Epaiketaren atarian, indartzen ari da Cabacasentzako justizia eskaria

Epaiketaren atarian, indartzen ari da Cabacasentzako justizia eskaria

Aitziber Laskibar Lizarribar

Sei urte eta erdiren ondoren, hamar egun barru hasiko da Iñigo Cabacas Athleticen zalea hil zuten gertaerei dagokien epaiketa; urriaren 15ean, astelehenarekin. Aurreikuspenen arabera, lau aste iraungo du ahozko saioak, eta, aldaketarik ezean, azaroaren 9an geratuko da auzia epaiaren zain. Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek hil zuen gaztearen heriotzak erantzulerik ba ote duen erabakitzea dagokie epaileei, gorabeheratsuak espero diren saioen ondoren.

Eskaerek agerian uzten dituzte irizpide kontrajarriak: gomazko pilotak buruan jota hil zuen gaztearen familiaren abokatuek launa urteko kartzela zigorra eskatu dute akusatuen aulkian eseriko diren sei ertzainentzat. “Zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa” leporatuta epaituko dituzten ertzainetako hiruk arduraren bat izan zuten 2012ko apirilaren 5 hartako operatiboan. Gainontzeko hirurek, gau hartan tiro egin izana aitortu zuten. Bideoek erakusten dute gehiago izan zirela ertzainen erasoaldi hartan tiro egin zutenak, baina beste inork ez zuen hori aitortu epailearen aurrean, eta ez dituzte akusatuen aulkian eseri araziko.

Akusazioaren kontrara, akusatutako ertzainen defentsek absoluzioa eskatu dute guztientzat. Ez defentsek bakarrik; fiskalak ere akusatu guztiak absolbitzeko proposatu du. Cabacas hil zuten gertaeretan ez du delitu zantzurik ikusi fiskalak. Eta, bere hitzetan, “deliturik gabe ez da delitugilerik”.

Babesak

Adierazpen horiek eta instrukzioak urte guzti hauetan izan duen ibilbidea ikusita, Cabacasen senide eta lagunak ez dira fio. Euren hurkoaren heriotzaren aurrean justiziarik egingo ez den beldur dira, eta mugitzen ari dira justizia eske.

Idazki baten inguruan atxikimenduak biltzen ari dira, batetik. Gomazko balen erabilera zalantzan jarri, eta hausnarketarako oharrak egin dituzte idazkian: “Gure eskubideak babesteko helburua izan behar luketenek urratu zioten bizitzeko eskubidea Iñigori, eta, hil ostean, sakonki ikertu eta erantzukizunak hartu beharrean, ikertu eta salatzen dutenei oztopoak eta salaketak jarri dizkiete, heriotzaren erantzuleak estaltzen jardun izan dira. Ezin dugu onartu gizahilketa hau argitu gabe geratzea”.

Horren aurrean, lau eskaera zehatz egin dituzte, halakorik berriro gerta ez dadin helburutzat hartuta: egia, justizia, kalte ordaina, eta ez errepikatzeko bermea. Dozenaka atxikimendu jaso dituzte dagoeneko; Bizkaiko gizartean ezagunak diren jatorri, izaera eta pentsaera askotako artista, kirolari, irakasle, kazetari, sukaldari eta bestelakoen babesak. Asteburuan jakinarazi zituzten lehen babesleen izenak, eta zerrenda handitzen ari dela azaldu dute.

Gaubela eta mobilizazioak

Epaiketa egunari begira ere jarri dira senide eta lagunak, eta hainbat mobilizazio prestatu dituzte. Ahozko saioa hasi bezperan, datorren asteko igandean, gaubela izango da. 19:00etatik 20:00etara elkarretaratzea egingo dute Albia lorategian, eta gero, astelehen goizeko zortziak arte, gaubela, kandelaz lagunduta; babesa adierazi dutenen ekarpenekin ekitaldia osatuko dute. Hitzaldi eta jardun artistikoz ondutako mobilizazio berezia izango da, eta gaua bertan igaroko dute.

Bilboko epaitegiaren atari aurrera joango dira astelehen goizean, eta elkarretaratzea egingo dute 08:00etatik 12:00etara. Eguerdira arte egongo dira bertan epaiketa hasiko den egunean, senideei herritarren babesa adierazteko eta justizia egin dadila eskatzeko. Helburua argi dute: “Senideak ez sartzea bakarrik epaitegira; herritarrak bertan daudela sentitzea, eta horien babesa irudikatzea”.