“Gure aukerek onura gehiago dakartzate”

“Gure aukerek onura gehiago dakartzate”

Peru Azpillaga

Bilbo Hegoaldeko Tren Saihesbidearen proiektua aurkeztu eta berehala, Barakaldoko Gorostiza eta Errekatxoko auzokideak antolatzen hasi ziren euren hiriak dituen azken gune berdeak defendatzeko, eta Barakaldo Naturala plataforma sortu zuten. Auzokide horietako bat da Begoña Rodriguez (Santander, Espainia, 1967). Urteetako lanaren ondorioz eta zenbait azterketa tekniko egin ostean, bi alternatiba aurkeztu dituzte plataformakoek. Azaldu dutenez, euren proposamenek plan ofizialak baino onura gehiago dakartza; bai ekologikoak, bai ekonomikoak, baita sozialak ere. Hala, proiektua gelditzeko eta herri galdeketa bat egiteko eskatu dute.

Zer da, zehazki, Bilbo Hegoaldeko Tren Saihesbidea?

Bilboko Portutik Basaurira doazen merkantziei irtenbidea emateko proiektua da. Bi helburu ditu: merkantzia trenak herrietatik ateratzea eta C1 eta C2 lineak soilik bidaiarientzat izatea. Hala, portua, zuzenean, Bilborekin eta AHTaren linearekin lotuko lituzke. Proiektuak trenbide berri bat eraikitzea aurreikusten du, aspaldi eraikitako eta erabilerarik gabe dagoen Serantesko tunela Bilboko Olabeaga auzoarekin lotuz. 454 milioi euroko aurrekontua dute horretarako.

Zer kalte eragingo lituzke?

Trenbide berriak Ortuella, Trapaga eta Barakaldoko hirigunea inguratuko lituzke Gorostizaraino. Handik, ordea, nekazaritza gune guztiak zeharkatuko lituzke Olabeagaraino, bi zubibideren bidez: Gorostizakoa eta Kaxtresanakoa. Eskualdeko azken gune berdeak galdu ez ezik, obrek kalte larriak ere eragingo lituzkete auzoetan: lur mugimenduak eta abar.

Zeintzuk dira zuek aurkeztutako alternatibak?

Guk egungo azpiegiturak lurperatzea proposatu dugu. Alternatiba bakoitza linea bati dagokio: C1 edo C2. Hortaz, egungo lineak merkantziak garraiatzeko egokiak bihurtu ez ezik, hobetu eta modernizatu ere egingo genituzke bidaiarien garraioa eraginkorragoa izateko; bide batez, aspalditik dagoen eskari bat betez.

Zer onura dakartza zuen proposamenak?

Lehenik eta behin, merkeagoak dira. C1 linea hartuz gero, 315 milioi euroko kostua izango luke, eta C2 hartuta, berriz, 424 milioi eurokoa. Bigarren linearekin, baina, Serantesko tunela erabiliko litzateke, haiek euren proiektuaren baliagarritasuna azaltzeko argudio modura erabilitakoa. Horrez gain, lur azpitik joanda, ez litzateke egongo zarata arazorik, espazio asko berreskuratuko genituzke hiria berriro bere onera ekartzeko aukera emanez, eta auzo eta herri askok dituzten muga fisikoak ezabatuko lirateke.

Gainera, lineak modernizatuta, pertsonen garraioa hobetuko litzateke, zenbait geltoki lekuz aldatzeko aukera egongo litzateke garraio publikoa bultzatzeko, gune berdeak mantenduko genituzke, eta, azkenik, egindako inbertsioa azkarrago berreskuratuko genuke.

Zer esan nahi du horrek?

Egunero ikusten dugu zer gertatu den Bilbo hegoaldeko saihesbidearekin. Inbertsio itzela egin ostean, ez du izan aurreikusitako erabilerarik. Tren saihesbidearekin berdin gertatuko balitz eta merkantzia garraioa ez balitz espero bezain joria, gutxienez bidaiariek erabiltzeko moduko linea moderno bat izango genuke, egindako inbertsioa bai ekonomia, bai gizarte eta bai ekologia aldetik berreskuratzea ahalbidetuko lukeena. Hau da, gure aukerek onura gehiago dakartzate.

Zer erantzun eman dute udalak eta Jaurlaritzak?

Isiltasuna eta trabak. Udalarekin elkarlanean aritzeko mahai bat sortu zuten, baina ez dute elkarrizketa aurrera eramateko jarrerarik. Gainera, orain dela gutxi, eta guri ezer esan gabe, beste proposamen bat aurkeztu zuten, Gorostizako zubibidearen ordez Agirtza ibai azpitik tunel faltsu bat egingo zutela esanez. Hala ere, ez dute aurkeztu proiektu hori babesten duen txostenik.

Eta txostenik ez badago…

Proiektuak ez du inolako oinarri teknikorik ez logistikorik; beraz, ez dakigu bideragarria den ala ez. Kaxtresanako zubibidea, gainera, berdin geratuko litzateke. Halaber, Agirtza ibaiko eta Gobelako eskualdea eremu babestua da, hantxe bizi baita desagertzeko arriskuan dagoen arrain hiru-arantza. Hortaz, proiektu berriaren kalteak are larriagoak izan daitezke.

Zer egingo duzue orain?

Batetik, Elkarrekin Podemosen bidez, agerraldia eskatu dugu parlamentuan, eta EH Bilduk eta PSE-EEk euren babesa helarazi digute. Bestetik, orain arte egin bezala, jendea kontzientziatzen eta gure alternatibak zabaltzen jarraituko dugu.

Jendea ez al dago proiektuaren jakinean?

Ezjakintasunarekin estali nahi izan dituzte merkeagoak eta eraginkorragoak diren gure alternatibak. Barakaldoko kultur etxean gure proposamenaren inguruan antolatuta genuen erakusketa galarazi ziguten inolako arrazoirik eman gabe. Baina lanean jarraitzeko prest gaude, bai kalean eta bai udalarekin. Ez dugu gure proposamena inposatu nahi, baizik obrak gelditu, eztabaida sustatu eta herriari zer nahi duen galdetu.