Defentsarako bigarren aukera

Eider Mugartegi

Fronteak egonkortzearekin batera, lehen lerroko defentsaz gain, bigarren defentsa lerroa osatzen hasi ziren faxismoaren aurkako indarrak 1936ko urrian. Bilboko Burdin Hesia bezala izendatutako defentsarako instalazioen ondoren, atzeragoardian egindako defentsarako proiekturik handiena izan zen bigarren lerro hori. Kilometrotako lubaki eta alanbre lerroez gain, hormigoizko hemeretzi metrailadore habia, tunelak, bideak eta komunikazioetarako instalazioak prestatu zituzten.

Aurreikusita zuten egitasmotik, Markinaldeko frontekoa besterik ez zuten egin. Agian, borroka frontearen eremurik ahulena zela uste zutelako. Alde batetik, gertu zituzten frankistak: Eibar gainean dagoen Akondia mendian, esate baterako, elkarrengandik 50 metrora zeuden bi fronteak. Bestetik, posizio hobeetan zeuden frankistak lehen lerro osoan, gorago.

Markinaldeko bigarren defentsa lerroa Itxoñomenditik Urko mendiraino egitea agindu zuten errepublikazaleek. Markina-Xemeingo Zapola eta Iturreta mendiak lotuta defentsa lerroa osatzea zuten helburuetako bat. Bestea, bi mendien artean dagoen errepidea ixtea, herrigunea eta Iruzubieta auzoa lotzen dituena.

Zapolako gunea erretagoardiako gune altuenetako bat izanik, gerra frontearentzat behatoki paregabea zen. Ikuspegi ikaragarria dago bertatik hegazkinak kontrolatu edo gerlariak nondik nora zebiltzan ikusteko. Urko, Kalamua, Akondia, Urkaregi eta Iturreta mendiak, eta Etxebarria eta Markina-Xemein osoa daude begi bistan.

Errrepideak

Bigarren lerro hori egiten zuten aldi berean bideak sortu zituzten, bigarren defentsa lerroa eraiki eta hornitzeko: Zapola eta Santa Eufemi mendiak lotzen dituen errepidea, Lekoiztik Santa Eufemira doana; Santa Eufemitik Larruz baserrira artekoa; bai eta beste pista batzuk ere. Horrez gain, Iruzubieta auzoaren, Zapola mendiaren, Lekoiz muinoaren eta Aulesti herriaren artean lotura egongo zela ziurtatzeko beste bide bat zabaldu zuten Iruzubietako Larruskain baserritik Meabe auzora arte.

Hori guztiori eraikitzen ikusten zituzten Francoren aldekoek euren kokapenetatik, eta lanak aurrera egitea eragozteko bonbak jaurtitzen zizkieten lanean zenbiltzan beharginei. Hala, obrak gauez egiten zituzten batez ere.

Gainera, errepublikaren aldekoek Lekoizen zeukaten inguruetako artilleria indartsuena. Lekoiz gune garrantzitsua zen; bertatik erasotzen zituzten Urkaregi eta Kalamuan zeuden etsaiak, eta nazionalek bertara bideratzen zituzten hegazkin eta artilleria eraso gehienak.

Bigarren defentsa lerroa ez zuten sekula erabili. Faxistek Elgeta eta Elorrio inguruetako frontea apurtu eta berehala, Oiz mendia berenganatu zuten. Errepublikaren defentsan aritutakoak, defentsarik gabe geratuko zirela eta, Gernika inguruetara erretiratu ziren babes bila. Bertara iritsi aurretik, Markina-Xemeinen eraikitako bigarren defentsa lerrotik igaro ziren, baina bi ordu besterik ez zituzten egin bertan; Gernikarako bidea hartu behar izan zuten berehala. Egun hartan Zapola mendigunean tiroketa handia egon zen, eta zaurituak lepoan hartuta egin behar izan zuten ihes.

Laurogei urte baino gehiago orbel eta sastraka azpian igaro ondoren, errepublikaren defentsarako indarrek Markinaldean eraikitako bigarren defentsa lerroa ahanzturatik ateratzeko lanean ari da orain Ahaztuen Oroimena 1936 elkartea. Defentsa gune osoa garbitu, berreskuratu eta bisitatzeko modura jarri nahi dute. 1936ko gerrako aztarnez gain, elur zulo bat, meategia, karobia eta ikazkintzaren aztarnak ere badaude Zapola inguru horretan. Aztarna guztiak dokumentatu, uztartu eta eskuragarri jarri nahi dituzte.

Lehen urrats modura, auzolanean garbitu zuten Zapola mendialdean eraikitako defentsarako eraikuntza Ahaztuen Oroimena elkarteko kideek, ekainean. Metrailadore habia da bertan dagoen elementurik esanguratsuena. Lubaki luze baten bidez, 450 metrora dagoen Iturritxo baserriaren aldameneko bunkerrarekin lotzen da. Hegazkinetatik jaurtitzen zituzten bonbetatik gordetzeko babeslekua ere badu lubakiak, eta erdigunean, gurutzebide bat du, 300 bat metroko luzera duen beste lubaki batekin lotzen dena. Urregarai mendi aldera bideratuta dago, eta beste babesleku bat dauka.

Zapolako defentsa guneak garbitzen ari zirela, hiru pertsona nagusi agertu zitzaizkien bisitan. Horietako batek, Felipe Urkidi Aulestiko Beñe baserrikoak, garbitzen ari zirena barik beste bunker bat ezagutzen zuela aditzera eman zien. Beñe bera 2015ean ahalegindu zen habia aurkitzen, baina ez zuen arrastorik topatu. Bila eta bila ibili ondoren, Urkidik aipatutako bunkerra aurkitu zuten Ahaztuen Oroimena elkarteko kideek irailean, Zapolazpi bezala ezagutzen den basoan.

Hemeretzi bunker

Azken horrekin batera, Ahaztuen Oroimenak bigarren defentsa lerroko hemeretzi bunkerren kokalekuak ditu zehaztuta. Lehenengoa Eibarko Aginaga auzoko Arando gainekoa da, eta lerroan azkena Markina-Xemeingo Zapola mendiko Igotz baserriaren ondoan dagoena. Guztira hiru bunker daude Zapola mendian: Igotz, Zapola eta Zapolazpi.

Bigarren defentsa lerroaren obrako burua Ricardo Bastida Lezea dela uste dute Ahaztuen Oroimena elkarteko kideek. Arkitektoa ogibidez, 1936ko gerran hil zen. Bastidak ondarroarra zuen ama, Rosario Lezea Alzola; aita, ostera, bilbotarra: Ricardo Bastida Bilbao, Banco Bilbao eta Bilboko Udaleko arkitekto ospetsua. Bilboko eta Bizkaiko hainbat eraikin esanguratsu diseinatu zituen: Bilboko Alondegia, Urazurrutiako Sehaska Etxea, Sukarrietako udalekuak eta Ondarroako eskola publikoa, kasurako. Indalecio Prieto politikari sozialistaren lagun mina zen Bastida. Atxilotu eta epaitu ere egin zuten 1936ko hartan.

Sasiak garbitu eta gudariak heldu ziren tokietarainoko bidea zabaldu du elkarteak, nahi duten guztiek historiaz betetako inguru horretara heldu ahal izateko.