Begirada beste kontakizun

Natalia Salazar Orbe

Hitzak historiaren kontari eta istorioen sortzaileen lanabes; mundu berrien asmatzaile, eta munduon hedatzaile. Idatzitakoa ez baitago bizirik harik eta norbaitek irakurtzen eta bere zentzua ematen dion arte. Papera txiki geratu zaie berboi, eta, handik ihesi, askatasun bila atera dira, bestelako diziplinaren batek hartu eta beste era batera gorpuzteko prest. Betiere, euren sustraiei helduta. Literaturak zabaltzen duen unibertso aberats horri bidea eman diote, beste urtebetez, Ondarroan. Literatur Amuak jaialdia abiatu zuten joan zen larunbatean, eta, igandera bitartean, sormenari ateak irekita jarraituko dute. Hala, literatura ardatz hartuta, film proiekzioak, antzerki saioak eta musika emanaldiak eskainiko dituzte, besteak beste, zazpigarren jaialdi honetan ere.

Herritarrak eta ingurukoak euskal literaturarekin bustitzen jarraitzeko asmoz egin du aurrera jaialdiak. Udalak berak antolatzen du, eta egonkortasuna lortu duen proiektu bat bihurtu dela sinetsita dago. Abian jarri zutenetik gaur egunera bitarte ondarroarren eta herritik kanpoko jende askoren arreta bereganatu duela azaldu zuten aurkezpen ekitaldian. Aurtengo egitaraua ere ikus-entzuleen arreta erakartzeko asmoz osatu dute.

Urtean zehar herrian literaturaren inguruan antolatzen ziren jarduera askotarikoei ikusgarritasuna eman eta denak jaialdi berean biltzeko asmoz sortu zuten Literatur Amuak. Oharkabean pasatzen ziren saioei ikusgarritasuna emateko, hain zuzen. Lortu dute, eta asmo horri esker erreferente bihurtu da jaialdia herrian eta inguruetan.

Sortzaileak herritarrengana gerturatzeko aukera ere ematen dute ekitaldiek. Sormena gertutik ezagutu eta hausnarketarako atea ireki. Herritar guztiei eskaini nahi diete aukera hori. Eta, horregatik, adin guztietako ikus-entzuleak hartu dituzte kontuan. Ume, gazte zein helduen arreta bereganatzeko.

Goiz harrapatu nahi dituzte gaztetxoenak literaturaren amuarekin. Ikastetxeekin elkarlanean antolatu dute, aurten ere, Agustin Zubikarai ipuin rallya. Jaialdiak dituen beste urte bete ditu lehiaketa horrek ere: zazpi. Herenegun egin zuten. Unean bertan ematen dieten esaldiarekin ipuin bat idazteko, ordubete dute ikasleek. Irakasleek eurek esana da ikasleentzat jarduera motibagarria dela. Euskarazko sormena eta idazkera lantzeko proposamenez jositako jaialdi bat da.

Euskaraldia ere presente

Iaz jada aipatu zuten antolatzaileek Ondarroaren moduko eremu euskaldun batean ezinbestekoa dela euskal literaturak merezi duen lekua izatea. Euskaraz bizi diren moduan, euskarazko literatura kontsumitzeko ohitura hartu behar dutela sinetsita agertu ziren. Euskararen erabilera arlo guztietara zabaltzeko helburu horretan, Euskaraldiarekin ere bat egin dute. Hala, jaialdiko ekitaldi guztietan Euskaraldian izena emateko aukera izango da.

Literatura bera izan da protagonista orain arteko aurtengo saio guztietan. Gaurtik aurrera, ordea, bestelako joera bati jarraituko diote emanaldiek. Zineak hartuko dio lekukoa lehenbizi. Formatu txikien aldeko apustuekin beteko dituzte herriko hainbat txoko. Herritarrei euskaraz kontsumitzeko aukera emango diete proposamenok. Eta sortzaileei plaza bat eskainiko diete. Txikia bada ere, euren lanak ezagutzera emateko gero eta indar handiagoa hartzen ari den beste plaza bat izango dute eskura.

1.
‘GURE OROITZAPENAK’ FILMA

Testu bat, eleberri bat, liburu bat, film baten iradokitzaile. Ez da ideia berria. Hainbat film oinarritu dira liburuetan. Baita Euskal Herrikoak ere. Bernardo Atxagaren Obabakoak, adibidez. Ondarroan beste proposamen bat aurkeztuko dute: Gure oroitzapenak. Lan horrek badu berezitasunik. Joseba Sarrionandiaren obra inspirazio hartuz, dozena bat zuzendarik film kolektibo bat osatu dute.

Ildo zehatz bati jarraitu gabe, Kuban bizi den idazlearen zenbait narrazio eta olerki hartuta, bakoitzak bere lana osatu du. Artista bakoitzak askatasuna izan du idazlearen literatura nahieran interpretatzeko. Gaur erakutsiko dute, 22:00etan, Kofradia Zaharrean, Oskar Alegria, Ozcan Alper, Asier Altuna Iza, Mireia Gabilondo, Eugene Green, Itziar Leemans, Josu Martinez, Fermin Muguruza, Ane Muñoz Mitxelena, Maider Oleaga, Carlos Machado Quintela eta Maialen Sarasua zuzendariek ondutako lana. Hala, hainbat gairi heldu diote, Sarrionandiaren beraren obraren antzera: erbestea, noraeza, urruntzea, oroitzapenak, bakardadea, maitasuna, haurtzaroa, tortura, mina eta umorea islatu dituzte ikus-entzunezko kolektibo horren osagaietan.

Urte luzez zuri-beltzean egon den idazlearen argazki bakarrak eta 2016an haren irudi gaurkotua lau haizeetara zabaldu zuen argazkiak ezer gutxi esaten zuten ia mito bilakatuta zegoen sortzaile oparoari buruz. Hala, premisa moduan hartuta poeta ez dela ezer bere obra ez bada, haren olerkiak edo ipuinak zinemara eraman dituzte.

Iurretarraren pasadizo ospetsuenari ere lekua egin diote kontakizun horien guztien barruan. Mina eta nostalgia iradokitzen duten istorioetako askoren artean, ikus-entzuleari irribarrea aterako dioten zenbait eszena ez dira faltako. Osagai nagusia ezaguna da: bozgorailu bat. Hortik aurrerakoak gaur gauean argituko dira. Behartuta isilean egindako bizitzaren zertzeladek lagunduko dute 30 urteko ibilbidea ezagutzen.

2.
‘LUR’ ANTZEZLANA

Literaturak aukera ematen du munduaren irakurketa zein nahiko genukeen mundu hobe bat irudikatzeko; arazoak edo arazotzat jotzen direnak modu naturalean agerrarazi eta irtenbidea emateko aukera; gizartean pil-pilean dauden gaiei heltzekoa.

Xake Produkzioak etxearen eskutik, Lur antzezlana taularatuko dute gaur Beikozinin, 17:30ean. 7 urtetik gorakoentzako lan horrek Aneren eta haren aita Jonen arteko harremanean sakonduko du. Horretarako, istorio zirraragarri bat baliatuko dute: Julian jostailu denda baten jabea da. Ane bere bilobaren urtebetetzea izango da egun gutxi barru, eta opari berezi bat prestatzen ari da: harentzat propio egindako panpina. Aitona eta biloba bidaia zirraragarri batean murgilduko dira, panpinarekin batera, desioak betetzen dituen izar magikoaren bila. Irudimena askatzeko abentura dirudienak Ane eta Jon aitaren harremana bideratzen lagunduko du. Azken horri zail egiten baitzaio onartzea Ane mutila dela.

Emanaldia baliatuko dute Arantza Ibarra sortzaileak Ekai Lersundiri buruz egin nahi duen dokumentalerako diru ekarpenak jasotzeko. Gaztetxo ondarroarrak ezin izan zion aurre egin bulba zuen mutila izateak sortu zion borroka gogorregiari, eta bere buruaz beste egin zuen.

3.
‘IDAZLEA ZU ZARA’

Joseba Sarrionandia idazlearen lan bat du atzean bihar goizean Dejabu Panpin Laborategiak eta Artedramak taularatuko duten Idazlea zu zara antzezlanak ere. Haurrentzako obra horretan, mundu luze eta zabala zati txikitan ikusi ahal izateko leihoak marrazten dituen neskatila bat aurkeztuko dute.

Hausnartzeko aukera emango du antzezlanak, baita jabetzekoa ere galderek ez dutela erantzun bakarra, eta burutapenak eta pentsamoldeak ez direla beti norabide bakarrekoak. Baina, horrez guztiaz gain, amets egiteko leihoa ere irekiko dute. 11:00etan eskainiko dute antzezlana, bihar, herriko liburutegian.

4.
‘HITZEN AHAIREA’

Idazleek sortu eta musikariek doinua jarritako kantuak izango dituzte aztergai bihar, Hitzen ahairea ekitaldian. Gotzon Barandiaran eta Rafa Rueda izango dira saioaren gidariak.

Lehenengoak izen bereko liburua aurkeztu berri du: idazleek idatzitako hitzekin sortutako kantuak ardatz hartuta, euskal kantagintzaren inguruko hausnarketak bildu ditu. Iraganeko gogoetetatik abiatuta, gaur egungo egoerara arteko testuingurua izan du aztergai. Besteak beste, Bittor Kanpanagak Bagare abestia idatzi zuen, eta Gontzal Mendibilek jarri zion ahotsa: “Guztiok gara euskaldun, guztiok anaiak gara”. Edo Telesforo Monzonek sortutako Batasuna Pantxoa Karrere eta Peio Ospitalen ahotsetan egin zen ezagun: “Aupa, gizona; jeiki, mutil./ Atzar emazte ta neskatil!/ Borrokarako dei egiñaz/ Irrintzi bat dabil”. Adibide batzuk besterik ez dira.

Ildo horri jarraituta, hainbat galderari erantzuten saiatu da Barandiaran: “Zer harreman du kantatzen dugunak gure izaerarekin? Eragina al du entzuten dugunak gure diskurtsoan? Zeintzuk dira gure erreferenteak? Zergatik irauten dute kantu batzuek gure gogoan betiko? Zenbat zor diogu literaturaren eta musikaren lankidetzatik sortutako kantagintzari? Zergatik ez dugu kantatu emakumeek idatzitakorik? Eta, bihar, zeri kantatuko diogu?”.

Horra hor, igandean, 11:30etik aurrera Literatur Amuak jaialdia Mobydick tabernan argitzen saiatuko dena. Espazio berri hori eskuratu du jaialdiak bere jardueretarako.

5.
‘EMAKUME BURUGABEA’

Gustuko dena goraipatzeko eta aldatu beharrekoa kritikatzeko tresna eskaintzen du berbak. Errealitatea aletzeko lanabes zorrotza eskaintzen dio luma eskuetan hartuta paper zuriaren aurrean esertzen den edo ordenagailuaren teklatua astintzeko prest dagoen burmuinari.

Paperean jasotakoari musika, mugimendua eta berba jarriko dizkiote Antxiñe Mendizabalek, Nerea Gartziak eta Pello Ramirezek, Oier Guillanek gidatuta. Emakume burugabea taularatuko dute igandean, 19:00etan. Mendizabalen izen bereko poesia liburua du ardatz Kofradia Zaharrean aurkeztuko duten performanceak. Bere burua okupatzeko beharra duen protagonista aurkezten du liburuak. Hitzez eta irudiz eraikitako poema ilustratua, askatasun eta maitasun kantu bat izateaz gain, biziberritze baten metafora ere bada. Ipuin batean bezala kontatzen du bere gorputzetik arroztua izan den emakume baten ausardia, nola garatzen duen bere buruaz erditu eta bizialdi berri batera jaiotzeko prozesua. Gorputzean bizitzen hasteko, bere buruaz desegin beharko du. Prozesu horrek guztiak etxera itzultzeko bidea zabal diezaion.

LITERATURA ETA BERTSOAK

Paperean betiko jasota geratzen den mezu hausnartua, eta ahozkoa, bat-batean sortutakoa, uztartuko dituen bertso saio literarioa prestatu dute bihar iluntzerako, Kofradia Zaharrean. Danele Sarriugarte idazlea eta Miren Amuriza eta Uxue Alberdi bertsolariak ariko dira, 19:00etatik aurrera.

MUSIKA

Hitzek lagunduta zein bakarrik interpretatuta, musikak komunikaziorako duen ahalmena uka-ezina da. Bihar agerian utziko dute hori Mikel Urdangarin abeslariak eta Nika Bitchiashvili biolin jotzaileak. Kofradia Zaharrean izango da, 19:00etan.