Erlojuaren kontrako sormen festa

Erlojuaren kontrako sormen festa

Natalia Salazar Orbe

Gai eta irizpide berak ardatz hartuta, erabat desberdinak diren sormen lanak aurkeztuko dituzte, aurten ere, Kameratoian parte hartuko duten lehiakideek. Horretan datza Euskal Herriko ikus-entzunezkoen rallya. Lehiakideei landu beharko duten gaia jakinarazi, osatuko duten film laburrek zer irizpide bete beharko dituzten esan, eta rallya abiatu. Aurten, soilik 24 ordu izango dituzte sormen lana gauzatu eta aurkezteko. Eta, bigarren urtez jarraian, Lekeitioko Euskal Zine Bileraren barruan jarriko dute zita. Bihar eta etzi egingo dute gazteen sormenari ateak zabaldu nahi dizkien lehiaketa hori; gazteak, sormena eta euskara uztartzen dituen ekitaldia.

Berritasunak ditu aurten. Orain artean, 48 ordu zituzten lehiakideek film laburra eratzeko, baina, aurten, egun bakarrean egin beharko dute. Erronka zailagoa da, baina aldaketarako pisuzko arrazoiak dituzte antolatzaileek. Hala azaldu du Euskaltzaleen Topaguneko kide Leire Lardizabalek: “Gazteek Zine Bileraren barruan benetako espazio bat izan dezaten nahi dugu. 24 ordura ekarrita, askoz presentzia handiagoa izango dute Lekeition bertan. Kameratoiak Lekeition sustraiak botatzea nahi dugu, eta gazteek presentzia izan dezatela paperetik harago ere. Gazteak kalean ikus daitezela, alegia”.

Izan ere, 48 orduko tartea emanda, lehiakideetako askok hiruzpalau irudi hartzen zituzten herrian, eta gero bakoitzak bere etxera jotzen zuen editatzera. “Aurten ezaugarri guztiak jarri ditugu Lekeition bertan filmatu beharrekoak. Apropos egin dugu. Gazteen eta Zine Bileraren arteko harremana estutu nahi dugu. Hori da helburua”.

Erronka zaildu arren, baliabide gehiago ere jarri dituzte gazteon eskura: muntatze lanak egiteko espazioa eskaintzeaz gain, lo egiteko txokoa ere prestatu dute hala nahi duenarentzat. Trinkete Etxean eman ahalko du gaua hala nahi duenak, 15 euroren truke. Horretarako, izena eman behar da aurretik. Horra hor aurtengo beste berritasuna.

Hamalau taldek eman dute izena aurtengo Kameratoian lehiatzeko. Horietatik zazpik lehen aldiz hartuko dute parte; bik, bigarren aldiz; beste bik, hirugarrenez; eta hiruk, laugarrenez. Lehiakide gehienak gazteak dira: 20 eta 22 urte artekoak. Kameratoiak egin duen hausnarketarentzat adin aproposa dute. “Gazte gazteei zuzendu nahi gatzaizkie, lehen aukera eskaintzeko. Ikus-entzunezkoen munduan dabilen jendeari proba egiteko aukera eman nahi diogu. Lehiaketa ez da formala. Hala, ondo pasatzeaz gain, esperimentatzeko aukera ematen du”. Oinarrien arabera, oraingoz, 18 eta 35 urte arteko lehiakideak onartzen dituzte.

Zine Bileraren barruan erreferente bilakatu nahi dute Kameratoia. “Lehenengo urtean hara jo genuen gazteentzako espazio berri bat zabaldu nahi genuelako jaialdi hartan”. Izan ere, Durangoko Azokaren barruan egin zituen ikus-entzunezkoen rallyak aurreko lau urteak. “Bat-batean Lekeitiora etorri ginen, eta jendeak ondo erantzun zuen”.

Sormen zirkuiturako atea

Rallya inoiz baino azkarragoa izango da lehiakideentzat, baina baita antolatzaileentzat eta epaimahaiarentzat ere. Igandean jasoko dituzte lanak, 12:00etan, eta 17:30erako beharrezko muntatze lan guztiak prest izan beharko dituzte, lan guztien emanaldia egiteko. Publikoarekin batera ikusiko ditu lanok epaimahaiak, eta berehala emango dituzte irabazlearen eta finalisten izenak. Irabazleak Laburbira film laburren zirkuituan ateratzeko aukera eskuratuko du. Sari nagusia eskuratzen duenari 1.200 euro emango dizkiote; bigarrenari, 800; eta hirugarrenari, 600. Kameratoiko bi lanik onenak DemaSA lehiaketarako sailkatuko dira, gainera. Euskaltzaleen Topaguneak aurten abiatu duen lehiaketa da DemaSA. Durangoko Azokako Irudienean egingo dute. “Euskal Herrian Kameratoiaren antzeko hainbat rally antolatzen dira. Gure asmoa da azken urtean rally horietan finalista geratu direnen lanak jaso, proiektatu, eta rally guztietako lanik onenen artean onenak aukeratzea”.

Abentura abiatzear da. Ordu gutxiren buruan jasoko dituzte lehiakideek euren lanak osatzeko jarraibideak. Lardizabalek zerbait aurreratu du: “Lekeiotioko ezaugarriak eskatuko ditugu; batzuk, nahikoa abstraktuak. Ez da izango zaila, dibertigarriagoa egiteko modua da. Lokalizazioak eta bizpahiru kontzeptu abstraktu emango dizkiegu. Horrez gain, kamera mugimendu batzuen artean aukeratu beharko dute. Eta gehiago ezin dut aurreratu”. Emaitzak bitxiak izan dira orain arte. “Lan mordoa jasotzen dugu, eta nork bere ikuspegia ematen dio. Estilo askotarikoak sortzen dira, eta hori oso polita da”.