Familia giroan gozatzeko jaialdi bat egingo dute Barakaldoko Munoan

Familia giroan gozatzeko jaialdi bat egingo dute Barakaldoko Munoan

Aitziber Laskibar Lizarribar

Duela gutxi arte, herritarrentzat itxita egon da Barakaldoko Munoa parkea. Hirian nagusi diren lantegi eta etxe orratzetatik ezkutatuta, zuhaitzez eta belardiz osatutako gune zabala da, Munoa jauregi ikusgarria erdian duela. Barakaldo erdiko arnasgunea da; porlanezko lurren erdian dagoen irla berdea. Nolabaiteko misterio kutsua izan du beti eremuak; XVIII. mendean eraiki zuten, eta Frantziako bigarren inperioaren garaiko estiloa duen jauregitzarraren barrualdea nolakoa izango ote zen imajinatu ere ezingo zuten egin bertako herritar xumeek, 2015era arte parkerako sarrera herritarrentzat itxita egon delako, eta ia 65.000 metro koadroko eremua inguratzen duten zuhaitz sendoek ere ez zutelako uzten ikusten zer dagoen lorategietan.

Lorategia parke publiko bihurtu zuten 2015eko udaberrian. Eta azken urtean jauregia barrutik ezagutzeko bisita gidaturen bat egin da. Bihar eta etzi, ingurua beste modu batean ezagutzeko aukera izango da: parke zabala askotariko ekintza eta saioen bidez ezagutzeko aukera. Munoa Bizi jaialdiak hartuko ditu jauregiaren inguruko zelaiak.

Iaz egin zuten, aurrenekoz, Munoa Bizi eguna, eta arrakastatsua izan zen oso, Amaia del Campo Barakaldoko alkatearen hitzetan. Parkea azken urteetan zabalik dagoen arren, asko izan ziren gunea lehen aldiz egun berezia baliatuta ezagutu zutenak. Helburu nagusietako bat bete zen, beraz: “Barakaldoko altxorra” ezagutaraztea. Alkatearen esanetan, herritar askok zoriondu zuten udala egitasmoagatik.

Berriro egingo dute, hargatik. Bihar eta etzi, askotariko ekitaldiak egingo dituzte Munoa parkean, herritarrei familia giroan gozatzeko aukera emateko. Iaz arrakasta handia lortu zuten atrakzio bereziak nabarmendu ditu alkateak, jardunaren nolakotasuna erakusteko adibide gisa. Antigua i Barbuda konpainia katalanak barraka bereziak jarriko ditu eremuan. Elektrizitaterik gabe funtzionatzen duen jolas parkea da, eta, noria eta zaldiko maldikoak biraka has daitezen, pedalkadaka aritu beharko dute gurasoek.