Tradizioaren oinatzei segika

Tradizioaren oinatzei segika

Peru Azpillaga

Sua piztu da Gorbeiaren tontorrean, eta adarraren soinuak durundi egin du bailaran. Ostera, egoera errepikatu egin da Kolitzan, eta baita Oizen ere; adarraren deiadarra lau haizeetara zabaldu da, Bizkaiko lurraldean zehar. Hori ikusi eta berehala, argia piztu da Ganekogorta eta Sollubeko tontorretan, eta durundak bizkaitar guztien belarriak hartu ditu; hurrengo ilargi aldaketan, Batzar Nagusiak izango dira.

Halaxe egiten zuten XV. eta XVI. mendeetan Bizkaiko Jaurerriko Batzar Nagusietarako deialdia, eta geroztik bost mendi horiei deiadar mendiak deitu zaie. Asteburu honetan, ehun bat lagunek korrika lotuko dituzte bost mendiak Deiadar Xtreme lasterketaren bidez; bi egun baino gehiago emango dituzte korrika, guztira 200 kilometroko ibilbide gorabeheratsua osatuko. Lehenengo edizioa izango da aurten, eta aurrerantzean bi urtean behin egitea da antolatzaileen asmoa.

XVII. mendean desagertu zen deiadar mendien tradizioa, deia ermitetako kanpaien bidez egiten hasi zelako. 2004an, ordea, Bizkaiko Batzar Nagusiak berrezarri zireneko 25. urteurrena ospatzeko, aldundiak tradizioa berreskuratzea erabaki zuen. Geroztik, urtero oroitzapen martxa bat antolatu dute deiadar mendietako batera, bertan deialdia antzezteko. Hala, adarraren deiadarra urtero itzuli da tradizioz jositako Bizkaiko bost mendietako bakoitzera.

Tradizioak bultzatuta, Trail Sport 52 mendi klubeko lagun batzuei deiadar mendi guztiak lotuko zituen lasterketa antolatzea otu zitzaien. Jakinda mendi lasterketek egun zer arrakasta duten, konturatu ziren Bizkaian ez zegoela mota horretako lehiaketa luzerik, eta, horrenbestez, Deiadar Xtreme sortzea erabaki zuten. Gernika-Lumoko batzar etxetik abiatuko da lasterketa, arbolaren oinetatik, eta beste bi batzar etxeak ere bisitatuko ditu bost deiadar mendietara bidean: Gerediagakoa eta Avellanedakoa. Horrez gain, bi parke natural, biosfera erreserba bat, hamar mendilerro, 27 gailur eta 32 udalerri ere zeharkatu beharko dituzte korrikalariek.

Deiadar mendiak ez ziren kasualitatez hautatu, eta lurralde osoan estrategikoki banatuta daude. Bizkai osoa hartzen duen mendi-gerrikoa osatzen dute, eta esaten da deiadar mendi bakoitzaren tontorretik beste laurak ikusten direla. Gainera, bakoitza Jaurerriko Merindade batekoa zen, eta egun ere eskualde desberdinetakoak dira denak: Kolitza (883 metro) Enkarterrikoa, Ganekogorta (999) Bilbo Handikoa, Gorbeia (1.482) Arratia-Nerbioi eskualdekoa, Oiz (1.026) Durangaldea eta Lea-Artibaikoa eta Sollube (684) Uribe eta Busturialdea eskualdekoa, hain zuzen ere. Hala, tradizioaren oinatzei jarraituz, Deiadar Xtreme mendi lasterketak Bizkaia osoa zeharkatuko du, eta lurraldearen paisaia askotarikoen eredu argia bilakatuko da.

Ibilbide bat baino gehiago

Dena dela, 200 kilometroko ultratraila pertsona gutxi batzuen eskura dagoen ibilbidea da. Horregatik, antolatzaileek beste bi ibilbide motzago antolatu dituzte: 105 kilometroko Deiadar Ultra lasterketa, deiadar mendietako bi zeharkatuko dituena Sollube eta Oiz, eta baita 45 kilometroko Deiadar Maratoia ere, Sollubera joan-etorria egingo duena. Ibilbide guztiak zirkularrak izango dira, eta Gernikan izango dituzte irteera eta helmuga.

Datu teknikoei dagokienez, Deiadar Xtreme lasterketako ibilbideak 22.000 metroko desnibel metatua izango du, hamasei hornidura postu eta atsedenerako bi gune. Gaur bertan abiatuko da, 10:00etan, eta lasterkariek 56 ordu izango dituzte gehienez ibilbide osoa egiteko. Deiadar Ultra lasterketa ere gaur abiatuko da, baina 24:00etan; ibilbideak 10.400 metroko desnibel metatua du, eta 9 hornidura postu eta atsedenerako gune bat izango ditu. Korrikalariek 25 ordu izango dituzte lasterketa osatzeko. Azkenik, Deiadar Maratoia igandean abiatuko da, 09:00etan. Ibilbideak sei hornidura postu izango ditu, eta parte hartzaileek bederatzi orduan egin beharko dute.

Horrez gain, bost martxa antolatu dituzte deiadar mendi bakoitzaren gailurrera. Martxak lasterketaren burua baino lehen helduko dira tontorretara, eta lehiakideak animatzea izango dute helburu. Hori dela eta, bi martxa gauez izango dira. Giroa sortzeko, adarrak ere joko dituzte, urteroko mendi martxan egiten den bezala. Gaur goizean igoko dira Sollubera, arratsaldez Kolitzara eta larunbat arratsaldean Oizera. Ganekogorta eta Gorbeia mendiak, berriz, gauez igoko dituzte.