela.