“Manhattan txikiaren” bi aldeak

“Manhattan txikiaren” bi aldeak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Zabaldu dute. Ura hasi da Deustuko kanaletik igarotzen. Zorrotzaurre, ofizialki, irla bat da. Oraindik urteetako lanak ditu aurretik, eta erabateko uharte itxura izateko ere hilabete beharko du gutxienez. Baina “historikoa” izan da urari bide emate hori, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen hitzetan. Mugarria da, sinbolikoki behintzat, datorrena irudikatzeko argazkia utzi duelako: “Hasi gara Bilboko Manhattan txikia errealietate egiten”. Are argiago adierazi du Pablo Otaolak, Zorrotzaurre kudeatzeko batzordeko buruak: “Jendeak Zorrotzaurre existitzen dela sinets dezan, hasiera da”.

“Beste auzo bat”. Hori da datorrena, alkatearen beraren hitzetan. “Ezagutzaren irla, ekonomia digital berri baten kokaleku izango dena, jende gazteari lana emango diona, talentua bertan gelditzea eragingo duena eta Bilboren erakargarritasuna areagotuko duena”.

Gainontzeko auzoekin ondo komunikatua egongo den auzo bat iragarri dute; modernoa izango da, 5.400 etxebizitza berri izango ditu, teknologiarekin lotutako enpresak bilduko ditu, eta “aisialdia gustura emateko gune zabalak” izango ditu. “Auzo berri bat”. Zorrotzaurre.

Beste auzo bat egiteko ideia horrexekin ez daude gustura Deustuko Erriberako auzokideak. Zorrotzaurre ez da existitzen eurentzat. Asmakizuntzat dute; euren auzoa Deustuko Erribera da, instituzioak orain iragartzen ari direnaren guztiz kontrakoa: urteetan erabat utzia, baztertua izan dutena. Alboratuta sentitu dira urte luzez, eta ohartarazi dute udalak entzungor egin diela etengabe egin dituzten eskaririk oinarrizkoenei ere. Aldaketen zain egon diren urteetan, espaloirik ere ez diela konpondu; okindegirik ere ez dutela.

Ez daude gustura

Konponketen zain egon dira luzaro, baina, orain, eraldaketa badatorrenean, ez daude gustura; salatu dute ez dela bertako auzokideengan pentsatutako aldaketa. Bere izaera duen auzoaren gainean fikziozko auzo bat ezarri nahi dietela; azalekoa, kanpora begirakoa, eta ez bertakoen beharretan pentsatuta egindakoa.

Hori ikusarazteko elkarretaratzea egin zuten astelehenean bertan, udalak Zorrotzaurre irla bihurtu zela irudikatzeko egindako ekitaldian. “Hau ez da Manhattan”, aldarrikatu zuten; “hau Erribera da”.

Ukaezina da Deustuko Erribera inguruaren aldaketa erabatekoa izango dela. Etxe txiki zaharkituak eraikin handi modernoek ordezkatuko dituzte. Behinola lantegi zaratatsuak izan ziren eremuetan, “kutsatzen ez duten enpresa” berriak agindu dituzte.

“Talentuaren irla” izango ei da Zorrotzaurre. Jakintzarekin eta teknologiarekin lotutako enpresez gain, goi mailako ikasketetarako zentro berritzaileak ere jasoko ditu. Paper fabrika zen lekuan, diseinurako Kunsthal goi mailako eskola jarriko dute. Beta 1 pabiloilan martxan da bieo jokoen unibertsitatetzat jotzen den DigiPen eskola. Beta 2 eraikinean, As Fabrik deitutako Europako proiektua gauzatuko dute: Mondragon Unibertsitatearen ekintzailetza ildoarekin lotuta, 4.0 industria oinarri izango duen ideia haztegia. Bestalde, auzokideek “auzoko beharrak betetzeko” okupatua duten Bizinahiren kokalekurako, Vicinay Cadenas lantegia zenerako, ikasketa zentro bat iragarri du udalak: Lanbide Heziketara egokitutako Tknika ikerketarako eta berrikuntzarako zentroa.

Deustuko kanalaren irekiera ospatzeko ekitaldiaren biharamunean, beste zerbait ere iragarri du Aburtok, Unai Rementeria ahaldun nagusiarekin: Nagusi Intelligence Center ere Zorrotzaurren jarri nahi dute. Zahartzearen inguruan sektore ekonomiko berri bat sortzeko asmoa iragarri du, aste honetan bertan, Bizkaiko Foru Aldundiak. Estrategia berri hori landuko duen zentro dinamizatzailea izango da Nagusi Intelligence Center. Kokapena ez dute oraindik zehaztu, baina alkateak eta ahaldun nagusiak jakinarazi dute Bilboko Udalak utzitako lurretan egongo dela, eta Zorrotzaurren izatea nahi luketela biek: “Bat dator ezagutzaren irla horretan egongo diren jardun ekonomikoen ildoarekin”, arrazoitu du Aburtok.

Horrek guzti horrek erabat aldatuko du ingurua. Bai enpresa eta ikastetxe berritzaileen etorrerak, eta bai aurreikusita dauden bestelako azpiegiturek: irlaren alde banatan moila egingo dute, auzo berria hainbat zubirekin lotuko dute ingurukoekin, eta tranbia igaroko da. Eta Euskalduna ondoko biribilgunea, esaterako, desagertu egingo da, hiru etxebizitza bloke egiteko.