Protestak iragarri dituzte Ibar Nagusien Etxea bota ez dezaten

Protestak iragarri dituzte Ibar Nagusien Etxea bota ez dezaten

Peru Azpillaga

Ibar Nagusien Etxeak zutik dirau oraindik, Getxon. Auzokideek duela berrogei urtetik baino gehiagotik erabiltzen duten eraikina bota ez dezaten, Itzubaltzetako Plataformak mobilizazioak iragarri ditu azarotik aurrera. Nagusien etxeko kideek eta Itzubaltzetako Auzokideen Elkarteak osatzen dute plataforma. Haien helburua herriko beste elkarte eta mugimenduekin aliantzak egitea da, nagusien etxea mantentzeaz gain, inguruan dauden espazio hutsei bizitza berri bat emateko.

Itzubaltzetako Plataforma orain dela bi urte sortu zen; batik bat, Ibar Nagusien Etxearen gaia lantzeko. “Berrogei urte daramatza irekita, eta, orain, etxeak eraikitzeko bota nahi dute; badakigu ez dela Burgosko katedrala, baina bere balioa eta istorioak ditu atzean”, azaldu du Jose Maria Murillo plataformako kideak. Duela berrogei urte erosi zuten eraikina aldundiak eta Getxoko Udalak. Auzokideen elkartearen presioaren ondorioz lortu zuten eraikinari erabilera publikoa ematea. “Partikularrei saldu nahi zieten, eta auzokideek lortu zuten erabilera publikoa ematea; orain egoera beraren aurrean gaude berriz”.

Horregatik, aldarria zabaldu, eta beste elkarte batzuekin elkarlana sustatu nahi du plataformak. “Hori da gure helburua. Gero ikusiko dugu noraino iristen garen; ez dugu inor konprometitzera behartu nahi”, erantsi du. Azaldu duenez, nagusien etxearekin batera, eraikin berean, 11 etxebizitza daude, orain dela bi urte hustu zituztenak. Gainera, eraikinaren alboan, duela gutxira arte kultura gela eta udal euskaltegia biltzen zituen eraikina dago, hori ere hutsik. Bi zerbitzu horiek, eraiki berri duten Itzubaltzetako kultur etxera eraman dituzte. “Burdinaz eta kristalez egindako eraikin xelebre bat da, eta bertan sartu nahi dute dena, kultura, jende nagusia, euskara… Edukiontzi bat izango balitz bezala”, kexatu da Murillo. Eraikin berri horren hirugarren solairua adineko jendearentzat izango da, nagusien etxeak eskaintzen zituen zerbitzuak ordezteko. Baina, Murillok dioenez, egun duten espazioa baino lau aldiz txikiagoa da. “Gu Ibar etxera joaten gara oraindik ere; atzera egin behar izan dute. Urteko aurrekontua eman digute, eta guk antolatzen ditugu ekintza guztiak; hemen egiten ditugun gauzak kultura etxe berrian egingo bagenitu, ez ginateke inondik inora kabituko”, nabarmendu du.

Hutsik dauden beste espazio horiek baliatuz, Itzubaltzetako Plataformak eskua luzatu die beste zenbait elkarteri, batera lanean hasteko. “Ez gara besoak gurutzatuta geratuko; erresistentzia handia egin dugu, eta soilik jendearen parte hartzeari esker lortu dugu nagusien etxea zabalik mantentzea”.

Plataformaren bidez, auzoko jendeak euren proposamenarekin bat egitea nahi izan dute: eraikina ez botatzea eta hutsik dauden espazioetan auzoarentzako proiektuak martxan jartzea: “Eraikin horiek beste elkarte batzuek aprobetxa ditzakete, eta hala, guztiok batera, indar handiagoa egin genezake”. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak migratzaileentzako etxebizitzak eskatzen ditu; mugimendu feministak, tratu txarrak jaso dituzten emakumeentzako etxeak; eta gazteek ere, alokairuen eta etxebizitzen prezioa dela eta, emantzipatzeko arazoak dituztela aipatu du Murillok. “Hortaz, eskua luzatu nahi diegu eragile horiei guztiei, gure aldarrikapenarekin bat egin dezaten. Ez dakigu zertarako prest egongo diren, zaila da helburu desberdinak dituzten mugimenduak helburu bakarraren inguruan batzea. Gainera, bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta guk ez dugu inor behartu nahi”, argitu du.

Udalaren erantzuna

Proposamen horren aurrean, “harridura” azaldu du Getxoko alkate Imanol Landak; haren esanetan, udalak lan egiten baitu bazterketa larrian bizi diren pertsonen alde. Argitaratutako oharrean adierazi du udalak zenbait diru laguntza ematen dituela, eta sustatzen dituen proiektuak zerrendatu ditu. “Ohar horrekin ikusi dugu egindako lanaren bidez gero eta garrantzi handiagoa ematen diotela esaten dugunari eta jada ez garela hasierako eltxoa”, nabarmendu du Murillok. Horretaz gain, aitortu du Landa beti egon izan dela eurekin hitz egiteko prest, baina beti eman diela erantzun bera: etxebizitzak eraikiko dituztela egun nagusien etxea dagoen eraikinean.

Aitzitik, Murillok gogoratu du udalaren gehiengoak bat egiten duela euren aldarrikapenarekin eta udaleko osoko bilkurak oposizioak aurkeztutako lau mozio onartu dituela. “PPtik EH Bilduraino, oposizioko alderdi guztiak gure alde azaldu dira; ea zer gertatzen den hauteskundeen garaia heltzen denean”.

Eguneko zentroa falta

Getxon eguneko zentro baten beharra dagoela azpimarratu du Murillok: 90.000 biztanleko udalerrian hamabost pertsonarentzako tokia baino ez dagoela, eta, egunero, jende nagusia Leioara eraman behar izaten dutela. Murillok adierazi du udala Ibar Nagusien Etxeko zerbitzuak murriztuz joan dela presioa egiteko: “Guk ez diogu erabiltzeari utzi; atezainak kendu dizkigute, podologoa, ile apaindegia… Eta orain taberna kendu nahi digute”. Azarotik berriz ere mobilizatzen hasiko dira: “Kalera aterako gara, eta gure aldarria lau haizeetara zabalduko dugu. Ibar etxea oraindik irekita badago, egindako lanari esker dago; garaipen txiki bat izan da, eta ez gara errendituko”.