“Distantzia ematen dit New Yorkek, bakardadea, arnasa”

Nerea Bedialauneta Alkorta

Kirmen Uribe Urbieta idazlea (Ondarroa, 1970) laugarren fikziozko nobela idazten ari da New Yorken, Cullman liburutegi publikoaren sormen bekari esker. Bederatzi hilabeteko egonaldia egingo du The Book She Writes nobela proiektua garatzen eta idazten.

Denbora gutxi daramazu New Yorken. Lanari dagokionez, ezer aurreratuz edo ikertuz joateko astia izan duzu?

Bai, segituan hasi nintzen lanean, astirik galdu gabe. New Yorken aurkitu duguna da oso gizarte sumindua Brett Kavanaugh epailearen kontu horrekin; nola izendatu duten Goreneko epaile, emakume batek eraso sexistak salatu eta gero. Gizartea hemen oso sentsibilizatuta dago berdintasunaren gaiarekin, oso. Kaletik nabari da.

Cullman liburutegiko literatur ondarea oso handia da. Nobela idazteko orduan material asko bilatzeko aukera izan duzu?

Jakina! Beste hiru-lau nobela idazteko adina. Liburutegia jakintzaren tenplu handi bat da, hiru milioi liburu daude. Liburutegia berritzeko egon ziren, liburuak atera, eta halako liburutegi birtual bat egiteko asmoz. Baina jendea kexatu egin zen, eta atzera egin dute. Badakizu non dauden liburuak gordeta?

Non, ba?

Liburutegi atzeko parkearen azpian. Hor daude gordailuak. Parkean loreak hazten dira liburuen gainean.

Edith Wynnerren funtsezko dokumentuen azterketa proposatu zenuen eleberria abian jartzeko. Ezer interesgarririk aurkitu duzu?

Bai, haren ondarea itzela da. Milatik gora kutxa. Kontua da liburutegiko langilea zela Wynner, ikaragarrizko lana egin zuen Rosika Schwimmer eta Lola Maverick Lloyd sufragisten ondarea jasotzen eta zaintzen. Saiatu zen bere kideekin batera emakumeen entziklopedia bat eta emakumeen artxibategi erraldoi bat sortzen.

Rosika Schwimmerri buruzko biografia idazteko asmoa zuen Edith Wynnerrek. Horri jarraipena eman nahiko zenioke?

Ez. Baina oso literarioa iruditzen zait Edithena. Nola egon zen liburu bat idazten berrogeita hamar urtez, eta ez zuen sekula bukatu. Bere bizitzako lana zen. Berak bizi izan ez zuen bizitza ikusten zuen Rosika Schwimmerren bizitzan. Edith Wynnerrekin halako lotura berezia sortu zait, agirietako batean aurkitu dut New Yorkeko Mendebaldeko 79. kalean bizi zela. Gu bizi garen kale bera da! Etxeko leihotik ikus dezaket bera bizi izan zen etxea. Baina nik ez dut biografia bat egin nahi. Hau dena aitzakia da fikzioa idazteko.

Schwimmerrek pertsonaia interesgarria dirudi. Zerk egiten du berezi?

Ihes egin zuen Hungariatik, hala komunistek nola naziek hil nahi zutelako. Judua, feminista eta bakezalea zen. Alde bateko eta bestekoentzat, pertsonaia deserosoa. Albert Einsteinen laguna, Bakearen Nobel sarirako hautagai izan zen, baina hil egin zen hura jaso aurretik. Eta gero erabateko ahanzturan sartu zen, baita Estatu Batuetan ere.

Proiektuaren ideia garatuz joan ahala, liburua aldatuz joan da, ala proiektuari zehatz jarraitu diozu?

Liburuak beti aldatzen dira idazten zoazen heinean. Bestela, malo.

The Book She Writes izena zuen proiektuak. Izenburu horregaz, dudarik gabe, emakumea izango da liburuaren ardatza, ezta?

Ardatza gizonezkoen eta emakumezkoen arteko harremana da. Gizonok gogoeta egin behar dugu zer dagokigun guri egitea garai berri hauetan. Nolakoak izan garen orain arte eta nolakoak nahi dugun izan. Eta iruditzen zait gaizki ari garela, mutilak soilik kirolera bideratzen ditugula, baloi batekin jaioko balira bezala, eta ez liburu batekin, adibidez. Ez, mutilak hezi egin behar dira berdintasunean eta izaera kritiko batekin.

Eta nobela berriak Euskal Herriagaz loturarik izango al du?

Beti.

Udan bueltatutako zara. Liburua amaitzeko derrigorrik ez baduzu ere, lana ordurako prest izatea aurreikusten duzu?

Nahiko nuke udazkenerako bukatu, baina nobelak entzun txarrekoak izaten dira.

Ozeanoaz bestaldeko esperientzia zelakoa ari da izaten? Familia ere zurekin joan da, ezta?

Beti dago horko jendearen hutsunea. Baina, bestela, pozik daude lagun berriak egiten eta ingelesa ikasten. Eta gizarte berri batera egokitzen. Umeen gurasoak denak dira mistoak. Latinoa eta kaukasoarra, asiarra eta afrikarra, sexu berekoak, guraso bakarrakā€¦

Ospe handiko idazleek lortu izan dute beka, eta zeu zara lehen euskal idazlea. Horrek presioa sortzen al dizu?

Ez, presiorik ez. Ardura, bai, ahalik eta libururik onena idaztearena. Baina oso libre nabil liburu hau idazten; beharbada, ez dut sentsazio hau izan Bilbao-New York-Bilbao idatzi nuenetik. Hura ere oso libre idatzitako liburua da.

New Yorkekin duzun erlazioa aspaldikoa da. Zer ematen dizu New Yorkek, beharbada Euskal Herriak ematen ez dizuna?

Distantzia ematen dit, bakardadea, arnasa. Euskal Herriko giroa askotan itogarria egiten zait. Kontuak eskatzen jende asko etortzen da. Hemen, aske sentitzen naiz. Stefan Zweigek esan zuen pertsonak benetan libre izateko behar duela atera bere herritik. Zorionez, ni ez naiz atera bakarrik. Nire kuttunak, familia eta euskara, horiek nirekin etorri dira.

Maiatzera bitarteko iraupena du bekak. Egonaldia orduan amaituko duzu, ala bertan zaudela aprobetxatuta beste zer edo zertan ariko zara?

Idatzi, idatzi eta idatzi. Eta, gero, ari dira eskatzen hemengo unibertsitateak hitzaldiak emateko. Tarteka egingo dut hori. Azaroan, Iparraldera eta Frantziara joango naiz astebetez Elkarrekin esnatzeko ordua nobelaren frantsesezko edizioa aurkeztera. Lan bikaina egin du Edurne Alegria itzultzaileak, eta, horri esker, liburua harrera polita ari da izaten. Mila esker, Edurne!