“Zergatik ez erakutsi zuzenean euskara kanpotik datorrenari?”

“Zergatik ez erakutsi zuzenean euskara kanpotik datorrenari?”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Badira ia 27 urte Arratian bizi dela. Euskaraz hazi diren bi seme-alaba ditu, eta, berak ere euskara ikasteko unea zela pentsatuta, klaseak hartzen hasi zen Igorren, Helduen Hezkuntzarako Programaren barruan. Ikasturte berria hasterako, ordea, bertan behera utzi dituzte euskara klaseak. Nadia Zamkovak (Mosku, 1958) ez du ulertzen zergatik, eta eskolak berriz has daitezen saiatzen ari da.

Euskara ikasteko hartzen zenituen eskolak kendu egin dituztela salatu duzu. Zer gertatu da?

Helduen Hezkuntzarako Zentroak egoitza bat du Galdakaon, eta horren sukurtsal bat dago Igorren. Urteak dira Bigarren Hezkuntzarako ikasketak ematen dituztela bertan nagusientzat, eta, horren barruan, euskarazko klaseak ere ematen zituzten. Arratia oso gaizki komunikatuta dago; jendea auzoetan bizi da, autobusak ez daude oso ondo, eta halakoek zaildu egiten dute talde handi bat osatzea. Gainera, geunden lokalean ez genuen erosotasun handirik. Lehen, ni oraindik ez nengoenean, udaletxeak utzitako lokal batean egoten ziren, ondo. Baina, gero, udaletxeak esan zuen lekua beste zerbaitetarako behar zuela eta handik kanporatu zituzten. Orduan jende dezente egoten zen. Udaletxeko lokaletik kanporatu zituztenean, Igorreko elizaren lokal bat eskatu zuten. Parrokiaren behealdean lokal batzuk daude, soto modukoak. Soto hori ikasgela gisara prestatu zen, eta han ematen dira klaseak.

Bertan ematen ziren ikasketa batzuk kendu egin dituzte.

Garraio arazoengatik eta egoitza nahiko deserosoa zelako, gero eta jende gutxiago joaten zen. Sendoa zen euskarako talde bat bazegoen; irmoak ginen, talde egonkortua, eta euskara ikasten jarraitu nahi genuen. Baina badirudi Jaurlaritzaren ordezkaritzak hamabost pertsonako gutxienekoa eskatzen duela. Iaz 17 edo 20 lagunekin hasi genuen ikasturtea, baina ikasketa geletan ez daude hamabost mahai ere. Gela txikiak dira; ez dakit hamar mahai egongo diren, eta, ikasle gehiago geundenean mahai txiki horiek partekatu behar izaten genituen, ez ginelako sartzen… Etortzeari utzi zion jendeak. Deserosoa zen: oso hotza neguan, eta beroa udan, ez ginen sartzen… Aurten 11 lagunek eman genuen izena, baina esan digute hamabost behar direla gutxienez eta euskara klase horiek ez dituztela emango. Igorreko eskolak bertan behera utziko dituztela.

Helduen Hezkuntzarako klase guztiak itxiko dituzte Igorren, edo euskara ikastekoak soilik?

Euskara ikasten genuenok aparteko talde bat ginen. Ikasle horietako batzuk beste ikasgai batzuetara ere joaten ziren, matematiketara-edo, baina gure taldea apartekoa zen. Nik unibertsitate titulua dut; ez dut Bigarren Hezkuntzako titulua atera beharrik. Baina euskara bai, behar dut, eta hori itxi egin dute.

Orain, Galdakaora joan behar duzue programa horren barruan euskara ikasi nahi baduzue, ezta?

Han onartuko gintuzkete. Tira, ez dakit matrikulazio aldetik nola ibiliko diren, baina… Kontua da ez dugula aukera handirik Galdakaora joateko. Ni, adibidez, Zeanurin bizi naiz. Zeanuritik Galdakaora ordubetean behin dago autobusa, eta 50 minutu behar ditu Galdakaora iristeko. Beste horrenbeste bueltarako.

Gune euskalduna da Arratia. Zer ikasle mota biltzen zarete?

Gure taldean, bi pertsona euskaldun zaharrak dira, eta gramatika ikasi eta alfabetatzera etortzen dira. Francoren garaian ikasi zuten eta… Gainontzeko gehienak kanpotik etorritakoak dira; txikitan Almeriatik [Espainia] edo inguru horretatik etorritakoak eta orain arte ez dutenak euskara ikasteko denborarik hartu baina orain euskalduntzeko apustua egin dutenak… Egia da Igorren AEK ere badagoela, baina eskaintza diferentea dela iruditzen zait. Diru laguntzak izan arren, hasieran nahiko diru utzi behar duzu, eta askok ez dute hori ordaintzeko aukerarik. Erritmoa ere diferentea da…

Leku horretan beste ikasketa batzuk ematen jarraitzen dute gazteleraz?

Atzerritarrentzako eskolak badaude: iritsi berri diren etorkinei gaztelerazko klaseak ematen dizkiete. Hori mantentzen da. Pakistandarrak, Saharaz hegoaldekoak eta beste joaten dira. Gainera, Lemoan gaztelera ikasteko beste zentro bat zabalduko dutela esan digute. Beraz, Arratian gaztelania ikasteko bi zentro egongo dira, eta euskaraz ikasteko bat ere ez. Nik ulertzen dut gutxieneko bat eskatzea, baina Arratiak bere berezitasunak ditu, eta uste dut errespetatu behar liratekeela.

Galdetu izan duzu zergatik ez den zuzenean euskalduntzen lehenengo gaztelania ikasi behar izanik gabe.

Bai. Etorkizunera begiratzea besterik ez da. Arratiako gazte guztiek D ereduan ikasten dute. Denak dira euskaldunak. Pakistandik edo beste edozein lekutatik datorrenari euskaraz egitea ederto datorkio. Gazte guztiek hitz egiten dute euskaraz. Txernobylgo umeak edo sahararrak elkartasun bidaietan etortzen direnetan, hemengo senideek euskaraz egiten diete, eta haiek ere euskaraz egiten dute azkenean, hemen denboraldi labur batez soilik egoten diren arren. Hemengoek euskaraz egiten badute, zergatik ez erakutsi zuzenean euskaraz kanpotik datorrenari ere?