Maguette Mbeugouren hilketak icebergaren punta utzi du agerian

Maguette Mbeugouren hilketak icebergaren punta utzi du agerian

Natalia Salazar Orbe

“Nahikoa da”, aldarrikatu dute berriz ere asteon. Garrasi ozenek hartu dituzte Bilboko kaleak hamaikagarren aldiz. Oraingoan, emakume baten hilketa salatzeko. Beste bat. Zazpigarrena aurten Euskal Herrian. Maguette Mbeugou zuen izena. 25 urte zituen, eta bi umeren ama zen. 2 eta 4 urte zituzten, eta hilketaren lekuko izan ziren. Hala jakinarazi du Segurtasun Sailak. Lepoa moztuta aurkitu zuten Mbeugou, eta hainbat zauri zituen gorputzean. Ikerketak aurreratu duenez, 24 ordu egin zituen hilda emakumeak, astearte eguerdian hilotza aurkitu aurretik. Umeek, gainera, etxean eman zituzten ordu horiek guztiak. Hilketarako erabilitako arma zaborrontzi batean aurkitu dute.

Ertzaintzak 38 urteko B. N. atxilotu zuen, gorpua aurkitu eta ordu batzuetara, hilketaren egilea delakoan. Hildakoaren senarra da. Mbeugouk salaketa jarria zuen haren aurka, indarkeria matxistagatik. Bilboko Udaltzaingora jo zuen horretara. Hala ere, ez zeukan inolako babes agindurik. Jardunbide hori kritikatu du afrikarren komunitateak. Hain zuzen, Afrikako emakumeen elkarteko ordezkari Marie Lucia Monshenekek, “inor akusatu gabe”, eskatu du afrikar emakume bat salaketa aurkeztera ausartzen denean kontuan hartzeko. Gogorarazi du “kultura pisuari” aurre egin behar diotela pauso hori emateko, gainera. Bestalde, Terranga Bizkaiko senegaldarren elkarteko presidente Abdoulaye Wadek “babes handiagoa” eskatu du tratu txarrengatik salaketa jartzen duten emakume etorkinentzat. Salaketaren prozesu osoan “bitarteko gehiagoren beharra” aldarrikatu du. Kasuen jarraipena egin beharrari buruz mintzatu da; bereziki, tartean adingabeak daudenetan.

Adierazpenok Bilboko Udalak asteazkenerako deitu zuen bost minutuko elkarretaratze isilaren ostean egin zituzten. Izan ere, gaitzespenak eta protestak elkarren atzetik etorri ziren, jazotakoa ezagutarazi eta berehala. Bilboko Udalak salatu egin zuen hilketa. Ohar bidez, “samina” adierazi zuen. Gogora ekarri zuen Mbeugouren hilketa “genero indarkeriaren adierazpide larriena” izan arren eraso horiek egunero agertzen direla “beste jarrera eta adierazpide askoren bitartez”, eta “horiek guztiak ere salatu eta gaitzetsi beharrekoak” direla.

Bide beretik mintzatu zen Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria ere. Adierazi zuen indarkeria “berdintasunik ezaren adierazpen basatiena” dela, eta herritar guztien inplikazioa eskatu zuen: “Bakoitzak bere alor eta erabakigunetik asko egin dezake emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko berdintasunezko gizartea eraikitzeko”.

Belaunaldi berriekin kezka

Datuak kezkagarriak dira, izan ere; bereziki, belaunaldi berriei erreparatuta. Hezkuntzak eta gizarteak ez dute lortzen indarkeria matxista desagerrarazterik. Are gehiago, urtetik urtera ugarituz doaz emakumeen aurkako erasoak. Hala utzi zuten agerian emakumeen aurkako indarkeriari buruz aldundiak ekainean emandako datuek. Ertzaintzak eta udaltzaingoek osatutako memoriaren arabera, sexu erasoak %27 areagotu ziren iaz. Hain zuzen, 2017an 102 sexu eraso erregistratu zituzten Bizkaian, aurreko urtean baino 22 gehiago.

Emakume adingabeen aurkako delituen areagotzea ere kezkagarria da. Familia girotik kanpo adingabeen aurka gertatzen diren indarkeria kasuak gero eta gehiago dira. Ertzaintzak emandako datuen arabera, 2017an etxeko girotik kanpoko 129 eraso pairatu zituzten emakume adingabeek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; aurreko urtean, 78ren berri izan zuten.

Zenbaki hotz horien guztien atzean hezur-haragizko biktimak daude. Bizkaian, 2016ko erdi aldetik hona indarkeria matxistak hil duen laugarren emakumea da Mbeugou. Iazko irailean Noelia Noemi hil zuen Eneko F. H. senarrak, lepoa moztuta, Sestaon. 32 urte zituen biktimak, eta 38 hiltzaileak. Iazko urtarrilaren 10ean, Portugaleten, Elvira Lopez hil zuten, 92 urtekoa; semea atxilotu zuten. Eta 2016ko irailean, Arantza Palacios hil zuen X. F.C. bikotekideak, Bilbon, itota. 51 urte zituen hildakoak, 49 erasotzaileak.

Erasoen zerrenda

Aurten ere luzatuz doa eraso sexisten zerrenda. Barakaldok gaitzespen protestekin hasi zuen urtea, 2017a bukatzen ari zela pairatutako erasoa salatu zuen-eta adingabe batek. Lau adingabe izan ziren erasotzaileak. Urtarrilean euren burua entregatu zuten, eta adingabeentzako Zumarragako (Gipuzkoa) zentroan sartu zituzten.

Otsailean 43 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, emakume gazte bati eraso egiten saiatu zelako. Bilbon gertatu zen eraso saiakera, San Adrian auzoan. Hilabete geroago, Ermuan beste sexu eraso bat gertatu zen. Urruntze agindua zuen gizonezko bat bikotekide ohiaren etxean sartu zen, eta sexu erasoa egin zion. Atxilotu ondoren, espetxera bidali zuten.

Etengabeak izan dira salaketak. Eta festak ere izan dira erasoen lekuko. Bilboko Aste Nagusian, sexu askatasunaren aurkako lau salaketa jarri zituzten: bederatzi egunean, lau salaketa.

Eta, asteon, Galdakaotik eta Mungiatik iritsi dira salaketak. Herriko jaietako bigarren asteburuan gertatutako bortxaketa salatu du emakume batek, Galdakaon. Mugimendu feministak eman du erasoaren berri, eta udalak, erasoa salatzeaz gain, babesa agertu dio biktimari. Bestalde, Mungian, 47 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak bikotekideari eraso egiteagatik.

Gizartea eta, bereziki, komunitate senegaldarra suminduta utzi ditu Bilboko hilketak. Hainbat eragilek, erakundek eta alderdik gaitzetsi dute gertatutakoa. Mugimendu feministak manifestaziora deitu zuen asteazkenean. Bilboko Udalaz eta Emakundez gain, EH Bilduk, PSE-EEk eta Eudelek ere salatu dute hilketa.