“Teknologiaren atzean dauden logikak ikusiko ditugu”

Natalia Salazar Orbe

Teknologia berriei buruzko ikastaroak antolatu dituzte Azkue fundazioak eta Talaios kooperatibak, elkarlanean, euskaraz eta doan. Gorka Julio (Andoain, Gipuzkoa, 1982) izango da irakaslea. Lau ikastaro trinko emango ditu, bakoitza 12 ordukoa, Euskararen Etxean. Izena Azkue fundazioaren webgunean eman behar da, Ikastaro teknologikoak loturan.

Zein asmo dituzte Sartu gurekin teknologiaren ur handitan ikastaroek?

Helburua da teknologia euskaraz normalean egiten ez den moduan lantzea. Asmoa da teknologiaren errora joatea eta horren ikuspuntu sakonagoa izatea, edozein jakintza eremutik abiatuta. Ez da zertan aditu bat izan, baina bai gai honetan sakontzeko interesa izan.

Norentzat dira?

Interesa daukan edonorentzat. Batzuk erabiltzaile arruntentzat dira: sakelako bat denok daukagu. Pribatutasunarekiko ardura edo Interneten zer-nola ibili sakonago jakin nahi duenarentzat dira. Beste batzuk, aldiz, sortzaileagoa den pertsona bati suerta dakizkioke interesgarriago: web teknologiak edo webguneak egiteko orduan atzean dauden tripak edo nola egiten den web sinple bat jakin nahi duenarentzat. Eta beste batzuk aproposak dira talde dinamiketan, elkarteetan, kolektiboetan edota enpresetan dabilen jendearentzat; komunikazioa hobetu nahi dutenentzat. Hezkuntzari lotuta daudenak ere badaude; hezkuntza gehiago ukitzen dutenak. Hala ere, aro digitalean gaudenez, edozeinentzat balio dute denek.

Iragarri duzuenez, oinarrizko gauzak landuko dituzue ikuspuntu kritiko batetik. Zer-nola gorpuztuko da hori?

Beste ikastaro batzuekin alderatuz, erroan sakonduko dugu gehiago. Teknologiaren atzean dauden logikak ikusiko ditugu. Teoria eta praktika uztartuko ditugu, une oro azaldutakoa praktikan jarriz. Bestalde, teknologiekiko irakurketa kritikoa susta dezaketen gaiak ere landuko ditugu. Besteak beste, software librea; pribatutasuna; segurtasuna; sorkuntzari dagokionez, atzean dagoen lengoaiak ezagutzeko aukera; eta komunikazioari begira, kontuan hartuko ditugu dauden tresnak. Esaterako, berehalako mezularitza edota Twitter. Horien alternatibak ere emango ditugu, eta nolabaiteko ikuspuntu kritikoa landuko da, arrazoituz zergatik erabiltzen diren edo nola erabil ditzakegun. Zein beste alternatiba edo egiteko beste era dagoen ere azalduko dugu. Azken batean, aukerak irekitzea da proposatzen duguna. Izan ere, ezezagutza dagoenean edo jendea ahaldunduta ez dagoenean, ematen zaiguna onartzen dugu, eta ez dugu jartzen zalantzan. Gutxienez, zalantzan jartzeko gaitasuna lortu nahi dugu, gero norberak erabaki ahal izateko. Esaterako, sare sozialetan, zein jarrera izan behar dugu? Ikastaroetako batean talde komunikazioko tresnen artean Twitter landuko dugu. Haren dinamikak ezagutuko ditugu gero erabakiak norberak har ditzan. Batek erabaki dezake erabiltzea; beste batek, era zehatz batzuetan egitea; eta beste batek, erabiltzea modu kontzientean, eta, gainera, erabilpen oso aktiboa egitea.

Burujabetza teknologikoa: askatasuna eta pribatutasuna sarean izenburupean datorren astean egingo duzuen lehen ikastaroan, zer landuko duzue?

Helburua da ordenagailu baten tripak aztertzen hastea. Zalantzan jarriko dugu kontzeptua bera ere: zer den prozesadorea, zer memoria…. Sarri asko, gailuak erosten ditugu, baina ez dakigu zergatik. Horrez gain, software librea, pribatutasuna eta ia gure gorputzeko atal bihurtu diren sakelakoak aztertuko ditugu. Horiek ezagutu eta teknologiak gure bizitzetan nola eragiten duen landuko dugu. Baloratu. Eta horien guztien erabilerak sortzen digun jakintza edo ezjakintasuna aztertu. Horretan murgildu nahi dugu gure jakintza teknologikoa. Hori guztia, egunerokotasunetik abiatuta. Ustez dakizkigun baina behar bada ez dakizkigun jakintzetatik.

Bigarrena urrian egingo duzue. Sormena eta web teknologikoak izango ditu ardatz. Zer-nola planteatuko duzue?

Webak asko erabiltzen ditugu, baina bakarrik erabiltzaile bezala. Beldur hori kentzeko, Mozilla fundazioak baditu hainbat tresna, eta horiek baliatuz oso modu errazean sor daiteke web sinple bat, web komiki bat, posta-txartel web interaktibo bat… Alegia, programazioa pixka bat landuta. Asmoa da jendeari erakustea teknologia horiek hor daudela guk erabiltzeko. HTMLa eta bestelako kontzeptu arraroak daude. Era sinple batean azalduta, ikus daiteke zer egiteko aukera ematen duten.

Komunikazio tresnak eta informazio kudeaketa landuko dituzue hirugarrenean. Zer aztertuko duzue?

Komunikazioak duen garrantzia eta interesa bistakoak dira askorentzat. Edozein eremutan: eskolan, talde politiko batean zein enpresan, talde komunikazioa oso beharrezkoa da. Bereziki hiru tresna multzo aztertuko ditugu: posta zerrendak edo buletinak, berehalako mezularitza, eta sare sozialen erabilera. Talde komunikazioaren barruan egon daitezkeen aukerak edota erronkak aztertzea da asmoa.

Azken ikastaroa ere edonorentzat zabalik dagoen arren, bereziki interesgarritzat jo duzue hezkuntzari lotuta daudenentzat.

Aro digitalari lotutako heziketa aztertuko dugu. Hezkuntzari lotutako profil batentzat da gehiago. Europatik datorren gaitasun digitalen marko bat badago, eta hori aztertu eta bakoitzak ikusiko du zein gaitasun izan beharko lituzkeen irakasle bezala, eta ikasleek arlo desberdinetan zein jakintza eskuratu beharko luketen. Praktikan jartzeko ere badago gida bat, bakoitzak ikasteko beharrezko dituen teknologiak. Horren arabera, tresnen mapa antzeko bat egingo dugu. Horietako batzuk erabiltzen ikasi eta errotzea da ikastaro honen asmoa. Hori dena bizi osorako trebakuntza plan batean kokatuta.

Zergatik da garrantzitsua teknologia berrien arloan trebatzea?

Egunero presente ditugulako. Gure bizitzari erabat lotuta daude, eta ahalduntzea garrantzitsua da. Behintzat, gai izatea bereizteko norbera murgilduko den inguruneetan zein teknologia erabil daitekeen, horren zentzua ikusi, zertarako den baliagarria eta zertarako ez, eta horretaz jabetzea. Hori da erronka. Horrez gain, ikastaroak euskaraz egingo dira. Gutxi izan ohi dira gai hauen inguruan antolatzen diren ikastaroak, eta euskaraz ez dira egiten. Garrantzitsua da euskarari era honetako ezagutzak ere lotzea.