“Jendeak egia jakin behar du”

“Jendeak egia jakin behar du”

Natalia Salazar Orbe

Elorriok 1937an jasandako bonbardaketa eta ondorengo hamarkadako errepresioa ikertzen hasi dira herrian. Mikel Diego Barajas historialariari (Bilbo, 1985) eman diote ikerketa egiteko beka.

Nondik abiatu duzu ikerketa?

Gerra edo frankismo garaian zeintzuk auzokide hil ziren jakiteko, elizaren artxiboetara eta erregistro zibilera jo dut. Batzuk errepublikazaleak dira; beste batzuk, abertzaleak; eta beste batzuk, frankistak.

Badakizu 75 hildako, 40 preso eta hamar esklabo gutxienez izan zirela. Baina kopuru hori handitu egingo dela esana duzu.

Aztertu gabe, ezin dugu jakin zeintzuk herritarrek sufritu duten errepresioa. Bilatu egin behar dira, besteak beste, esku hartze politikoa izan zuten herritarrak edo kultur arloan bizitza markatua zutenak. Esaterako, emakumeen eginbehartzat jotzen zena betetzen ez zuten andreek errepresioa sufritzen zuten. Baina, hori jakiteko, beharrezkoa da jakitea zeintzuk ziren pertsona horiek, eta gero artxiboetan bilatu. Herrian dauden datuekin soilik ezinezkoa da horiei buruzko informazioa aurkitzea.

Nola aurkitzen duzu pertsona horien arrastoa?

Batzuk artxiboetan, beste batzuk liburuetan… Apurka egin beharreko lana da. Elorrioko historiari buruzko liburuak badaude. Ramon Berriozabalek Nacionalismo en Elorrio 1894-1937 argitaratu zuen, eta Leire Goitisola eta Amaia Nicholsonek, La historia de Elorrio contada por las mujeres. Horietan ateratzen dira izen batzuk, eta aztertzeko aukera ematen du zein alderditakoak ziren, abertzaleak zeintzuk ziren, zeintzuk jeltzaleak, errepublikazaleak edo karlistak…

Zeintzuk helburu ditu ikerketa lan honek?

Egia, justizia eta erreparazioa dira memoria historikoaren helburuak. Historialari moduan, nire eginbeharra da jendeak egia jakiteko modua izan dezan bermatzea, eta egia hori zabaltzea. Ezagutarazi nahi dugu zeintzuk izan ziren errepresaliatuak eta zeintzuk biktimarioak, eta zein errepresio mota pairatu zuten. Horrez gain, azaldu nahi dut zer-nolako garrantzia izan zuen Elorriok gerra garaian eta lehenengo frankismoan; zer gertatu zen, nola zen bizitza politikoa, eta nola jazarri zitzaion frankismoa gaur egun eskubidetzat ditugun gauza mordo bati.

Garrantzitsua da halako ikerketak egitea?

Garrantzitsua baino gehiago, beharrezkoa da. Jendeak egia jakin behar du, eta egia horrekin justizia lortzeko erreminta bat izango du. Memoria historikoaren alorrean jarduten garen historialari eta boluntarioon eginkizuna peritu historikoena da. Gure ikerketekin, egia historikoa finkatzen dugu, eta, egia historiko horrekin, jendeak justizia bila dezake.

Zer da zailena horrelako ikerketetan?

Hasieran, pertsona nabarmenak zeintzuk ziren aurkitzea: gudariak edo herrian erretaguardia finkatzen zuten emakumeak, adibidez. Izan ere, gogoratu behar dugu gerra batean ez dagoela bakarrik frontea: erretaguardia ere badago. Eta fronteak gizon aurpegia badu, erretaguardiak emakumearena dauka. Batek ez du funtzionatzen bestea gabe. Hala ere, Goitisola eta Nicholsonen liburuan jasota dago herrian emakume milizianoak ere bazeudela. Lekukotzek hala diote.

Testigantzak jasotzeko elkarrizketak ere egingo dituzu. Zer ekarpen egiten dute?

Lamunarrietako elkartekoak ari dira elkarrizketak egiten, haiek direlako herrikoak eta ni ez. Gero nik aztertuko ditut. Pertsona batzuek ez dute hitz egin nahi; beste batzuek kontatzen dute, baina ez daukate datu askorik. Beste batzuek burua oso ondo daukate eta gauza asko dakizkite, eta izen eta abizenekin gogoratzen dute nor zebilen estraperloan, nor miliziano edo zein erizain. Bonbardaketei buruzko lekukotasunak ere jaso dituzte.

Askori barrua ere astinduko zaie.

Bai, baina pena da zuzeneko lekuko ia guztiak hilda daudela. Bizirik daudenak umeak ziren garai hartan. Duela gutxi hil zen bonbardaketaren lekuko bat. Denboraren aurka ari gara lanean.

Emakumeen kontrako errepresioa ikertzeko esfortzu berezia egingo duzu. Zergatik?

Ikerketa hori zailagoa da. Aztarna dokumentalik ez da agertzen ia. Emakumeen aurkako errepresioari buruz pentsatzean, beti datozkigu burura erretxinadun olioaren purgak edo ilez moztuta eginarazten zizkieten paseoak. Horien testigantzarik ez dago agirietan. Ahozko lekukotzen bidez jasotzen dira era horretakoak. Eta askok ez dute kontatu nahi. Emakume baten bortxaketaren lekukotasunik ere ez da geratzen agirietan. Emakume asko lan umiliagarriak egitera behartu zituzten, eta hori zailagoa da aurkitzen. Esklabo moduan lan egin zutenen edo kartzelan izan zirenen agiriak badaude. Emakumeen aurkako errepresioa desberdina zen, eta agirietan apenas jasotzen zen.

Emakumeek zer egiten zuten erretaguardian?

Elorrion ia 400 errefuxiatu egon ziren, eta errefuxiatu haiek norbaitek artatu behar zituen. Eusko Jaurlaritzak gizarte zerbitzuak zituen, baina badakigu askok eta askok emakumeei esker iraun zutela bizirik. Sare hori argitara ateratzea garrantzitsua da. Gainerakoan, pentsatuko dugu emakumeak erizain moduan eta gudarientzako janaria prestatzen soilik ibili zirela. Hori ez da egia. Lanean ibili ziren, lantegietan, umeak zaintzen… betiko bizitza egiteaz gain, gizonek utzitako esparru askotako lanak hartu zituzten.

Elorrio leku berezia zen; bando errepublikazalearen mugan zegoen herri bat. Horrek zer-nolako egoerak sortzen zituen?

Elorrio sektore burua zen. Gerra Intxortara heldu zenean, han geratu zen frontea, ia sei hilabetez. Denbora horretan komandantzia bat jarri zuten Elorrioko sektorea kontrolatzeko. Herrian hainbat batailoi bizi ziren. Bat-batean, milizianoz eta errefuxiatuz bete zen. 3.000 bizilaguneko herri bat zen, eta 2.000 gudari eta 400 errefuxiatu gehitu zitzaizkien. Populazioa bikoiztu egin zen. Horrek guztiz aldatu zuen herriko bizitza. Frontean egoteagatik, bonbardaketak pairatu zituen. Ezaguna da 1937ko martxoaren 31koa, baina beste bederatzi pairatu zituen. Frontea gelditu zenean Elorrio gudariz beteta zegoela azaldu dut. Eremu militarretik atera ez zitezen eta denei bizitza kulturala eskaintzeko asmoz, gero fronteko beste leku batzuetan eredu gisa erabili nahi izan zuten tokia sortu zuten: gudari etxea. Billar aretoak, liburutegi garrantzitsu bat eta frontoiak egin zituzten, besteak beste. [Jose Antonio] Agirre lehendakaria etorri zen inauguratzera.Karlistentzako iheserako sare bat ere egon zen. Oraindik ez dut aztertu behar bezala, baina Iban Gorritik artikulu batean kontatu zuen kobazulo bat zegoela Elorrio eta Zaldibar artean eta pertsonak sartzen zituztela han fronteko beste aldera joateko. Eta esaten da [Alejandro] Goikoetxea Oriolek hortik ihes egin zuela Burdin Hesiari buruzko planoekin. Baina oraindik aztertu egin behar dugu.