Bilboren etorkizuna argituko duen dorrea

Bilboren etorkizuna argituko duen dorrea

Peru Azpillaga

Etengabeko metamorfosian murgilduta dago Bilboko hiria. Iragan industrialaren arrastoak gero eta sakonago lurperatzen diren bitartean, etorkizuna argituko duten itsasargiak bata bestearen atzean hazten ari dira. Dorreek, landare igokarien antzera, lekua egin dute eraikinen artean; eta, gutxinaka-gutxinaka, Bilboko ortzimuga marrazten ari dira. Isozaki dorreek hiriaren janzkeraren lehen mugarria ezarri zuten. Ostera, beste asko etorri dira atzetik: Iberdrola, Basurtuko dorreak eta Bolueta; Bilbok, lan jantzia armairuan gorde, eta traje berria erosi du.

Baina etorkizuna ez da soilik zeruetan jokatzen, ezta Zorrotzaurreko irla edota Garellanoko autobus geltoki berriaren egitasmo handietan marrazten ere. Aspalditik Bilboko hiriaren parte diren zenbait eraikin batu egin dira eraldaketara. Eraikin enblematikoak. Urte luzez hiriaren egoeraren adierazgarri izandakoak eta aski ezagunak bilbotarrentzat. Besteak beste, BBVA dorrea, Kale Nagusiko Santander bankua, La Granja eraikina edota Areatzako Laboral Kutxaren eraikina. Hirurak batu dira hiriko metamorfosira. Barruak hustu, eta hiriko irudi berriarekin bat datorren eskaintza egingo dute. Ateak parez pare zabalduz, ekintzaileak eta turistak sar daitezen.

Urteak itxita egon ostean, BBVA dorrearen errailek bizitza izango dute berriz ere. Plaza Biribilean dagoenez, toki estrategikoa hartzen du dorreak. Horregatik, Angelo, Gordon & Co inbertsioen munduan diharduen aholkulari pribatuak BBVA bankuari erostea erabaki zuen. Inbertsio handia egin dute, 100 milioi euro ingurukoa. Hala ere, urteak hutsik eman ostean, aholkularitza pribatuak jada topatu ditu bere eraikin berria berpiztuko duten bizilagunak: Primarck enpresa eta Bizkaiko Foru Aldundia. Hala, izen berria ere izango du eraikinak: Bizkaia Dorrea.

Irlandako enpresa multinazionalak, Euskal Herriko dendarik handiena irekiko du hor. Sototik bosgarren solairurainoko tartea hartuko du arropa dendak, dorrearen oinarria eta alboko kuboa, ia osorik: 9.000 metro koadro guztira. Eraikinaren egoera kontuan izanda, obrak egin beharko dituzte, eta denda 2020. urterako irekitzea aurreikusten dute.

Seigarren pisutik gora, aldundiaren esku geratuko da 88 metro garai den dorrea. Guztira 12.000 metro koadroko espazioa kudeatuko du aldundiak, eta, horren truke, urtean 1,3 milioi euroko alokairua ordainduko du. “Eraikin hau itzali zenean, Bilboren ahalmen finantzarioa ere amatatu zen. Garai baten amaiera izan zen”, nabarmendu du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak. “Orain, dorre hau, Bizkaiaren mesederako itsasargia izatea espero dugu”. Horretarako, bi egitasmo hartuko ditu Bizkaia Dorreak: batetik, ekintzailetza zentroa irekiko dute, eta, bestetik, gaur egun diputazioak Bilbotik barreiatuak dituen egoitzak batuko ditu dorre berriztuan.

Egun, aldundiak 33 egoitza ditu hirian zehar, eta, horietan, 3.000 langilek egiten dute lan. Oraindik ez dute zehaztu zein egoitza lekualdatuko dituzten, baina bai dorre berriak mila langile inguru hartuko dituela, langileen herenak. Beharrezko lanak egin ostean, 2021. urterako dago aurreikusita lekualdaketa.

Horrekin batera, ekintzailetza sustatzeko zentroa izango da dorreak izango duen berrikuntzarik nabariena. Seigarren solairutik bederatzigarreneraino luzatuko da, eta 4.000 metro karratu inguru hartuko ditu. Dena ondo joatera, etorkizunean zentroa handitzea espero dute, eta gutxienez beste lau solairu hartzea, 8.000 metro karraturaino iritsi arte. Zentro horren bidez, start-up edo enpresa hasiberrien munduan Europa hegoaldeko erreferentzia nagusi bilakatu nahi dute Bizkaia. Horretarako, mundu mailan aritzen diren zenbait teknologia enpresak ordezkaritza izango dute hor. Besteak beste, Techstars, Masschallenge edota Cambridge Innovation Center. Egitasmoa nazioarteko gestoria batek kudeatuko du, eta lehiaketa publikoaren bitartez adjudikatuko da. Hala, zentro berriaren bidez, tokiko enpresak, ekintzaileak eta inbertsiogileak harremanetan egongo dira mundu mailako proiektuekin. Munduko beste enpresa eta ekintzaile zentroei jarraituz, Bizkaiko dorreko zentroa egunean 24 orduz egongo da martxan, eta puntako baliabidez hornituta egongo da.

Hotelen udaberria

Nazioarteko puntako enpresak eta ekintzaileak ez dira Bilbo izaten ari den eraldaketaren euskarri bakarra. Turistek ere berariazko garrantzia daukate. Asko hitz egin da gai horretaz azken urtean. Polemika handiak inguratu du turisten fenomenoa, eta aldeko zein kontrako ahotsak altxatu dira gaiaren inguruan. Argi dagoena zera da: Bilbok gero eta turista gehiago hartzen ditu urtero, eta ez soilik udan. Urte osoan ere asko dira Bizkaia bisitatzera datozen kanpotarrak. Horietako asko, urte barruan egiten diren mundu mailako ekitaldi erraldoiek bultzatuta etortzen dira: esaterako, MTV Awards edota Europako errugbi finalak. Baina baita hiriak antolatzen dituen hamaika kongresutan parte hartzeko ere.

Hori dela eta, hotelen sektorea loraldian dago. Azken sasoian sektoreak izandako gorakada ez da oharkabekoa izan ostalaritzako mundu mailako enpresa handientzat. Hala, nazioarteko zenbait hotel kate eta inbertsio talde hasiak dira hiriarentzako proiektu berriak gauzatzen. Millenium inbertsio taldea da horietako bat; horrek, hain zuzen ere, BBVA dorrearen aurrean, Kale Nagusian dagoen Santander bankuaren egoitza erosi du. 1950. urtean altxatu zuten eraikina da, eta lau edo bost izarreko hotela irekiko du Millenium taldeak. Beheko solairuan, bankuaren bulegoak egongo dira oraindik, eta beste zazpi solairuetan egokituko dute hotela.

Gauzak horrela, nabaria da Bilboko Plaza Biribileko ingurunean jazotzen ari den lurrikara. Bizkaia Dorreko proiektua, AHTaren helmuga izango den Abandoko geltoki berria, Millenium taldearen hotela, Buenos Aires kaleko Telefonicaren eraikin ohia, Cafe Iruñak hartzen duen sei solairuko eraikina eta baita Cafe La Granjaren zazpi solairuko eraikina ere. Denak inbertsiogile talde, higiezinen agentzia edota enpresa berrien esku geratu dira. Hala, higiezinekin lotutako espekulazioaren adierazgarri bilakatu da Bilboko Plaza Biribila. Hain zuzen ere, jakinarazi berri dutenez, Hispania funts taldeak hotel berri bat irekiko du La Granja kafetegiaren erakinean. 1926. urtean altxatu zen ostalaritza saltokia eta 2107tik itxita dago. Eraikin historikoa legez babestuta dago, eta beraz, Bilboko Ondare Batzordeak onespena eman behar dio oraindik proiektuari. Hotelaz gain, beheko solaituko 325 metro koadroak merkataritzara bideratuko dira.

Baina lurrikara ez da hor eten, eta hiriko beste alde historiko batzuk ere nabaritu dute seismoaren indarra. Bilboko alde zaharra da horietako bat. Turistentzako pisuak alokatzen dituzten enpresek ohartarazi zituzten lehenik eta behin auzokideak. Gaur egun, badirudi fenomeno hori baretzen ari dela, baina ez auzoaren itxuraldaketa. Frankizia handiek kudeatutako komertzio berri andana ireki dute, eta, horiekin batera, hotelak ere etorri dira. Gutxienez, bi irekiko dituzte. Horietako bat Areatzako Laboral Kutxarena zen eraikinean egongo da. Banketxeak joan den urtean saldu zion inbertsio funts bati, eta horrek Fattal Hotels Israelgo ostalaritza katerik handienetako bati alokatu dio. Leonardo deituriko filialak kudeatuko du, eta bost izarreko luxuzko hotela atonduko dute. Areatzako eraikinak 3.800 metro koadro eta zortzi solairu ditu, eta, Arriagaren parean egonik, kokaleku estrategikoa du. Oraindik ez dute iragarri noiz irekiko dituen ateak.

Horrekin batera, Gipuzkoako enpresari talde batek Erribera kaleko 13. zenbakia alokatu egin du. Eraikina 1924. urtean eraiki zuten, eta Zubicaray enpresaren biltegia izan zen. Ondoren, eraikinak hainbat urte eman zituen hutsik. Hotel bat egiteko proiektua abiatu zuten orduan, baina krisiak jota porrot egin zuen. Ostera, 2013. urtean hainbat pertsonak okupatu eta Erribera 13 proiektua martxan jarri zuten. Okupazio proiektuak, ordea, ez zuen bide luzerik egin, zenbait hilabeteren ostean, 2014. urteko otsailean, hain zuzen ere, Ertzaintzak hustu egin zuelako. Geroztik, hutsik egon da berriz ere eraikina. Orain, Biyou Hotels enpresak 60 gela izango dituen lau izarreko hotel bat irekiko du hor.

Estrategia bera erabiliz, jesuitek Aiala Kantzilerraren kalean duten egoitza lau izarreko hotel bihurtuko du Sercotel konpainiak. Eraikin enblematikoa, hori ere; arkitektura landua du, baita kokaleku estrategikoa ere. Izarrak, aurrekoenen pare, Bilbok nahi dituen bisitariak maila handikoak diren seinale. Gainera, handik 200 metrora beste eraikin bat ere badu kate horrek bere kargu.

Vincci kateak ere, bere lehenengo hotela irekiko du Bilbon. Horretarako leku ezin hobea hautatu dute: Isozaki dorreen eta Guggenheim museoaren artean, Mazarredo kalean, altxatu berri duten luxuzko eraikina. Bertan kokatuta zegoen udal aterpea bota ostean, belaontzi itxurako eraikin modernoa eraiki dute bi enpresek. Eraikin berriaren lehen bost solairuetan atonduko dute Vinccik kudeatuko duen 93 gelako hotela, eta gainontzeko bederatzi solairuetan, luxuzko etxebizitzak egongo dira. Azpiko lau solairuetan aparkeluak eraikiko dituzte. Hala, Garellanoko autobus geltokiaren gainean eraikiko duten hotel berriarekin batera, gutxienez zazpi izango dira Bilboko hotel berriak.