“Hurrengo fasea kontu serioagoa da, baina gogotsu nago”

“Hurrengo fasea kontu serioagoa da, baina gogotsu nago”

Peru Azpillaga

Azkeen urteetan, geroz eta handiagoa da gazteek Bizkaiko Bertsolari Txapelketan duten presentzia. Aurten, Udaberriko fasea burututa, argi geratu da bertsolari belaunaldi berri bat loratzen ari dela. Horien artean dago Asier Alcedo (Portugalete, 1996).

Alcedo txikitatik dabil bertsolaritzaren munduan murgilduta. Egun, kopletan aritzeaz gain, bertso irakaslea ere bada. Bertsolaritzan tradizio handirik ez duen eskualde batekoa izan arren, berak bezala Bertsozale Elkarteko kideek egiten duten lanari esker, bertsolaritza hazten ari da Bizkaia osoan zehar.

Lehen aldiz gainditu duzu lehenengo fasea. Zelan ikusten duzu zeure burua?

Orain dela pare bat urte hartu nuen parte lehen aldiz. Gure eskualdeko saioan aritu nintzen, txapelketako lehenengo fasea eskualdeka egiten zenean. Egia esan, aurten apur bat izututa nago; hurrengo fasea beste kontu bat da, serioagoa. Baina tira, badut gogoa ere. Eskualdetik lau pertsona arituko gara hurrengo fasean.

Zer iruditu zaizu txapelketaren formatu aldaketa?

Alde posiitiboak eta negatiboak ditu. Batetik, arrotzagoa izan daiteke, batez ere hasieran: etxetik kanpo kantatzeak, zure ingurutik kanpo, beldur edo errezelo handiagoa sor dezake izena emateko orduan. Azken finean, beste formatuan bazenekien, eskualdekoa izanik, zer jende egongo zen eta norekin lehiatuko zinen. Beste inguru batean aritzean, ordea, ez dakizu publikoa zein izango den eta ez duzu ezagutuko zurekin arituko den jendea.

Bestetik, egoera aberasgarriagoak sortzeko aukera ere ematen du, jende eta toki berriak ezagutzeko beta, eta hala ez da beti eskualdeko jende bera sailkatuko.

Bizkaiko bertsolaritzan belaunaldi aldaketa bat gertatzen ari dela esango zenuke?

Bai, nik uste dut baietz; era naturalean ari direla gazte berriak sartzen eta saioetan gero eta aurpegi gehiago ikusten ditugula. Hala ere, nik uste oraindik ere eman beharreko pausoa dela. Gazteak ezagutzera ematen ari dira, baina oriandik ez dut uste gertatuko denik belaunaldi aldaketa argi hori. Aurten zaila izango da, baina aurrera begira seguru emango dela, saio eta txapelketetan argi geratzen ari baita gogotsu dagoen gazte mordoa dagoela.

Badirudi gero eta gai konplexuagoak eta hausnarketa sakonagoak lantzen direla bertso saioetan. Zuk zer uste duzu?

Gero eta kalitate handiagokoak dira gaiak. Gai jartzaile taldeek hausnarketa sakonagoak egiten dituzte, ez soilik gaiak aukeratzeko orduan, baita ere horiek lantzerako orduan. Beraz, exijentzia handiagoa da eta prestakuntza hobea izatera eta hasunarketa sakonagoak egitera bultzatzen zaitu. Hala ere, oreka bilatzen saiatu beharra dago, eta ez izatea dena kristoren hausnarketak egitea; bestela saioa astuna izan daiteke.

Zelan prestatzen zara horrelako txapelketa baterako?

Bertso eskolan aritzeaz gain, eskualdeko kideekin geratzen naiz ni. Lau pasatu gara hurrengo fasera eta, beraz, ahal dugunean baten garajean edota bestearen etxean biltzen gara ariketak egin eta elkarlanean trebatzeko; inoiz ez bakarrik.

Nolatan hasi zinen zu bertsolaritzan?

Txikitatik izan dut euskal kulturarekiko harremana. Gurasoak euskaldunak dira eta kantuarekiko eta bertsoekiko zaletasuna helarazi didate. Bere garaian ikastolako bertso eskolan aritu nintzen, seigarren mailan geudenean, eta gero, batez ere, bertso udalekuetan garatu nuen afizioa; hor ikusi nituen nire adineko gazte asko bertsotan eta zaletasuna piztu zidan.

Zein da bertsolaritzaren egoera Portugaleten? Bertsoek duten presentzia hazten ari dela esango zenuke?

Ba ez dakit, ez nuke esango bertsolaritza hazten ari denik. Orokorrean euskararekin dagoen harreman berdintsua dagoela esango nuke. Oso lotuta dago komunitate euskaltzalearekin, baina horretara mugatzen da. Hor dago, beraz, erronka: bertsoekiko zaletasuna hedatzea eta egoera normalizatzea; bertso poteo bat egitea ez izatea zerbait arraroa gure auzokideentzako.

Zu irakasle lanetan ere aritzen zara. Nolakoa da gazteek bertsoekin duten interesa?

Ezkerraldean ikasle askok ez dakite bertsolaritza zer den ere. Hala ere, lehenengo egunetik hartzen dute logika eta ulertzen dute zertara zoazen zu hara. Orduan, gozamena da. Niretzat oso aberasgarria da eskolara joatea eta bertsolaritza irakastea. Batzuetan, ordea, zeregin zaila da, askok oso euskara maila baxua dutelako, eta, beraz, azalpenak ematea bera ere zaila izaten delako. Baina polita da aldi berean Barakaldo edo Gallarta bezalako herrietara zu joatea lehenengo aldiz hori azaltzera eta bertsoalitza ezagutaraztera.

Euskararen ezagutza kaskarra bada, zaila da bertsotan aritzea.

Hala da, eta hori da eskoletan dugun arazo nagusietako bat. Ikasleek eskoletan duten euskara maila, orokorrean, oso baxua da. Asko kostatzen zaie euskaraz hitz egitea, eta adierazkortasunik gabe zaila da bertsotan aritzea. Esan nahi duten hori adierazteko edota sinonimoak eta hitz jokoak bilatzeko oztopo nabaria da. Eta bertsolaritza lantzeko ezinbestekoa da maila minimo bat. Beraz traba handia da hori.

Eskolatik kanpo, zenbat dira bertsolaritzaren mundura salto egiten dutenak?

Saltoa ematea eta bertso eskoletara etortzen hastea, adibidez, oso zaila da. Azken finean, beti dagoelako zerbait aurretik, futbola edo dena delakoa. Beraz, eskolatik kanpo haurrek bertsolaritza ikasten jarraitzea korapilatsua da. Lan handia dago hor egiteko.