Popatik hartzera, John Lennon!

Igor Elordui Etxebarria

Irratian entzun dizut, beste behin, John Lennon. Oraingo honetan lanera bidean izan da, albistegiak entzun eta sintonia aldatu dudanean, musika entzun guran. Eta entzun badizut entzun dizut. Ozpindu didazue eguna; albistegiak eta zeuk.

Imagine there’s no heaven, it’s easy if you try, no hell below us, above us only sky, imagine all the people living for today… Ez dagoela ez paradisurik ez infernurik, zerua baino ez, eta imajinatzeko jende guztia egunean egunekoa bizitzen… Bai zera, John Lennon! Aberatsa aberatsago eta pobrea pobreago den honetan?

Imagine there’s no countries, it isn’t hard to do, nothing to kill or die for, no religion too, imagine all the people living life in peace… Herrialderik ez dagoela, ez dagoela zergatik erail edota zergatik hil, ezta erlijiorik ere, imajinatzeko jende guztia bakean bizitzen… Kar-kar, John Lennon! Ari da jendea gerretan hiltzen Sirian, Yemenen… Ari dira israeldarrak palestinarren kontra, musulman salafistak salafista ez diren denen kontra eta ultraeskuindarrak agintzen, han eta hemen.

Imagine no possessions, i wonder if you can, no need for greed or hunger, a brotherhood of man, imagine all the people, sharing all the world… Ez dagoela jabetzarik, ea posible den, galdetzen diguzu, bizitzea diruzalekeriarik gabe, goserik gabe, gizakion arteko anaitasunean, denok dena partekatzen… Ai, John Lennon! Nola azaldu badela oraintxe bertan gosez hiltzen ari den jendea? Miseriatik ihesi itsasoan hiltzen ari den jendea?

You may say I’m a dreamer, but I’m not the only one, i hope some day you’ll join us, and the world will live as one… Ameslari bat zarela, baina ez zarela bakarra, egunen batean denok batu eta bat izango garela… Zoaz popatik hartzera, John Lennon! Ez zaizu hori kantatzea baino gauza hoberik bururatzen? Iraultza ez dago modan eta indarkeriak ez du ezertarako balio, baina ez duzu uste imajinatzea baino zerbait gehiago egin dezakegula? Eskuinak gatibu dauka ezkerra, zeurea bezalako onkerian kateatuta, John Lennon.

Eta erru guztia ez da Yoko Onorena. Ez, behintzat, manifestazioetara pentsiodunak doazen eta gazteek lonjetan geratzea nahiago duten garaian. Badirenean martxoaren 8an lila kolorez mozorrotzen diren emakumeak, etxea garbitzen dien kontratu bako neska dutenak. Sindikatuko ordezkari batzuk sindikatuko orduak erabiltzen dituztenean, esaterako, Corte Inglesen Gabonetako erosketak egiteko. Markako ekologistak hitzaldietara joateko etxeko bigarren autoa erosten duenean. Etorkinen egoerak kezkatuta dabilen horrek Bangladeshen egindako arropa erosten duenean. Quinoa jaten duen beganoak ez dakienean kontsumoa igo delako prezioa ere igo dela eta, ondorioz, Andeetako jendeak ezin dezakeela jada berau jan. Badirenean txakurra tabernatik tabernara daramaten animalistak. Eta abar. Eta ni, zer, John Lennon? Bada, ni neu ere kontraesanez beterik, soinu berrien zain, zeren imajinatzea ez da egitea. Purgatorioan ikusiko gara.