Kantua, oholtzatik plazara

Kantua, oholtzatik plazara

Natalia Salazar Orbe

Plazetan sortu eta horietan zabaltzen ziren kantu eta dantzen izaera aldatuz joan da. Denen esku eta denek interpretatzeko zeuden abestiak oholtza gain berezituetara igaro dira. Espazio zurrunago batek harrapatu ditu. Hala uste du Aiko taldeak. Zurruntasun hori hautsi eta berriz ere herritarren eskura jartzeko asmoz, K@ntari tailerrak antolatu ditu, Euskaltzaindiarekin lankidetzan. Hilean behin emango ditu kantu tradizionalen alorreko adituren batek. Lehenengo saioa gaur bertan egingo dute, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Han bertan egingo dituzte gainerako guztiak ere. Gaurkoa Xabier Berasaluze Leturia-k eskainiko du.

Kantari eta kontari berbak uztartzen ditu tailerren izenburuak. Horixe baitute ardatz saioek. Konfiantzazko espazio erosoa eta erakargarria sortu nahi dute, kantu tradizionalaren eta herrikoiaren inguruko mota guztietako esperientziak zabaltzeko. Hala jakinarazi dute antolatzaileek. Hain zuzen, adituen esperientziaren eta zalearen interesaren arteko topaleku bilakatu nahi dituzte tailerrok.

Esperientzia berri hori martxan jartzeko arrazoiak argi azaldu dituzte Aikoko kideek: “Azken urteetan, dantza eta kantua, gizaki guztion bizimoduaren eguneroko parte izatetik, komunikatzeko bidea eta arte parte hartzaile herrikoia izatetik, banakako aditu batzuen gunea izatera igaro dira, neurri batean. Ikuskizuna da gero eta gehiago, eta herritarrok ikus-entzule pasibo bihurtu gara”.

Kantura eta dantzara gerturatzeko zailtasunak sortu ditu horrek, K@ntari tailerren antolatzaileen ustez: “Hainbatek uste du dantzan egiteko dantzari izan behar dela, eta kantuan aritzeko, kantari. Horrela, galdu egiten dira dantzaren eta kantuaren jatorrizko izaera eta funtzioak”.

Hori ez da kantuaren izaerari buruz haiek daukaten ikuspegia: “Guretzat, kantuak aktiboa eta interaktiboa izan behar du; entzule pasibo izan beharrean kantua barneratu eta ingurukoekin partekatu ahal izateko”.

Bide horretan laguntzeko asmoz sortu dute K@ntari: musikazale, ikerlari eta profesional guztientzako egitasmo bat. Izen eta ospe handiko zortzi abeslari eta musikarik gidatutako tailerrak prestatu dituzte. Gonbidatu gehienak Euskal Herrikoak dira, baina bestelakoak ere izango dira. Hain zuzen, Gaztelako (Espainia) folklorearen ikerlari garrantzitsu eta Yesca taldearen ahotsetako bat den Gonzalo Perez Trascasa eta Gaztelako egungo abesti tradizionalaren erreferentzia eta perkusio jotzailea den Vanesa Muela ere han izango dira.

Izena eman behar da

Tailerrak ostiraletan egingo dituzte, 19:00etan. Parte hartu nahi duenak izena eman behar du, aiko@aikotaldea.eus helbidera idatzita edota 634-42 35 39 telefono zenbakira deituta. Izen-abizenak, zein tailer egin nahi den eta telefono zenbakia zehaztu beharko dira. Saio bakoitzak 20 euro balio du.