Hiriaren barrunbeetan barrena

Hiriaren barrunbeetan barrena

Natalia Salazar Orbe

Hiri iluna eta kez betea. Burdina goriaren lurrunak astun bilakatutako airea sudur zuloetan barrena. Arnasa hartu guran. Kaleak zikin. Halakoak ziren Bilbo eta Barakaldo industrializazio garaian. Itsasadarraren inguruan eratu zen industrializazio horren motor hura. Batean zein bestean. XIX. mendean mineralentzako 23 kargaleku ere izan ziren Barakaldoko itsasadarrean. Itsasadar hori bera Bilbo eta haren inguruak egituratzen zituen elementua zen. Eraldaketa askoren lekuko ere izan da. Eta horiek guztiek ekarri dute bi hiriak zerbitzuek hartutako espazio bilakatzea. Itsasadarra eta Bilboko eta Barakaldoko etxebizitza sozialak izango ditu aurten ardatz Open House Bilbo jaialdiak. Etxebizitza sozialaren bilakaera historikoa, tipologiari dagokion bilakaera eta bizitzeko modu desberdinak dira hausnarketarako baliatu nahi dituzten alorretako batzuk. Horretarako, herritarrentzako itxita egon ohi diren edo ezezagunak diren espazioak irekiko dituzte bihar eta etzi. Hiriaren historia hobeto ezagutu eta ulertzeko aukera eskainiko dute, arkitekturaren eta hirigintzaren alorretatik aztertuta.

Arkitekturaz harago doan jaialdia da, beraz, Open House. Bilbo eta Barakaldo Iberdrola dorretik edo BECetik begiratuta ikusteko aukera eskainiko badu ere, bizitokia, lanerako lekua zein bisitarako soilik aukeratutako hiriaren zein herriaren bestelako irudi osatua eskainiko du. Besteak beste, Deustuko sifoitik itsasadarra azpitik gurutzatzeko aukera izango da. Bost solairu sakon eraikitako galeriak itsasadarraren bi ertzak lotzen ditu: Deustuko Unibertsitatea eta Arte Ederren Museoa, hain zuzen ere. Bizkaiko saneamendu sarearen lurpeko azpiegiturarik ikusgarrienetako bat ere bada. 460 metro luze den galerian murgilduko dira bisita horretan parte hartzen dutenak.

Elizak, museoak, geltokiak, lantegi ohiak, ikastetxeak zein kirol instalazioak. Iragana eta oraina hobeto ulertzen laguntzeko asmoz, ateak zabalduko dituzte era horretako eta bestelako eraikinek ere. Barakaldon, esaterako, Larrea jauregia dago ikusgai. Bandoen arteko borroka odoltsuen egoitza izan ziren dorretxeak izaera horri eusteko arrazoirik gabe geratu ziren borroka horiek bukatu zirenean. Asko eta asko erabat utzita geratu ziren; beste batzuk, baserri bihurtu ziren; eta Larrea bezalako gutxi batzuk, jauregi bilakatu zituzten. Gaur egun jatetxea da Larrea jauregia. Haren hormak zeharkatzen dituztenek historian atzera egingo dute, bandoen arteko norgehiagoketatik abiatu eta gaur egungo egoerara iritsi bitarteko bidea eginez. Iragana ezagututa geroa nola sortu den ulertuz.

Denera, 67 eraikinen ateak zabalduko dituzte aurten. Iaz, Bilbon bakarrik egin zuten eskaintza, eta 35.000 bisita baino gehiago izan zituzten.

Seinaleak eraikinetan

Jaialdian parte hartuko duten eraikin guztiek seinale bat izango dute kanpoan, eta boluntarioak hantxe izango dira bisitarien zain; informazioa emango diete bisitariei, eta ilarak kontrolatuko dituzte, eraikinak behar bezala erakutsi ahal izateko.

Eraikin bakoitzean, ordu erdi inguruko ibilbide gidatuak egingo dituzte. Bisitaldi bakoitzeko 25 lagun inguruko taldeak eratuko dituzte. Batzuk eta besteak bisitatzeko orduak eraikin bakoitzak dituen aukeren arabera antolatuko dituzte. Jaialdiari buruzko gidaliburuan zein webgunean kontsulta daitezke orduok.

Bisita horiek egiteko, ez da beharrezkoa aurretik izena ematea. Antolatu dituzten bestelako jarduera osagarrietan parte hartzeko, ordea, bai. Sei jarduera osagarri eskainiko ditu jaialdiak: Open Itsasadarra, Open Txiki, Etxebizitza Sozialari buruzko Ibilbide Tematikoak, Open Galindo, Opengram eta Open House Pasaportea.

Open Itsasadarra jardueran parte hartzen dutenek Bilboko Itsas Museoaren eta Barakaldoko Galindoko ontziralekuaren arteko bidea ontziz egin ahalko dute. Bilboko eta haren inguruetako arteria nagusia izan dena ardatz duela agerikoa izango da, beraz, jaialdiko jardueratan. Bilbok historian zehar izan dituen aldaketen lekuko izanak ere eraman du Open House Bilboko protagonista izatera. Open Itsasadarra jardueraren bidez, hiri biak lotu nahi ditu jaialdiak. Era horretan, agerian utziko dute nola hazi eta eraldatu diren itsasadarraren bi ertzak. Iazko jaialdiak eraldaketa hori izan zuen protagonista.

Open Txiki jardueraren bidez, umeentzako arkitektura tailerrak antolatuko dituzte. Etxeko txikienek arkitektura eta hiria bera beste ikuspuntu batetik esperimentatu, hauteman eta deskribatzeko aukera izango dute. Antolatzaileek uste dute era horretan ingurunearekiko interesa piztuko zaiela haurrei.

Etxebizitza Sozialari buruzko Ibilbide Tematikoen barruan Bilboko eta Barakaldoko etxebizitza sozialen arkitekturari buruzko hiru ibilbide eskainiko dituzte. Arkitektoek eta profesional adituek gidatutako saioak izango dira. Hiriko etxebizitzak zer-nolakoak diren erakutsiko dute ibilbide horietan. Baita zer-nolako bilakaera izan duten historian zehar eta zein den Bilbon eta Barakaldon etxebizitza publiko eta sozialaren ondarearen aberastasuna ere.

Open Galindok barruko araztegia barrutik ezagutzeko aukera emango du. Udan hondakin urek utzi dituzten polemiken ostean, jaialdirako ateak zabalduko ditu egunean 35.000 litro ur arazten dituen zerbitzuak.

Bisita eta tailer horiek lehiaketekin eta pizgarriekin uztartu ditu Open Housek. Esaterako, Opengram atalean, argazki lehiaketa antolatu dute. Open House Bilboren izpiritua hoberen irudikatzen duen argazkia sarituko dute.

Bestalde, Open House pasaporteak eraikinetako bisitak sustatzeko balioko du. Hain zuzen, egindako bisita bakoitzean puntuak eskuratuko dituzte bisitariek. Puntu horiek Zazpikaleetako dendetan erabili ahalko dituzten deskontuekin trukatzeko aukera izango dute. Pasaporte horiek eskuragarri izango dira Open Houseko informazio guneetan. Pasaportea eta planoa doan emango dituzte. Gidaliburuak nahi dituenak, berriz, euro bat ordaindu beharko du.