“Gure abestirik onenak ailegatzeko daudela deritzot”

“Gure abestirik onenak ailegatzeko daudela deritzot”

Nerea Bedialauneta Alkorta

Errotak (Baga Biga) estudioko bigarren lana aurkeztu zuten atzo Bilboko Bira elkartean Hara! talde ondarroarreko musikariek. Jon Kirru Iparragirre Burgoa (Ondarroa, 1979) Hara! taldeko ahotsa eta gitarra jotzaile denak azken lanari buruzko nondik norakoen berri eman dio HITZAri.

Iaz aurkeztu zenuten zuen opera prima, eta orain bigarren lanagaz zatozte.

Disko honetako kantak lehen estudioko lana kaleratu ondorengo bitarte horretan sortu ditugu. Horietako asko, gainera, grabaketa egin baino hiru bat aste lehenago sortutakoak dira.

Nolatan?

Kantu gehiago genituen, hamabi bat, baina azkenean zortzi sartzea erabaki dugu. Azken momentuan ideia berri batzuk sortu zitzaizkigun, eta ondo garatuta eta zehaztuta ez bazeuden ere, arriskatzea aukera ona zela iruditu zitzaigun. Egia esan, gure artean bizirik zegoen emozio hori estudiora eraman eta bigarren diskoko kantetan jasotzen saiatu gara.

Taldeak berak ere aldaketa asko izan ditu azkenaldian.

Ez da bat-bateko aldaketa izan. Hasiera batean Julen de Diego bateria jotzaileak taldea utzi zuen bizitzako arrazoi ezberdinengatik. Hori eta gero, Gorka Ruiz Epi baxua jotzetik bateria jotzera pasa zen, eta, erritmoa hartu bagenuen ere, Epik taldea uztea erabaki zuen Julenen arrazoi antzerakoengatik. Egia esan, biei eskerrak eman besterik ez daukat. Taldea martxan ipintzeko beharrezkoak izan ziren eta, aldi berean, berriro ere agertokietara salto egiteko aukera eman zidaten.

Eta orain, zeintzuk osatzen duzue taldea?

Epik taldea utzi eta gero, Aitor Aristondo bateria jotzaile ondarroarra batu zen taldera. Hainbat hilabetez biko formatuan aritu gara kontzertuak ematen. Orain dela gutxi, berriz, Mikel Arrieta eibartarra hasi da, eta talde formatu berria zaleen aurrean aurkezteko irrikan gaude.

Taldekideak aldatu egin dira. Soinua ere aldatu egin dela deritzozu?

Taldea apurka-apurka bere nortasuna garatzen joan da, eta konposatzeko orduan ere kantei neurria hartzen ikasi dugu. Soinua hobetu dugula uste dut, orain gordinagoa da. Lehengo lana, berriz, oso kristalinoa zen. Oraingo honetan bestelako esperientzia daukagu eta musikalki ere helduagoak gara. Axular Arizmendi da gure kontzertuetako soinu teknikaria, eta berak taldearen energia oso ondo jaso du. Alde horretatik, bigarren diskoa ere gure soinuarekiko fidelagoa izan da. Axularrek gure indarguneak eta ahulguneak ondo ezagutzen ditu, eta diskoa grabatzerako orduan ere gure onena ateratzea lortu du. Lan ona egin du Axularrek. Halan eta guzti ere, gure abestirik onenak ailegatzeko daudela deritzot.

Diskoa zer musika estilotakoa dela esango zenuke?

Estilo aldetik gure sustraietara egin dugu buelta. Ardatz nagusia rocka baldin bada ere, aurreko diskoan egin modura, honek ere nahikoa musika estilotatik edaten du. Stoner, hard rock, nu metal, pop… askotariko musika estiloen zertzeladak ditu. 90eko hamarkadako musikaren eragin handia du.

Zeinek egin du diskoaren azala?

Leire Urrutia bilbotarrak egin du azala eta barruko diseinu guztia. Horrek ere, gure ustez, lanari bere balio erantsia ematen dio.

Diskoaren izena nondik dator?

Errotak izeneko kantu bat dago diskoan, eta hortik hartu dugu diskoaren izena ere. Kantua grabaketa hasi baino pare bat aste lehenago sortutako ideia batetik etorri zen.

Zertaz hitz egiten du?

Kantuaren leloak zera dio: bihur gaitezen ura, mugi bitez errotak.

Kantuaren leloa bera alegoria bat da, eta hori abiapuntu modura hartuta egin dugu kantua.

Zortzi kanta batu dituzue.

Errotak kantuaz gain honakoak jaso ditugu: Desikasten, Egutegi madarikatua, Oker, Bakarrik, Zertarako hitz egin, Tenneesse eta Ihesaldia.

Zer gai jorratzen dituzte kantuek?

Askotariko gaiei buruz hitz egiten dute kantuek. Geure buruan eduki behar dugun konfidantza, aldaketak, gizartearen hipokrisia, amodioa eta desamodioa, egitura ekonomikoa…

Kantuak zeuk sortzen dituzu, ezta? Zerk inspiratuta?

Ideiak burutazio txiki batzuetatik abiatzen dira askotan. Koaderno txiki bat eramaten dut soinean, eta hantxe ideiak jasotzen joaten naiz. Liburu batean irakurri dudana, gertaera bitxiren bat, ikusi dudan zer edo zeri buruzko kezka, hausnarketaren bat…

Denak kantu propioak al dira?

Ideia bat edo kantuaren hezurdura ekartzen dut lokalera. Gerokoan, bide ezberdinak probatzen ditugu denon artean kantuak eratzerako sasoian.

Kolaboraziorik eduki duzue?

Halabeharrez sortutako kolaborazio bakarra dugu. Ez zen aurrez pentsatutakoa izan.

Zer dela eta?

Grabaketa egin genuenean Aitor eta ni geunden, eta, baxurik ez genuenez, Iñaki Urrutia musikari mutrikuarra bere bost sokako baxua uztera etorri zen Mutrikuko AME estudioetara. Baxua, berez, nik jo behar nuen, baina bere maila ikusita, eta kantak nik baino hobeto interpretatuko zituela ikusirik, laguntzeko eskatu genion. Hiru kantatan kolaboratu du azkenik.

Diskoaren emaitzagaz pozik geratu zarete?

Oso gustura geratu gara.

Lehenengo aurrerapen singlea ere kalean dago. Zer erantzun eduki du?

Errotak Euskadi Gaztean dago oraingoz entzugai. Gure kabuz ez dugu kanturik sarera igo. Diskoa kaleratzearekin batera, kantak entzugai jarriko ditugu sare sozialetan eta Interneten.

Zuzenekoekin hasteko gogotsu al zaudete?

Zuzenekoak prestatzen ari gara, eta kontzertuak ere irteten ari dira pixkanaka. Hainbat kontzertu eman ditugu azken lana kaleratu aurretik, baina bigarren diskoko kantuak ez ditugu oraindik taularatu. Urduri bagaude ere, hurrengo lana jendaurrean aurkezteko gogotsu gaude.

Non izango da lehena?

Azaroaren 2an Zarauzko Putzuzulo gaztetxearen urteurrenean ariko gara, Optika taldeagaz batera. Gerokoan, berriz, Durangoko Azokan ere izango gara. Ahotsenean zuzenean jotzen egongo gara abenduaren 8an.

Eta Ondarroan?

Urtea amaitu baino lehen bertan kontzertu bat ematea aurreikusita daukagu. Aldaketarik ezean, azaroaren 24an joko dugu Portuko Ranpan.

Diskoa non egongo da salgai?

Pila bat lekutan, ostegunetik bertatik [atzotik]. Alde batetik, gure kontzertuetara etorrita eros daiteke lana, eta, bestetik, Elkarren dendetan edo saltoki handietan. Ondarroan ere ipiniko dugu toki batzuetan, Zurrumurru liburudendan eta Anaitasuna tabernan, esate baterako.