Getxoko komiki azoka, binetazale eta sortzaileen elkargune

Getxoko komiki azoka, binetazale eta sortzaileen elkargune

Uxue Gutierrez Lorenzo

Komikiak. Irudiak eta hitzak uztartuz osaturiko kontakizunak. Binetez jositako liburuak. Horiek izango dira, hain zuzen ere, asteburu honetako protagonista Getxon. Zale zein komikigile, bientzako topagune izango da herria gaur hasi eta igandera arte.

Hamazazpi urte betetzen ditu aurten azokak, eta ekimen bera den arren, bi gunetan bereizita egongo da. Batetik, salmenta gunea, Areetako Geltokia plazan. Bestetik, Erromoko kultur etxean bilduko dira bestelako jarduerak, Santa Eugenia plazan.

11:00etan irekiko dira Areetako salmenta guneak, eta, orotara, 43 saltoki izango ditu. Batzuek, euren sormen lanak jarriko dituzte salgai. Besteek, erosteko aukera izango dute. Karpa barruko korridoreetan, komikia, produktu izarra bai, baina ez da bakarra izango. Liburuxketatik harago hedatuz doa komikigintza, eta pertsonaia eta istorioen inguruan unibertso zabalak eraikitzen dituzte egile eta argitaletxeek. Horretaz jakitun, produktu sorta zabala egongo da eskuragai azokan.

Erosteko tartea bakarrik ez, sortzaileekin zuzeneko harremana izateko aukera ere eskaintzen dute azokek sarritan. Getxo Komik azokan ere, sinatze txandak antolatu dituzte komikigileekin. 25 egiletik gora, kultur etxeko aretoan zein azokako saltokietan. Batzuek, gainera, saio bat baino gehiago egingo dute. Jason Lutes estatubatuarrak edo Mamen Moreu bilbotartuak, kasu. Denetan esanguratsuena da, ordea, Nazario artista sevillarra. Espainiako kontrakulturaren adierazletzat dute askok. Komiki undergroundean ibilia, egun margogintzan aritzen da batez ere. Urteak dira azken komikia argitaratu zuenetik, baina bere ibilbide artistiko oparoa dela eta, omenaldia egingo diote, gaur, 19:00etan. Ostean, egilea bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute bisitariek.

Handik eta hemendik

Estatu Batuak, Espainia, Frantzia, Herrialde Katalanak, Argentina… asko dira azokara gonbidatu dituzten egileen jatorriak. Asko, baita, komikiak sortzeko dituzten estiloak. Guztira, bederatzi komikigilek hartuko dute parte ekintzetan.

Horien artean dago Camille Jourdy. Chenoven (Frantzia) jaioa, Arte Ederrak eta Dekorazio Artea ikasi zituen Jourdyk. Bere lanetan, umorea eta pertsonaien sakontasuna uztartzen ditu. Oso bestelako estiloa du Jason Lutesek. Historiako pasarte esanguratsuak baliatzen ditu estatubatuarrak, eleberri grafikoan oinarrituriko komikiak egiteko. Biekin mintzatzeko aukera izango dute bisitariek bihar arratsaldean. Eta, nola ez, euren sorkuntza lanak salgai egongo dira azokan.

Areetako Geltokia plazatik gehiegi aldendu gabe eta Erromoko kultur etxea baliatuz, Getxo Komiken bigarren espazioarekin egingo du topo bisitariak. Erakusketak, tailerrak, egileekin topaketak, proiekzioak… komikia ardatz, hamaika kontu. Egun osoan, haur, gazte zein helduentzat.

Haurrentzat ere bai

Gaur bertan, Kike Infame komikigile bilbotarrak ekoizpen independentearen inguruko solasaldia egingo du. Gau partean, ostera, ikus entzunezkoetara jauzi eginez, Rosalie Blum film frantsesa egongo da ikusgai. Etxeko txikienei begira jarrita, berriz, haur komikien irakurketa kluba eta haurrentzako komiki tailerra egongo dira. Bigarrena, euskaraz. Eta, bertako ekoizpenari bidea eginez, euskal komikigintzaren bueltan mintzatuko dira zazpi euskal komikigile. Jon Spinarok moderatuko du mahai-ingurua igande arrastian. Bertan, euskal komikigintzaren azken nobedadeak aurkeztuko dituzte.

2002. urtean jarri zen martxan Getxoko komiki azoka lehenengoz, eta haziz joan da urtetik urtera. Ordutik, ehundik gora komikigile eta milaka bisitari igaro dira bertatik. Hamazazpi urteren buruan, urteroko zita bihurtu da Getxo Komik bineta zaleentzat. Hain zale ere ez direnen kasuan, asko dira baita jakingura hutsez bertaratzen direnak.