Zentro espezializatuak eskatu ditu Bilboko Harrera Auzoen Sareak

Zentro espezializatuak eskatu ditu Bilboko Harrera Auzoen Sareak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Euren herrietatik ihesi egunero Bilbora heltzen diren errefuxiatu eta migratzaileak hartzeko instituzioek martxan dituzten baliabideak ez dira nahikoa. Argi dute hori Bilboko Harrera Auzoen Sarean biltzen diren herritarrek. Hain zuzen, sarearen existentzia bera da horren frogarik argiena. Lotarako lekurik gabe, kalean geratzen dira dozenaka pertsona, egunero, Bilbon. Egoera hori ikusita ezin zutela beste aldera begiratu sentituta, antolatzen hasi ziren herritarrak. Ekain amaieratik, ehunka pertsonari eman diete lo lekua eta jatekoa Atxurin, Bilbo Zaharrean, Santutxun. Datozen egunotan utziko dute Santutxuko Karmela etorkinek, eta beste harrera auzo batek hartuko du lekukoa. “Baina hori ez da irtenbidea”. Hori argi dute batez ere Afrikatik iristen direnei oinarrizko baliabideak eskaintzeko lanean ari direnek: “Hori instituzioen lana da”.

Instituzioekin bilera

Aurrez aurre esan diete hori Bilboko Udaleko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariei harrera sareko kideek. Aurreko ostiralean bildu ziren udaleko eta aldundiko gizarte zerbitzuetarako teknikariekin eta Jaurlaritzako Lanbide eta Gizarte politiken saileko komunikazio zuzendariarekin. Euren kezka azaldu zieten hiru instituzioetako ordezkariei. Udalak, aldundiak eta Jaurlaritzak martxan dituzten protokolo, plan eta programak ez direla eraginkorrak, ez direla nahikoa eta epe laburrera begirakoak direla esan zieten. Eta orain arte hartu dituzten neurriak zein aurrera begirarako iragarri dituztenak “garbiki eskasak” direla. Ez direla nahikoa egoerari behar bezala erantzuteko.

Harrera Auzoen Sarean biltzen diren herritarrek egunero 150 lagun ingururi harrera egiten dietela ohartarazi dute. Instituzioen baliabideak agortuta, kalean geratzen diren pertsonak artatzen dituztela. Eta ez dela lan erraza azaldu du Jokin Alberdik, Bilboko Harrera Auzoen Sareko kideak: “150 pertsona leku berean izatea eta kudeatzea oso zaila da”. Iluntzean, 20:00etan joaten dira migratzaileak Karmelara. Etorkinek beraiek eta auzokideek prestatutako janaria afaldu, eta herritarrek eramandako esterekin eta mantekin babestuta egiten dute lo, lurrean. Pare bat auzokidek haiekin igarotzen dute gaua, txandaka. Goizean, 08:00etarako husten dute guztiek Karmela.

Kalean igarotzen dute eguna etorkinek. Eta hori ez da batere egokia Alberdiren hitzetan; “mafiek harrapatzeko arriskua dago”. Arreta integrala aldarrikatu du, hargatik. Harrera integrala, eta zentro espezializatuak. Ez zaio horren konplexua iruditzen. Herritarrak boluntarioki egiten ari direna jartzen du horren adibide. Dagoeneko “espezializatzen” ari direla dio. Ohartu direla lotarako lekua eta janaria baino gehiago behar dutela noraezean dabiltzan horiek, eta herritarrak ari direla urratsak egiten bide horretan: boluntario talde batek gaztelera ikasteko ikastaroak ematen dizkie, beste talde batek osasun arreta bermatzeko tramiteak egiten laguntzen die, eta aholkularitza juridikorako talde bat ere badago. Horrez gain, denbora zerekin bete izan dezaten, asteburuetarako ekintzak ere antolatzen ari dira.

Arreta integrala

Alde horretatik, lolekua ematetik harago, arreta integrala eskatu diete instituzioei, eta horri begirako zentro espezializatuak sortzeko. Egunez ere zabalik leudekeen zentroak lirateke, osasun arreta bermatuko luketenak, eta ikastaroak eta beste eskainiko lituzketenak. Gaur egun hiru gau egon daitezke, gehienez, instituzioek egokitutako aterpeetan. Herritarren sareak, sei hilabetera arteko muga jartzeko proposatu du.

Deszentralizazio beharra ere plazaratu du sareak. Instituzioei herriek dituzten baliabideak aztertzeko eskatu diete, migranteei, multzoka, harrera egokia egiteko. Harrera sarea bera ere aukera hori aztertzen ari da.

Instituzioetako ordezkariekin bilera egin ondoren, erantzunaren zain daude harrera taldekoak. Eta, egiten ari diren lana ez dagokiela eurei badakiten arren, instituzioek egiten ez duten bitartean, migratzaileei laguntzen jarraituko dutela ohartarazi dute. Bide horretan, herritarrak egiten ari diren lana ikusarazi eta Bilboko Udalari “dagokion lana egin dezala” eskatzeko, kalejira zaratatsua egingo dute gaur, 19:00etan Ritxi plazatik abiatuta.