Euskara hedatzeko katebegiak

Euskara hedatzeko katebegiak

Natalia Salazar Orbe

Erabileran eragitea. Ikaste hutsetik kalera ateratzea. Horra hor gakoa. Datuak ezkorrak dira eta: beheraka doa euskararen erabilera kalean. Hala diote iaz Soziolinguistika Klusterrak aurkeztutako ikerketaren datuek. Hizkuntza ohiturak aldatzeko jarduerek garrantzia handia izango dute beheranzko joera horretan eragiteko. Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen Mintzalagun praktika pintxo-potean hasi dute aurten. Bizkaian zazpi herrik egin dute bat Egin jauzi! Mintzapraktika kanpainarekin. Bada euskara erabiltzeko bestelako jarduerarik ere: AEK-k Berbalagun taldeetan elkartzen ditu euskaraz bizi gura duten herritarrak. Horietan aritzeko izena emateko epea zabalik dago joan den astetik. Iaz, 3.120 lagun aritu ziren Berbalagun egitasmoan, Bizkaiko ia herri guztietan sortutako talde askotan.

“Euskaraz lagun artean, modu eraginkorrean eta giro ezin hobean aritzeko gonbita” dakar Egin jauzi! leloari jarraituta abiatu duten pintxo-poteak. Leire Lardizabal Topaguneko kideak azaldu du Mintzalagun eta gisako jardueren garrantzia: “Euskaraz hitz egiteko espazio berriak lortzen laguntzen dute”.

Berbalagunen antzera, hor ere bidelariak eta bidelagunak elkartzen dira. Bidelariak euskara ikasten ari direnak dira. Bidelaguna “euskaraz dakien jendea da, eta haiekin praktikatzeko aukerak sortzen dutenak”.

Garrantzitsuena bien arteko ekuazioaren emaitza da: “Bien artean, ohiturak sortzen dituzte. Astean behin elkartzen dira, baina lagun talde bat osatzen dute, herri baten barruan. Inguruko jendearekin ere hasten dira euskaraz hitz egiten edo, gutxienez, ohitura hori lantzen. Hala, herri horietan euskaraz hitz egiteko espazio berrriak irabazten dira”.

Mintzapraktika bospasei lagunek osatutako taldeetan egiten da. Parte hartzeko, bi baldintza bete behar dira: euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea.

Praktikatu eta bizi

Euskara praktikatzeko programa soila baino gehiago dira mintzapraktika lantzen duten jarduerak. Hala azaldu du AEK-ko kide Edorta Lopezek Berbalagunei buruz. “Euskaraz bizitzeko aukerak ere zabaltzen ditu. Guk horregatik deitzen diogu Praktikatu eta bizi“.

Lema horri jarraituta hedatu dira azken urteetan Bizkaiko ia herri guztietara Berbalagun taldeak. Euskarazko harreman sareak sortzen laguntzen dute. “Norberari laguntzen dio ikasketa prozesua sakontzen, eta gizarteari harreman sare berrien eta arnasgune funtzionalen sorrera dakarzkio. Euskaldunari euskaraz aritzeko aukera handiagoa ematen dio”. Euskarazko espazioak ikusarazteko ere balio du. Hala esan diete hainbat herritarrek AEK-ko kideei: “Batzuek esan digute orain konturatzen direla euren inguruan uste zuten baino euskaldun gehiago dagoela”.

Leku askotan taldeok bizitza propioa hartu dutela esan daiteke. Hainbat alorri lotuta sortu dira: “Umeak eskolara hastean, gurasoek harreman sare berriak sortzen dituzte, askotan, euskaraz”. Gurasolagunak osatu dituzte, hala. Beste herri batera bizitzera joan eta jendea ezagutu eta integratzeko modu bezala ere asko Berbalagun taldeetan hasten dira. Zaletasunen inguruan ere sortu dira hainbat: mendilagunak zein kantulagunak, besteak beste.

Batzuek eta besteek programa horietan parte hartzeko deia egin dute. Doakoak dira. Parte hartzeko, mintzalaguna.eus edo praktikatu.eus webguneetan eman daiteke izena. Posible da, herriko euskaltegietara jo eta izena ematea, euskara plazara zabaltzeko.