Suspertzeko indarra batzen

Suspertzeko indarra batzen

Aintzina Monasterio Maguregi

Non gauden jakiteko, garrantzitsua da jakitea nondik gatozen, bai eta nora joan nahi dugun hausnartzea ere. Horretaz jakitun eta Bizkaian euskara biziberritzeko asmoagaz sortu dute Bizkaieus bilgunea.

“Azken hamar urteetan euskararen erabilera Bizkaian jaitsi egin delako, bilgune edo foro bat sortzeko beharra ikusi dugu. Euskararen kale erabilera hainbat faktoregatik jaitsi da”, azaldu dute Bizkaieusen ordezkariek.

Beraz, elkarteek, erakundeek eta norbanakoek indarrak batuta lan egin gura dute: “Bizkaiko euskaltzaleon kezkak eta ideiak partekatzeko foro bat da”. Jakinarazi dutenez, ildo estrategikoa zehaztu nahi dute.

Bilgunea sortzeko lehen pausoa Gernika-Lumon eman dute. Orain dela astebete, Euskal Herria museoan batzartu ziren. Besteak beste, irakasleak eta euskal esparruko zenbait erakunde eta elkartetako kideak joan ziren. Hain zuzen, topagunean parte hartzera gonbidatu dituzte Bizkaiko norbanakoak, elkarteak eta erakundeak.

Euskararen erabileragaz batera, bizkaiera ere bultzatu nahi dute. Hala, euren helburuak lortzeko, sektoreka, ildo jakin batzuk finkatzea da haien asmoa. Esate baterako, irakaskuntzan, komunikabideetan, euskaltegietan eta kultur arloan zer egin daitekeen ikusteko.

Faktoreak aztergai

Gainera, udaberrian herri hizkerari buruzko biltzarra egin gura dute, euskara herri hizkeraren ikuspuntutik nola bultzatu aztertzeko. “Agian, egokia litzateke beste euskalkietako euskaldunak ere gonbidatzea”.

Euskararen kale erabilera hainbat faktoregatik jaitsi dela argi daukate foroaren partaideek, eta lehen bileran horiek aztertzen aritu ziren.

Gogoeta eginez hasi zuten batzarra, eta gaur egungo egoeraren diagnostikoa edo mapa egitea proposatu zuten. Haietako batzuen ustez, egoera “oso larria eta gordina” da.

Esate baterako, eleaniztasunaz jardun ziren. Batzuen ustez, euskarari “kalte” egin dio eleaniztasunak, baina, beste batzuek kontrako iritzia dute: “Euskara zerbaitek libratuko badu, eleaniztasunak libratuko du. Oso hizkuntza txikia gara, eta hizkuntza txikia duten herrietatik ikasi behar dugu”.

Halaber, batik bat umeen eta gazteen artean euskara gutxi entzuteak kezkatzen ditu.

Gernika-Lumoko bileran parte hartu zuten batzuk hezkuntza mundutik zetozen, eta esan zuten hezkuntza zentro publiko zein pribatuetan euskararen egoera ez dela oro har oso osasuntsua, “ez ikasleen artean, eta ezta irakasleen artean ere”.

Ezinbestekotzat jo dute jakitea zer nahi duten belaunaldi berriek eta zer kontsumitzen duten aisialdian edota kulturan. Behin hori jakinda, haientzat produktu edo osagai erakargarriak eskaintzeari buruz berba egin zuten: “Momentu honetan, irakasleok ez dugu inongo eraginik ikasleengan. Ikasleen iturriak beste batzuk dira. Horregatik, haiek ulertu dezaketen hizkuntza batean berba egin beharko zaie. Gure seme-alabek ez dute telebista ikusten, ez dute egunkaririk irakurtzen, irratirik ez dute entzuten…”.

Adibidez, herriko giroa, herriko sareak, hizkuntza sareak eta prestigio sareak aztertzearen garrantzia nabarmendu zuten. “Komunitate linguistikoa sortu behar dugu beste parametro batzuekin”.

Gazteen eta nerabeen kasuan, haien beharrak ondo ezagutzearen garrantziaz aritu ziren: “Ulertu behar dugu zeintzuk diren haien beharrak eta zein den haien diskurtsoa”.

Txikitasunaren indarra

Euskarak txikitasunetik izan duen indarra aitatu zuten: “Euskarak, hain txikia izanda, mendeetan eta mendeetan iraun badu, hori izan da indarra hor eduki duelako. Beti eduki ditu oso inperio indartsuak inguruan”.

Euskaraz, bizkaieraz zein euskalkiez berba egin zuten Gernika-Lumon bildutakoek. Eta tokian tokiko egoeraz jardun zuten. Gune euskaldunenak indartzeko eta gaztelerarako joera duten herri eta esparruetan euskara bultzatzeko hausnartzen jarraituko dute.

Herri hizkeratik euskara bultza daitekeela adierazi zuten. “Herri euskaldunetan euren nortasuna indartzeko modu bat da tokian tokiko euskara”.

Argi dute proposamenak lantzen eta aztertzen jarraitu behar dutela. Horrenbestez, indarrak batzea behar-beharrezkoa dela uste dute. “Norbanakoak eta erakundeak bat egitea beharrezkoa da. Bakoitza bere kontura dabil, eta, helburuak eta erronkak lortzeko, denok elkartu eta indarra egin behar dugu”, azpimarratu zuten.

Konpromiso “oso txikiak eta oso zabalak” hartu beharra aipatu zuten, konpromiso “txikienagaz ahalik eta eragin handiena” izatea bilatzen dutelako. Haien aburuz, “konpromiso malguko gizartea da gurea”.

Hortaz, ezkortasuna albo batean utzi, eta baikortasunez aurrera egin behar dela azpimarratu zuten. “Hizkuntza denona da, eta hizkuntza izango da erabakitzen duguna”.

Jakinarazi dutenez, urtean lauzpabost aldiz batzartzeko asmoa daukate, eta bi hilabete barru berriro batzartuko dira.

Euskararen erabilera indartzeko lanean jardun nahi dute, eta etorkizunari itxaropentsu begiratuta, ereindako hazia ureztatzen jarraituko dute. Horrela, ereindakoa osasuntsu ernetzea espero dute. Beraz, apurka-apurka lanean jarraituko dute, gelditu barik, pauso sendoak emanez.