“Euskaratik egiteko gai izan behar dugu, euskaraz baino areago”

“Euskaratik egiteko gai izan behar dugu, euskaraz baino areago”

Peru Azpillaga

2016an Barañainen (Nafarroa) antolatutako Gazte Eraiki topaketetan landatutako hazitik ernaldu dira Bizkaiko gazte euskaltzaleen topaketak. Azaroaren 10ean izango dira, Portugaleteko Merkatuan, Topa Gaitezen izenpean. Bertan, “gazte mugimenduak euskararen gaia ulertzeko eta onartzeko daukan gabeziatik abiatuta”, euskarari duen indarra aitortu eta zentralitatea ematen saiatuko dira, gazteen ikuspegitik euskararen inguruko hausnarketa sustatuz. Barañaingo topaketa haietan egon zen Mikel Aiartzaguena (Bilbo, 1997), eta, geroztik, bertan ezagututako kideekin batera, buru-belarri ibili da euskararen gaia lantzen gazte mugimenduaren barruan.

Zergatik erabaki zenuten Bizkaiko bertako gazte euskaltzaleen topaketak antolatzea?

Barañaingo topaketetatik bi ondorio atera genituen. Batetik, egon badaudenez euskararen gaia beste esparru batzuetan lantzen duten eragileak, ikusi genuen lanketa bat abiatu behar genuela gazte mugimenduan aktiboagoa den jendearekin. Bestetik, hausnarketa bati heltzeko beharra genuen. Hala, euskalduntze gida sortu genuen gogoeta hori Euskal Herriko txoko guztietara eramateko tresna gisa.

Zer fruitu eman zituen hausnarketa horrek?

Ikusi dugu gidarekin ez ditugula gure helburuak lortu. Bizkaian, ordea, nabaritu genuen bagenuela halako hausnarketa bat abiatzeko indarra. Hortaz, dinamika deszentralizatzea eta Bizkaian topaketak antolatzea erabaki genuen; beste herrialdeetan, segur aski, aurrerago egingo dituzte. Topaketak euskararen gaia mahai gainean egongo den momentu batean egitea erabaki genuen; eta noiz da hori? Bada, orain: Euskaraldia dator, Korrika ere hor dago, eta euskarak presentzia handia eskuratu du; begira zer gertatu den MTV eta Berri Txarrak-en kontuarekin…

Zein da topaketen helburua?

Gure ustez, topaketek euskararen inguruko hausnarketa batzuk egiteko balio behar dute. Euskal Herria eraikitzeko, euskal komunitate baten beharra dugu, eta, urteetan, euskara izan da komunitate horren lubakia. Hau da, kultur asimilazioaren eta, oro har, herri honen asimilazioaren kontra egiteko, euskara funtsezko tresna izan da, hizkuntza bati errealitatearen eraikuntzan duen garrantzia emanez.

Hausnarketarako plaza bilakatu nahi dituzue topaketak, beraz?

Bai, topaketen bidez hausnarketa hori sustatu nahi dugu gazteen artean. Urte askoren ostean lehen aldiz egongo da euskararen inguruan gazte mailan aritzeko espazio bat. Are gehiago, baliteke lehenengo aldia izatea Bizkaian gazteak elkartu eta horretaz hitz egiteko aukera izango duguna. Horregatik, ahalik eta pluralena izatea espero dugu.

Zer ondorio ateratzea espero duzue?

Gogoeta egitetik harago, horretarako tresnak sortzea eta tresna horiek Bizkaian hedatzeko plan bat pentsatzea da asmoa. Ez dugu asmorik gogoeta bat inposatzeko, baina argi dugu ezinbestekoa dela egun euskararen inguruan gazteon ikuspuntutik hausnartzea; gai horrek zentralitatea hartu behar du. Horretarako, ahalik eta jende eta ikuspuntu gehien bildu behar dugu hausnarketa honetan. Egun bakarra izan arren, askorako eman dezake.

Zergatik uste duzue badela gazteen artean euskararen inguruan hausnartzeko beharra?

Batetik, argi dago euskalgintza, antolakuntza mailan batez ere, zaharkitzen ari dela eta gazteek ez dutela bertan beren borrokarako esparrua aurkitzen. Beste analisia garaien talkari buruzkoa da. Pertsona nagusiagoak bortxazko garai batetik datoz, euskaren desagerpena administratiboki inposatzen zen garaitik. Gu, ostera, bere garaian garatutako normalizazio politiken ondorioak bizi izan ditugun belaunaldia gara; inolako konplexu eta beldurrik gabe orainaz hitz egiten hasi daitekeen lehen belaunaldia, hain zuzen ere.

Hots, egungo gazteek garai batean hartutako erabakien ondorioak bizi izan dituzue.

Hori da. Erabaki batzuk hartu ziren; egoera kritikoa zen. Horrek ikuspuntu sakonagoa ematen dio garai hartako jende euskaltzaleari, baina, aldi berean, mugak ere jartzen ditu zenbait gauza ulertzeko orduan. Adibidez, oso gogorra egiten zaie entzutea euskara txarto dagoela. Agian ez da garai batean bizitakoaren parekoa , baina era diferente batean ulertuta, txarto dago: normalizazio prozesu batetik asimilazio prozesu oso sakon batera igaro gara, batez ere kultur eremuan.

Asimilazio prozesu batean gaudela diozu?

Bai, nolabait esanda, gu gara euskara ezagutu bai baina euskaraz bizi ezin den gazteen belaunaldia. Beraz, topaketek aukera ematen digute bai euskararen inguruko antolakuntza eredu desberdin batean aritzeko, baina baita konplexurik gabe, gazte ikuspuntu batetik jorratzeko ere euskararen problematika.

Euskaraldia ate joka dugun honetan, zer iruditzen zaizue zuei dinamika hori?

Azkenean, horrek erakusten du bere garaian asmatu genuela. Badirela euskalgintza beste ikusmolde batzuekin eta beste eremu batzuetan lantzen duten taldeak. Badugu Topagunea eta baditugu Euskaraldiarekin datozen proposamenak ere; ahalik eta egitasmo gehien behar dugu, euskararen gaia esparru guztietara zabaltzeko eta ikuspuntu askotatik lantzeko. Eta hor gazteok ere egon beharko dugu. Dinamika bera herri aktibazioa eta ilusioa sortzeko tresna ona izan daiteke, baita maila lokalean izaten diren harreman ohitura batzuk apurtzeko ere. Gerora, ordea, estrategia edo ideia argirik gabe ez luke izango fundamentu handirik.

Etorkizunera begira, zeintzuk dira erronkak?

Esango nuke erronka nagusia ulerkera bat sortzea dela. Euskararekin lanean ibili den jende gazteak konplexu nahikotxo ditu orain dauden joera guztiekin euskararen borroka kokatu behar den mailan kokatzeko. Nire ustez, borroka iraultzaile moduan ulertu behar dugu; hots, Euskal Herriak beharrezkoa duen borroka baten moduan. Hortik aurrera, ikusi beharko da… egiten duguna egiten dugula, kapazak izan behar dugu euskaraz baino areago euskaratik egiteko. Baina hori ere ulerkera kontua da. Ez du axola non; euskaraz bizi nahi badugu, euskaratik bizi beharko dugu.