Hamaika aldarri, helburu bakarra

Hamaika aldarri, helburu bakarra

Peru Azpillaga

Durangoko zenbait auzo elkarte eta plataformatako kideek Durangok Planto mugimendu soziala sortu dute. Hamar eragile eta plataforma baino gehiago bildu dira, eta, bakoitzak bere borroka eta aldarri propioa garatzen badu ere, bada batzen dituen ezaugarri bat: udalarekiko harremana. “Udalak gure eskaerei entzungor egin die, gure sentsibilitate eta kezkei bizkarra emanez”, azaldu zuten mugimenduak egindako prentsaurrekoan. Haien esanetan, udaleko agintarien ahotan parte hartzea sustatu behar dela dago, baina errealitatea zeharo ezberdina da: “Dekretukada eta mozio alternatiboen bitartez gobernatzen du”.

Hala, azken hilabeteetan kolektibo anitzek egindako mobilizazioen eta kezken emaitza da Durangok Planto. Plataforma eta elkarte bakoitzak interes zehatz batzuk defendatzen ditu, baina guztiek konpartitu izan dute udalarekiko esperientzia bera. “Oro har, udalarekin biltzeko arazoak izaten dira, udalak ez digu erantzunik ematen, eta, emanez gero, berandu ematen du”, nabarmendu du Mikel Uriguena mugimenduko kideak. “Ez dugu ikusten udalak kontuan hartzen dituenik herriak dituen beharrak”, erantsi du. Hori dela eta, elkarteetako kideak “nekatu” egin direla baieztatu du, eta egoerari buelta emateko batzen hasi direla. “Askotariko aldarrikapenak daude, eta bakoitzak bere borroka lantzen jarraituko du; hala ere, taldean indartsuagoak garela uste dugu, eta borroka partekatuak jorratu ditzakegu horrela”. Udalaren jardunaren atzean, “herriaren gaindiko interesak” daudela deritzo Uriguenak, eta herritarrei “arreta handiagoa” eskaini behar diela.

Hala, Duragok Planto mugimenduak lehen ekintza egin zuen atzo, San Fausto jaietako txupinazoan. Zapi berdea lepoan lotu, eta mugimendua presente dagoela bistaratu zuten. Mugimendu apolitiko modura izendatu dute euren burua, eta zenbait helburu finkatu dituzte: Duragon dauden arazoak azaleratzea, plataforma eta elkarteek egiten duten lanari buruzko informazioa ematea, durangarren kezka eta egitasmoei bide ematea, eta, azkenik, udaletxeko politikariei herritarrak entzuteko deia egitea, benetako parte hartzea izan dadin. Horri lotuta, Durangok Planto mugimenduak herritarren parte hartzea eta konpromisoa bilatu nahi ditu, gizarte mugimenduen arteko elkarlanak herria gobernatzeko era ere alda dezan. “Ez gaitezen konforma gustatzen ez zaizkigun gauzekin”, aldarrikatu du Uriguenak.

Horrekin batera, mugimendua sortzea ez dela erraza izan aipatu du: “Bakoitzak bere lana du, eta jada plataforma bakoitzak zailtasunak baldin baditu, mugimenduak are gehiago”. Elkarte batzuetako kideek elkar ezagutzen zuten lehendik ere, eta udalarekin zuten harremanaz hitz egin ostean jaio zen mugimendua eratzeko ideia. “Geure burua aurkeztu berri dugu, eta oraindik ez ditugu ekintzak zehaztu; beraz, joango gara ikusten nola antolatzen garen eta zer ibilbide egiten dugun”, adierazi du Uriguenak.

Mugimendua osatzen duten eragileen artean, ostera, denetarik dago. Batzuk urte askoan dabiltza lanean; beste batzuk, ordea, orain dela gutxi sortutakoak dira. Guztira, 11 eragile daude, eta “beteranoena” Herria auzo elkartea da, auzoko zerbitzuak hobetzea helburu duen plataforma. Uriguena, adibidez, Erabaki izeneko plataformako kidea da. Plataforma horrek herri galdeketa bat bultzatzea du helburu: “Trena lurperatu zenean libre geratu zen espazioan zer egin erabaki nahi dugu. Orain, dorre batzuk egingo dituztela diote, eta guk ez dugu uste hori proiektu aproposena denik. Dena dela, herritarrei zer nahi duten galdetzea ezinbestekoa dela deritzogu”.

Horretaz gain, mota guztietako aldarriak dituzten eragileak batzen ditu Durangok Plantok: AP-8 Peajerik Ez, Durangoko bidesariaren aurkako plataforma; airearen kalitateari buruzko plataforma; Gorka Fraile larriki gaixorik dagoen Durangoko presoa etxeratzearen aldeko plataforma; Pentsio Duin Baten Alde plataforma, Pediatria 24h elkartea… “Elkarren artean genituen ezaugarri komunak identifikatu genituen, eta horien gainean lan egiten saiatu gara”, adierazi du Uriguenak. Herriaren parte hartzea funtsezkoa dela nabarmendu du, eta mugimenduaren bidez jendea piztu eta elkartu nahi dutela; “arazoei aurre egiteko alternatibak badaudela ikusaraztea”.