Oztopoen eta bihurguneen bizikleta zirkuitua ireki dute Etxebarrin

Oztopoen eta bihurguneen bizikleta zirkuitua ireki dute Etxebarrin

Natalia Salazar Orbe

Pump track eta cross country. Atzerriko bi kontzeptu horiek ezagun bihurtzen hasiak dira etxebarritarren artean. Bereziki, kirola eta abentura uztartzea gustuko dutenen artean. Oztopoz, bihurgunez eta sakangunez betetako bi zirkuitu zabaldu dituzte Etxebarrin: bata, bizikletentzako prestatuta dago, eta, bestea, bizikletan, skatean edo patinetan ibiltzeko.

Bekoloso parkean egokitu dituzte aisialdira begirako bi eremuok, guztira 900 metro karratu inguruko eremuan. Pump track zirkuitua itxia da. Ibilbideari dagokionez, 170 metro luze da. Bertan, 30 erabiltzaile ari daitezke aldi berean bizikleta, skate edo patinak hartuta euren abileziak eta trebezia neurtzen.

Cross country zirkuitua mendiko bizikletentzako dago pentsatuta, bereziki. Oztopo natural eta artifizialak saihestea eta horiei aurre egitea izango du egitekoa erabiltzaileak. Beste pista hori 500 metro inguru luze da, eta 60 eta 100 gidari edo txirrindulari artean har ditzake, aldi berean. Bekosolo parkean eraiki gabe geratu den eremua aprobetxatuta atondu dute zirkuitu hori.

Etxebarrin bada bizikletan ibiltzeko ohitura. Hain zuzen, Basahuntzak Kirol Elkarteak bizikleta eskola bat du. Bertako kideek lehentasuna izango dute pistok erabiltzeko, euren jarduerak gauzatu ohi dituzten ordutegietan. Klubak erabiltzen duen ordutegitik kanpo, ostera, edonorentzat zabalik daude.

Txikiak, lagunduta

Zirkuituak erabiltzeko gutxieneko adin mugarik finkatu ez badute ere, udalak erabaki du heldu batek lagunduta joan beharko dutela 12 urtetik beherakoek. Horrez gain, nahitaezkoa da kaskoa eta eskularruak erabiltzea. Eta belaunetako eta ukondoetako babesak erabiltzeko gomendioa ere egin dute.

Suitzan eta AEBetan dira ezagunagoak eta ohikoagoak pump track zirkuituak. Era guztietako erabiltzaileek gozatzeko moduko aukera eskaintzen dute. Trebatuta ez daudenek posible dute, besterik gabe, bideari jarraitzea, lasai asko. Zirkuitua ezagutu eta abilezia garatu dutenei dagokienez, oztopoak aurreikusteko aukera izango dute. Hala, modu jostagarriagoan aritu ahalko dira, saltoak egin, abiadura handia baliatu edota bira itxiagoak eginez. Trebatu ahala, gero eta jardun ikusgarriagoa eskaini ahal izango dute bizikleta zaleek. Helburua da apurka zirkuitua bukatu ahal izatea pedalei eragin gabe, aldapek emandako abiadura baliatuz eta oztopoetan berau gorde edo areagotzeko teknikak menderatu eta garatuz.

Herritarren aisialdirako eraiki dituzten zirkuitu horiek ez ezik, boleibol eta eskubaloi kantxak ere egin dituzte Bekosolo parkean bertan. Skate pista eta aire zabaleko gimnasioa ere badaude bertan. Hala ere, behin-behineko azpiegiturak dira. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren lurretan daude, eta lursail hori etorkizunean eskola publikoak izan ditzakeen beharrizanak asetzeko erabiliko dute. Epe ertainean ez dute aurreikusi lurrok erabiltzeko beharrik. Ordura arte gozatu ahalko dituzte etxebarritarrek.