Bizkaia, gala-jantzia soinean

Bizkaia, gala-jantzia soinean

Natalia Salazar Orbe

Mundu mailako jaialdien eta txapelketen hiri eta lurralde bihurtuak dira Bilbo eta Bizkaia, azken aldian: munduko jatetxerik onenaren sari banaketa, Bilbao BBK Live, eurrugbiko Europako finalak… Eta orain, zalaparta handiz iragarritako MTVren European Music Awards EMA sarien banaketa hartuko du BECek, Barakaldon. Datorren asteko igandean egingo dute sari banaketa. Gala handia egin aurreko astean nabari izango da telebista kate estatubatuarrak Bizkaian egingo duela emanaldia. Doako kontzertuak eskainiko dituzte Barakaldo, Bilbo, Durango eta Getxon. Gainera, gala nagusiaren bezperan San Mames zelaiak ezohiko irudia hartuko du, agertoki erraldoi hartatik hegan aterako diren doinuen eszenario bihurtuta.

Urrutiko izarrak zein bertako artista handiak izango dira aste osoan Bizkaian. Tanta-jariatze baten antzera aletu dituzte gala nagusian zein beste kontzertuetan ariko diren artistak. Hailee Steinfeld aktore eta abeslariak aurkeztuko du sari banaketa. Pop artistarik onenaren sarirako ere izendatu dute, Ariana Grande, Camila Cabello, Dua Lipa eta Shawn Mendesekin batera.

Izen handia hartu duten artisten zerrenda luzea dakar jaialdiak. Janet Jackson ere Barakaldon izango da: Mundu mailako Ikonoaren saria eman diote. Artistak lehenengoz eskainiko du ikuskizuna EMA sarietan.

Sariak denetarikoak dira: artista onena, bideo edo abesti onena, ezustea eman duen artista onena… Baita zale onenarena ere. Eta horien denen artean, hainbat izen: Childish Gambino, Bebe Rexha, Anne-Marie, Migos, Nicki Minaj, Ed Sheeran edota U2, besteak beste.

Nazioarteko artisten zaparrada horren aurrean, euskararen eta bertako taldeen presentziarik ez egoteak kritikak sortu zituen gizarteko hainbat sektoretan. Ezinegon hori baretze aldera, Euskal Herriko hainbat artistari egin diete lekua jaialdiko zenbait txokotan. Besteak beste, astelehenetik aurrera hainbat herritan eskainiko dituzten doako kontzertuetan. Bestetik, igandeko galan bertan ere presente izango da Belako: artista lokalik onenaren EMA saria eskuratzeko lehian ariko da Mungiako taldea Love of Lesbian, Viva Suecia, Brisa Fenoy eta Rosalia taldeekin batera.

Hala ere, zalaparta handiena eragin duena Berri Txarrak talde nafarraren larunbateko kontzertuaren iragarpena izan da. Zale askok uste dute ez lukeela parte hartu beharko jaialdian, MTVk ordezkatzen dituen kultur eta gizarte ereduak kontuan hartuta. Beste batzuk, aldiz, pozik hartu dute albistea. Larunbatean igoko da San Mames estadioko oholtzara, ikusmin handiena sortu duten kontzertuetako batean parte hartzeko. Muse eta Crystal Fighters taldeekin batera ariko da.

Bilbon egonak dira zuzeneko zirraragarria izateagatik ezagunak diren Museko taldekideak. Duela hiru urte BBK Liven eman zuten kontzertua. Orain, hirigunera etorriko dira, Simulation Theory estudioko zazpigarren albuma argitaratu baino astebete lehenago. Hirukote ingelesarentzako agertokia Crystal Fighters taldeak berotuko du.

Kontzertuotarako sarrera guztiak berehala agortu ziren. Bilboko Udalak zalapartaka iragarri zuen 14.000 sarrera bost eurotan salduko zituela, eta bizkaitarrei emango ziela lehentasuna. Ordu eta erdian amaitu ziren.

Lehenago hasiko dira, ordea, motorrak berotzen. Astelehenetik ostegunera bitartean doako kontzertuak eskainiko dituzte Barakaldon, Durangon, Getxon eta Bilbon. Besteak beste, Revolta Permanent, Mala Rodriguez, WAS eta Los Planetas ikusi ahalko dira.

Ostiralerako, berriz, musika zaleentzako jarduerak prestatu dituzte. MTV Breaks egingo dute Azkuna zentroan. Jarduera interaktiboak, hizketaldiak musikari famatuekin eta hitzaldiak antolatu dituzte.

Jarduera horiek guztiak behar bezala gauzatzeko hainbat segurtasun neurri iragarri dituzte horren ardura duten erakundeek; agente pribatuak barne. Ekitaldi bakoitzarentzako plan zehatza antolatu dute, dagozkien behar eta arrisku zehatzak kontuan hartuta. San Mameseko kontzerturako, azaroaren 1ean kanpoaldearen zati handi bat itxiko dute, eta hurrengo egunean hainbat kaletan ezin izango da aparkatu erreserbarik egin gabe. Garraio publikoa ere indartuko dute.

Erakunde publikoek poza agertu dute gala Bizkaian egingo dutelako. Bizkaia “Europaren bozgorailu eta kontinenteko pop erreferente” bihurtuko duela esan zuen Unai Rementeria ahaldun nagusiak: “Oparia da”. Juan Maria Aburto Bilboko alkatea, berriz, antolatzaileei zuzendu zitzaien: “Ez dizuegu huts egingo”.