Etxegabeen kopurua bikoiztu egin da bi urtean: 264 lagun bizi dira kalean

Etxegabeen kopurua bikoiztu egin da bi urtean: 264 lagun bizi dira kalean

Natalia Salazar Orbe

Tenperaturek behera egin dute. Hego haizeak ihes egin du, eta iparra gogotik sartu da. Termometroetan gero eta zenbaki baxuagoak ageri dira. Hotzak eta euriak hartu dituzte kaleak. Askok etxeko epelean egiten diete aurre eguraldiaren astinduei. Baina etxerik ez eta euria, eguzkia, haizea eta ateria kale gorrian jasan behar duenik ere bada. Ez dira gutxi, gainera. Bizkaian, 264 zenbatu dituzte. Horietako gehien-gehienak, Bilbon: 211. Duela bi urte egin zuten zenbaketaren ia bikoitza da. Joera, gainera, goranzkoa da. Hala utzi du agerian Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek, Eudelek eta zenbait udalerrik Etxerik Gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategia garatzeko egin duten ikerketaren ataletako batek. Ikerketa horren helburua da pertsona horiei laguntzeko politika integralak diseinatzea eta ezartzea.

Hainbat boluntariok herriz herri eta kalez kale zenbatu zituzten kalean lotan ari ziren etxegabeak. Urriaren 18tik 19rako gauean egin zuten zenbaketa Bilbon, Barakaldon, Erandion, Galdakaon, Getxon, Gueñesen, Leioan, Portugaleten, Santurtzin, Sestaon, Urduñan eta Zallan. Horiek, Bizkaian. Araban eta Gipuzkoan ere prozesu bera egin dute.

Bilbon, esan bezala, gaua kalean igarotzen ari ziren 211 etxegabe zenbatu zituzten. Barakaldon, 30 pertsona aurkitu zituzten kalean lotan —aztertutako hiru lurraldeetako udalerri populatuenetan laugarrena da—; Erandion, hiru; Galdakaon, bat; Getxon, hamar; Leioan, sei; Santurtzin, bat; eta Sestaon, bi. Zenbaketa hori egin zuten denbora berean, gizartean baztertuta dauden pertsonei arreta emateko zentro eta zerbitzuetan ere egin zituzten kontaketak.

Datuok ez dira zehatzak, ordea. Zenbaketa lana ez da iristen hiri eta herriotako eremu guztietara, eta gau bakarrean egin da. Hori dela eta, zenbakiak orientagarriak dira. Hala azaldu du Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuordeak. Azaldu du bizilekurik ez dutenek ez dutela eratzen talde homogeneo bat eta denboran zehar ez dituztela izaten ezaugarri iraunkorrak.

Egoeraren Bizkaiko argazki hori egiteaz gain, Bilboko egoera zehatza zein den argitu aldera, beste ikerketa bat eskatu du Bilboko Udalak. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak egin dute. Ikerketa horren emaitzek agerian utzi dute babesik gabe dauden gazte atzerritarrek osatzen dutela etxegabeen kopururik handiena. Profil nagusia 28 urtetik beherako migranteek osatzen dute. Bakarrik etorri diren gazte migratzaileak dira batzuk: 18 urtetik gorakoak, alegia. Besteak, 18 urteak bete eta aldundiak eskaintzen dituen baliabide eta zerbitzuetatik kanpo geratu dira. Bizkaira bakarrik iritsi diren adingabe migratzaileen kargu hartzen du administrazioak adinez nagusi egiten diren arte. Gero, euren kabuz moldatu behar dute.

Gazte horien %44,7 Magrebetik iritsitakoak dira; eta %20,5, Saharaz hegoaldetik. Euren herrialdeko egoera jasanezinetatik ihes datoz. Hala azaldu dute txostena aurkeztu duten adituek. Iraide Fernandez ikerlariaren arabera, eurenean lan egiteko aukerarik aurreikusten ez dutelako edota gerretatik ihesi egiten dute alde euren herrialdeetatik.

Egoera zaila dute. %60k kalean egin ohi dute lo; %26k, etxebizitza edo ostatu batean; eta gainerako %12k, aterpetxeetan.

Ikerketaren ondorioetan beharrezkotzat jo dute protokoloren bat ezartzea adingabe direnetik adin nagusiko bihurtzen direnerainoko prozesu horretarako. Baliabide malguagoen beharra antzeman dute Ikuspegiko ikerlariek. Erabiltzaile bakoitzaren baldintzen arabera egokituko diren baliabideak proposatu dituzte.

Familiak kalean

Migratzaile gazteez gain, gora egin dute gizarte larrialdietako udal zerbitzuak artatu dituen emakume eta familien kopuruak ere. Nabarmen, gainera. 2014an zortzi familia artatzen zituen zerbitzu horrek. Aurten, urtea bukatu orduko, 125 dira dagoeneko. Urtez urte ikusi da kopuruak gora egin duela. 2015ean 13 familia artatu zituzten; 2016an, 32; eta iaz, 93.

Bilbon bertan larrialdietarako zerbitzuak uda aurretik 233 erabiltzaileren artean egindako inkesta batek agerian utzi du beste errealitate bat: erabiltzaileen %87,2 gizonezkoak dira, eta %12,8, emakumezkoak. Hala, emakumeen kopuruak gora egin duela berretsi du ikerketak. Gaua kalean ematen dute erdiek; %29k etxebizitza edo ostatu batean egiten dute lo —datu hori ez da esanguratsua, ikerlarien arabera, ez baita etxebizitza egonkorra—; eta gainerako %14k aterpetxeren batera jotzen dute.

Ikerketak etxegabeen eboluzioari buruzko joera argia utzi du agerian: azken urteetan gora egin du etxerik ez duten atzerritarren kopuruak, bertokoekin alderatuta. Erdia ziren 2007. urtean, eta egun %85etik gora dira migratzaileak.