Txartel bakarra bideragarri den aztertzeko eskatuko dute Batzar Nagusietan

Txartel bakarra bideragarri den aztertzeko eskatuko dute Batzar Nagusietan

Aitziber Laskibar Lizarribar

“Barik txartela, bere garaian, urrats bat izan zen Bizkaiko garraiobide publiko gehienetan erabil zitekeen euskarria izan baitzen”, aitortu du Txartel Bakarraren eta Garraio Sistema Publiko Bateratuaren Aldeko Bizkaiko Foroak. Baina aurrera egiteko abagunea dela dio. Garraio publiko guztia bilduko duen sistema integratua beharrezkoa dela, eta, horretarako, txartel bakarra.

Foroak aldarrikatzen duen sistema “urrun” dago gaur egun Barik txartelak eskaintzen duenetik. Eta benetako txartel bakarra gauzagarri egiteko “jauzia” egitera doala iragarri du: arauz besteko proposamena aurkeztuko du Bizkaiko Batzar Nagusietan, bide praktikoa egiteko helburuarekin. Batzar Nagusiek foru aldundiari eskaera bat egin diezaiotela nahi du foroak: Bizkairako txartel bakarraren eskumenari, legezkotasunari, bideragarritasunari eta kostuari buruzko txosten teknikoa egin dezala aho batez eska diezaiola.

Foroaren ustez, txosten horretan sei oinarri gutxienez aztertu behar lirateke: garraio aldaketak doan izatea garraio modu guztietan; tarifa berberak izatea garraio operatzaile guztientzat; zenbat eta garraio publiko gehiago erabili hainbat eta merkeagoa izatea; txartelaren prezioa pertsona edo familia errentetara egokitzea; Bizkaiko garraiobide publiko guztietan erabili ahal izatea; eta oraingo garraio publikoko sarea mantendu edo hobetzea.

Martxan jartzerako, prest

Foroak azaldu du horrela benetan aztertuko litzatekeela txartel bakarra ezartzeko aukera. Martxan jartzeko erabakia hartzerako, oinarriak, lehentasunak eta aukerak argituta leudekeela.

Garraio publikoa hobetzeko txartel bakarra ezinbestekoa dela iruditzen zaio foroari. Datuekin argudiatu du ustea, Garraio Publikoaren 2017ko Txostena oinarri hartuta. Batetik, azken bost urteetan garraio publikoak ez duela igoera nabarmenik izan ohartarazi du; “bidaiariak garraio publiko batetik bestera aldatzen dira, baina ez da lortzen errepideetatik autorik ateratzea”. Bestetik, tarifa politika “bidegabea” dela deritzo; izan ere, bost urteotan bidaiak %0,5 soilik gehituagatik, diru bilketa %7 hazi da. Txorierri, adibide garbitzat du: Metroaren 3. linearekin maiztasunak hobetu direnean, %16 bidaiari gehiago izan dira, baina diru bilketa %46 hazi da. Garraio aldaketagatik, birritan ordaindu behar dute Txorierritik Bilbora doazenek. Gauzak horrela, garraio publikoa justuagoa, orekatuagoa eta eraginkorragoa izan dadila eta mugikortasuna ingurunea errespetatuz gauzatu dadila eskatu dute txartel bakarra foroan batzen diren 27 eragileek.