Bilbo pizteko eguna

Bilbo pizteko eguna

Uxue Gutierrez Lorenzo

Urtebeteko ibilbidea eginda eta MTV jaialdiaren atarian, teoriatik praktikara salto egingo du Piztu Bilbo plataformak. Hilabeteak daramatza jaialdi horrek sustatzen duen hiri eredua salatzen, eta bihar “jarduera alternatiboz” beteko ditu Bilboko kaleak. Hamaika Botxo eguna antolatu dute, 12:00etatik 21:00etara.

Egunari bi helburu nagusi jarri dizkiote, Mikel Aiartzaguena plataformako kideak azaldu duenez: “Batetik, udaletxeak saltzen duen hiri ereduaren aurrean dauden alternatiba guztiak kalera ateratzea; eta, bestetik, egun hau alternatiba horien guztien arteko saretzea bultzatzeko tresna izan dadila”. Askotarikoak dira sare potentzial hori osatzen duten eragileak, herri mugimenduko esparru desberdinetan lanean dihardutenak.

Harreman hori irudikatzeko asmoz, Bilboko 40 eragiletik gora izango dira bihar. Nor bere postutxoarekin, herri denda osatuko dute denen artean. Horien artean dira Ongi Etorri Errefuxiatuak, Gazte Asanbladen Sarea, Bilgune Feminista, Ekologistak Martxan eta Komite Internazionalistak, besteak beste.

Egun osoan bisitagai egongo den herri dendaz gain, beste hiru txokotan banatu dute egitaraua, hiri eredu alternatiboaren erakusleiho: umeen txokoa, agertokia, eta mahai inguru eta proiektuen aurkezpenen gunea. Umeen txokoan hasiko da eguna, 12:00etan, Puski eta Txurruski pailazoen eskutik. Agertokian, berriz, musika emanaldiak eta antzezlanak izango dira nagusi. Aipagarria da, ordea, mahai inguruen eta proiektuen aurkezpen gunean antolatu duten proiektuen aurkezpen maratoia. Bertan, bi orduko tartean, kolektiboek euren proiektuen berri emateko beta izango dute, hamabost minutuko txandetan antolaturik. Non jan eta edan ere izango da; Munduko Zaporeak eta Mercado de las Especias taldeen laguntzarekin, mundu osoko jakiak erosteko aukera izango da.

Ripako kaia izango du egitarauak kokaleku, Bilboko udaletxea aurrez aurre duela. “Bilbo erdian egonda, espero dugu ikusgarriak izatea, jendea hurbiltzea, galdetzea eta gure mezua zabaltzeko aukera izatea”, azaldu du Aiartzaguenak. Egitaraua lotzeko zailtasunak izan dituztela azaldu du; “are gehiago, joan den astera arte eguna kolokan egon da udalaren trabak zirela eta”.

Dinamika osoaren motorra Piztu Bilbo izan da, baina eguna antolatzeko lantalde bat eratu zuten uda hasieran. Lantaldeko kideak itxaropentsu agertu dira, eta auzoz auzo antolaketarako jaso duten laguntza eskertu dute.

Salaketatik eraikuntzara

Ezinegonaren eta haserrearen ondorioz sortutako talde bat da Piztu Bilbo. Jatorri askotako kideek kezka beraren inguruan lan egiteko sortu zuten. Salaketa izan zuten lehen pauso, eta MTV makroekitaldia pizgarri. Hamaika Botxo egunarekin, “salto kualitatiboa” eman nahi dute, eraikuntzari bidea irekiz, eta eguna hiri ereduen talka azaleratzeko tresna gisa baliatzeko asmoa dute. “Egun honekin, bazterrean dauden hamaika botxoak kalera atera nahi ditugu”.

Egitaraua

Umeen txokoa
12:00. Puski eta Txurruski.
13:00. Adin guztietako pertsonentzako tailerrak: sendabelar laborategia, bizikleta konponketa, euskara mintzodromoa, gurpil aulkian daudenen inguruko sentsibilizazio tailerra, graffiti tailerra eta hoola-hop tailerra.
17:30. Umeentzako jarduerak Txantxiku aisialdi taldeak gidatuta.
18:30. Ipuin kontalaria.

Agertokia
13:00. Bertso eskolen arteko bertso saioa.
15:00. Esnaren kontzertua.
16:00. D’Capricho musika euskaldun-kubatarra.
18:00. Mujeres oh yeah! antzerkia.
19:30. Ikuskizuna Bihotzerre antzerki taldearen eskutik. 20:00. Ekitaldia.

Aurkezpen gunea
12:00. Proiektuen aurkezpen maratoia.
14:00. Pantx Records.
17:00. Mahai ingurua: Etxarri gaztetxea, Suzy Ndjom eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa.
18:30. Proiektuen aurkezpen maratoia.

Herri denda
12:00-18:00. Bilboko herri mugimenduko eragileen materialekin.