Plaiko Zubiak biraka jarrai dezan

Plaiko Zubiak biraka jarrai dezan

Lore Bengoetxea

Beste aukera bat eman zaio Ondarroako Plaiko Zubiari; bigarrena. Leheneratzeko lanak egingo zituen enpresa aukeratzeko lehen deialdiak kale egin ostean, bigarren lizitazioa egin du Bizkaiko Foru Aldundiak; oraingoan, aurrekontua handituta.

Dauzkan ezaugarriengatik, Ondarroako Plaiko Zubia Euskal Kultura Ondareko Zerrenda Orokorrean sartuta dago 2008tik, monumentuen multzoan. Arrazoi horregatik, deialdia bereziki zaindu beharra ikusi du Ondarroako Udalak, eta iritzi berekoa da Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Saila. Horrenbestez, lehengo deialdian baino diru gehiago gorde da lanetarako: 716.000 euro, BEZ eta guzti. Aukeratzen duten enpresak bederatzi hilabete edukiko ditu lanak egiteko.

2015 amaierako azterketek Ondarroako Plaiko Zubia txarto zegoela erakutsi zuten, eta 2016ko abuztuan, egitura mugitu egiten zela jabetuta, oinezkoei zarratu egin zieten. Hortik aurrera, luze joan zaizkie hilak ondarroarrei, batez ere nagusienei, zubia berriro zabalik noiz ikusiko zain.

Bidea errazteko helburuz

1927koa da Ondarroako Plaiko Zubia. Bizkaiko Foru Aldundiak egin zuen, garai hartako Ondarroako alkate Celedonio Arriolaren eskariz. Hiru arrazoi eman zituen udalburuak eskaria egiteko: herrian zegoen udatiarren kolonia nabarmena, hondartzen erakargarritasuna orduko gizartean, eta hondartzaratzeko bitartekoen egoera deitoragarria: batetik, itsasadarra zeharkatzeko potina garestiegia zelako herritar apalentzat, eta, bestetik, herrian bide luzea egin eta gero herri gainean dagoen Arrigorriko bihurgunetik bidezidor malkartsu batetik jaitsi behar zutelako. Zubiari garaian Espainiako Erregea zen Alfontso XIII. aren izena jartzeko eskatu zion udalak aldundiari, haren koroatzearen zilarrezko ezteiak zirela eta.

Zubi birakarien urrezko garaia Aro Garaikidearen garapen teknologikoarekin etorri zen, eta, batez ere, XIX. mendean gauzatu ziren aurrerakuntzekin. Ondarroakoak zubi bular bietan edo ubidearen ertz bietan dauden harroinetan bira egiten zuen. Ondarroakoa modukoxe zubi asko ez daude munduan. Ipar Amerikan bat, Afrikan beste bat eta Europan bi; horietatik bat da Ondarroakoa. Jose Gonzalez de Langarika ingeniariak egin zuen, Bilbon eraikita zegoena eredutzat hartuta. Zubi biak antzekoak izan arren, Bilbokoa eskala handiagokoa zen, oholtzaren zein argiaren aldetik. Bestalde, Bilbokoak indar eragiletzat motor hidraulikoa zuen, eta Ondarroakoak, ostera, motor elektrikoa zuen. 1927tik 1937ra bitartean, zubi birakari bi egon ziren Euskal Herrian. Biak Bizkaian zeuden zaldainak ziren, altzairuzkoak eta zubi saria jasotzen zutenak; bata Bilbon eta bestea Ondarroan. Bilbokoa, ordea, dinamitatu egin zuten 1937an.

Muntaketa

Deustuko Bengoechea tailerrean egin zuten Ondarroakoa, eta ataletan eroan zuten, errepidez, kostako herriraino. Atal guztiak Circulo La Amistad zegoenaren aurrean ipini, eta han armatu zuten. Harroinen gainean muntatu zuten gero, garabi erraldoi batekin.

Emaitza, ia 23 tona altzairuz eta burdinaz egindako eraikina, Ondarroako zaldain birakaria. Zaldainaren ezkerraldean, eskailerak igo eta berehala, harroinaren altueran, egitura zerbait zabaltzen zen tokian, egurrezko etxetxo bat egin zuten zubizainarentzat, zubi saria jaso eta zubiari bira emateko betekizuna zuenarentzat. Denbora bera egiten zuen zubia irekitzen zein ixten: bi minutu maniobra bakoitzean.

1988an, zubizainaren etxetxoari sua eman eta gutxira, zaldain osoa atondu zuten, eskudela aldatu zioten, eta osagai elektrikoak kendu zizkioten. Eskuma aldeko bide berria egin zutenean, hormigoizko hegalkina suntsitu, eta zubiratzeko eskailera egin zen nasa berritik. Zubia 2002an zabaldu zuten azkenengo bider, 75 urte bete zituenean.